Mikel Laboa gertutik: musika-instalazioa

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Ganbara Aretoan

2013ko urriaren 15etik azaroaren 23ra.

16:00-20:00, astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbatetan

 

 

AURKEZPENA

Katedra sortu ondorengo lehenengo ekitaldi publikoan, Laboaren ingurukoen testigantza artistikoa jaso eta hedatu nahi genuke. Laboa musikagile herrikoia izan zen, baina haren ekimen artistikoa musikaren mugak gainditu eta euskaldunen hainbat belaunaldiren memorian iltzatu da, emozio bakan eta sentimendu kolektiboen adierazpen gisa.

Prestatu dugun egitarauaren zati garrantzitsu bat eskaintzen diogu Laboaren musika entzuteari. Espazio propio bat sortu dugu horretarako, espazio xume batean irudikatu nahi izan dugu haren presentzia: hustutako oholtza bat, bere ahotsa, ez beste ezer asko.

Musika instalazio honetan, bere ibilbidean jorratu zuen esperimentazio estetikoa azpimarratu nahi izan dugu. Bere ahotsaz baliatu zen unibertso propioaren adierazpena azaltzeko, jolas fonetiko aberats baten bidez. Umorea eta ironia tartekatzen ziren bizitzaren garraztasuna eta edertasunaren adierazpenarekin batera, etenik gabeko joko batean.

Esperimentazioaren kontzeptuari lotuta, Mikelen ahotsaz gozatzeko aukera desberdinak eskaini nahi ditugu instalazioan: esperientzia plastikoak, bere lagun eta lankideak sortu zituen diskoen portadak inguratuko dute espazioa, esperientzia berriei lekua eginez.

Horren isla ekarri nahi dugu instalaziora eta Mikelen ahotsarekin esperientzia pertsonal bat sortu.

Musika instalazio bat sortu dugu, espazio bildu batean gauzatzeko prestatua. Isiltasunaren intimitatea proposatzen dugu abiapuntu gisa, bertan Mikel Laboaren kantuak eta haren irudiaz gozatzeko, bai bakarka bai talde txikietan. Musika entzungo da bakarrik ondoren aipatuko dudan mekanismoa martxan jartzen denean.

 

 

ESPAZIO BAT IRUDIKATU

Eszena-toki bat irudikatu dugu horretarako, xumea, txikia, lau argi eta aulki huts bat. Espazio horren mugan musika jostailu bat kokaturik doa; honen bitartez Laboaren ahotsa entzutearekin batera hainbat irudi ikusi ahal izango dira parte-hartzaileren batek teklatu baten teklak jotzearekin batera.

 

ENTZUTEKO JOSTAILU BAT SORTU

Jostailu hau teklatu bat, ordenagailu bat eta bozgorailu batzuen artean egin dugu, eta proiektore batekin konektatua doa. Irudia "eszena-tokian" jarrita dagoen pantaila batean ikusi ahal izango da eta bertako bozgorailuek errepikatuko digute Laboaren ahotsa, konektatzen dugun bakoitzean.

 

LABOAREN KANTUAK ENTZUN

Erakusketa aretoan, hiru atril txiki izango dira eta horietan 3 iPad. Horietan ikusi ahal izango da instalazio honetarako prestatzen ari garen film berezi bat. iPad bakoitzak bere irudiak eta kantuak izango ditu. Film honetan Laboaren kantuak osorik entzun ahal izango dira eta, zenbaitetan kantuak ilustratzeko irudi propioak edota lehendik erabilitakoaz baliatuko gara. Honela lehendik grabaturik dauden "Komunikazioak inkomunikazioak" ikusi ahal izango dugu edota "Gernikaren" pasarte batzuk. Hainbat kantutarako ilustratzaileen bertsioak erabiliko ditugu eta beste hainbatetarako argazkiak erabiliko ditugu.

iPadetan bi pertsonek kantuak entzun ahal izango dituzte aldi berean, horretarako bi aurikular joko jarriko zaizkie bakoitzari.

 

ERAKUSKETA TXIKI BAT

Hormetan iltzaturik Jose Luis Zumetaren irudiak izango dira; Laboaren diskoetako azalak, hain zuzen ere. Gainera, hiru testu ere izango dira, Laboaren profila ezagutzera emango dutenak.

 

SOINU ESKULTURAK

Instalazioa esperientzia informatiko batez osatzen da. Mikel Laboaren ahotsak sortzen dituen uhinak erabili dituzte bi artistek, haren ahotsak sortzen dituen uhinak proiektatzeko. Irudi hori 3Dko inpresora baten bidez, objektu bilakatzen da, uhinaren araberako forma desberdinak eskainiz. Xilo-robotika izeneko teknikaz gozatu ahal izango dugu, soinu eskulturak ikusi ahal ditugun bitartean.

 

TALDE TEKNIKOA

Ideia, gidoia eta koordinazioa: Itziar Zubizarreta.

Espazioa: Itsaso Azkarate eta Karlos Odriozola.

Musika-jostailua: Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena eta Itziar Zubizarreta.

Filmaren errealizazioa: Carlos Rodríguez.

Ilustrazioak: Antton Olariaga eta Begoña Durruty.

Argazkiak: Itsaso Azkarate.

Soinu eskulturak: Jaime de los Ríos eta Iñaki Rifaterra