Mikel Laboa Katedraren deialdia (2017)
katedraren ikergaietakoren bati buruzko
ikerketa-lan monografikoen eta
master-amaierako lanen proiektuak sustatzeko

Deialdia PDF formatuan | Eskari-orria

DEIALDIAREN XEDEA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker sorturiko Mikel Laboa Katedraren helburu nagusia da euskal arteari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea.

Gainera, Katedraren zereginen artean honako hau agertzen da: Euskal arteak eta folkloreak izan dituzten agerraldien azterketa, ikerketa eta gizarte-hedakuntzarekin loturiko jarduera mota oro sustatzea, bultzatzea eta zabaltzea. Hitzarmenean gaineratzen da musika, dantza eta bertsolaritzari arreta berezia eskainiko zaiola; Mikel Laboa eta beraren lanaren izaera berritzailea izango dira Katedraren inspirazio-iturri, eta Mikel Laboaren beraren obra aztertzea bultzatuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak adosturiko egitasmoan esaten da euskal artea eta folklorea, musika, dantza eta bertsolaritzako gaiak ikertzeko diru-laguntzak emango direla.

Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hain zuzen bide horretan laguntzea eta, unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, Mikel Laboa Katedraren ikergaiak sustatzea da deialdi honen helburua. Lehenengo urratsen garrantziaz oharturik, hain juxtu ikerlan-proiektuen kalitatea ebaluatu eta sarituko da deialdi honetan, sinesten dugulako unibertsitate-irakasle batek bermaturiko proiektuak kalitate ona duenean ikertzaile hasiberriaren oinarriak sendoak izango direla.

Deialdi honetan, master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin, horien ikergai nagusia bertsolaritza bada, nahi den jakintza-alorretik ikertua. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, deialdi publikoa argitaratzea euskal artea eta folklorea, musika, dantza eta bertsolaritzaren inguruko master-amaierako lanen proiektuak nahiz ikerketa-lan monografikoen proiektuak egiteko hiru diru-laguntza esleitzeko.

2017ko deialdian, honako ikerketa-lerro hauetako batekin erlazionaturiko gaiak hautatu ahal izango dira:

  • Euskal artea eta folklorea (bereziki musika, dantza eta bertsolaritza).
  • Euskal artearen eta folklorearen agerpenak.
  • Euskal artisten obra (bereziki Mikel Laboarena).

PROZEDURA

  • 2017an 2000 euroko hiru diru-laguntza esleituko dira.
  • Diru-laguntza eskatzeko, ezinbestekoa da titulatua izatea unibertsitate-ikasketetan (baldintza hori egiaztatu beharko da diru-laguntza kobratzeko unean, 2017ko azaroan).
  • Ezin izango dira aurkeztu lanaldi osoko soldatapeko enplegua duten langileak.
  • UPV/EHUko graduondoko ikasketetako ikasleek aurkezturiko master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira.
  • Mikel Laboa Katedraren ikergaietako hiru aditu doktorez osaturiko hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkezturiko curriculumak eta ikerketa-proiektuak. Baremoak zehaztu ondoren, puntu gehien duenetik gutxienekora doan zerrenda egingo du. Puntuazio altuenak lortu eta diru-laguntza eskuratzea merezi duten hautagaien izenak proposatuko dizkio Mikel Laboa Katedraren zuzendariari, bai eta horren ordezkoen izenak, uko egiteak edo beste edozein gertaera konpontzeko. Batzordeak gurako guztiei edo batzuei elkarrizketa pertsonalak egitera dei egin ahal izango die. Batzordeak laguntzak eskuratu nahi dituzten eskatzaileen soslaiei eta proiektuei egoki iritziko ez balie, 2017an diru-laguntzak (edo horietakoren bat) ez ematea proposa lezake.
  • Ordainketa 30 eguneko epearen barruan egingo da, erabakia argitaratu ondoren.
  • Proiektuaren arabera eginiko ikerketa-lana 2018ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko da eta batzorde zientifiko batek ontzat eman beharko du.

ESKARIAK

  • Eskariak MIKEL LABOA KATEDRAREN ZUZENDARIARI bidaliko zaizkio, Katedraren egoitzara (Mikel Laboa Katedra. Carlos Santamaria Zentroa, B2 bulegoa. UPV/EHUren Gipuzkoako Campusa. 20018 Donostia).
  • Deialdi honekin batera doan eskari-orria betez aurkeztuko dira UPV/EHUren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (Erregistro Orokorraren bulegoen zerrenda 2007ko maiatzaren 28ko UPV/EHUren Ebazpenaren bidez argitaratu da 2007ko abuztuaren 3ko EHAAn) (https://www.ehu.eus/erregistroko_bulegoak.html); Herri Administrazioen Araubide Juridikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legeko 38.4 artikuluaren arabera ere aurkez daitezke.
  • Eskariak aurkezteko epea: 2017ko urriaren 15era arte.
  • Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
    • a) NANaren fotokopia.
    • b) Deialdi honekin batera doan eskaera-inprimakia.
    • c) Eskatzailearen CVa.
    • d) Espediente akademikoaren kopia.
    • e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako lan-bizitzaren txosten eguneratua.
    • f) Matrikularen frogagiria, UPV/EHUko graduondoko ikasketetan matrikulaturik izanez gero.
    • g) Ikerketa-proiektuaren eskema eta laburpena: ezinbestean agertu behar dira helburuak, esparru teorikoa, aurrekariak eta metodologia (1500-5000 hitz).
    • h) Proiektuak Mikel Laboa Katedraren helburuekin duen loturari buruzko azalpena (gehienez 300 hitz).
    • i) Unibertsitate-irakasle doktore baten berme-txostena, ikerketa-lanaren zuzendari izango dela esanez.
  • Dokumentu horiek paperean aurkezteaz gain, gidor.bilbao@ehu.eus helbidera bidaliko dira dokumentu hauen artxibo elektronikoak:
    • Eskari-inprimakia, behar bezala beteta.
    • Ikerketa-proiektuaren eskema eta laburpena.
    • Proiektuak Mikel Laboa Katedraren helburuekin duen loturari buruzko azalpena.

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

Proposamenak honako irizpide hauei jarraituz ebaluatuko dira:

  • Proiektuaren helburuak eta interesa: gehienez 3 puntu.
  • Proiektuaren ebaluazio orokorra (esparru teorikoa, aurrekariak eta metodologia): gehienez 3 puntu.
  • Proiektuaren garapen-maila: gehienez 2 puntu.
  • Proiektuaren bideragarritasuna: gehienez 2 puntu.
  • Proiektuaren egokitasuna Mikel Laboa Katedraren helburuetarako: gehienez 4 puntu.
  • Eskatzailearen CVa eta espediente akademikoa: gehienez 5 puntu.
  • Euskarazko proiektuak lehenestea: gehienez 2 puntu.
  • Gutxi landutako ikerketa-lerroak lehenestea: gehienez 1 puntu.
  • Euskal musika eta euskal dantzari buruzko proiektuak lehenestea: gehienez 1 puntu.
  • Mikel Laboari eta Mikel Laboaren obrari buruzko proiektuak lehenestea: gehienez 1 puntu.
  • Master amaierako lana izatea: gehienez 1 puntu.

DATAK ETA INFORMAZIOA

  • Eskariak aurkezteko epea: 2017ko urriaren 15era arte.
  • Hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda argitaratzeko eguna: 2017ko azaroaren 15a, beranduenik.
  • Ordainketa: 2017ko azaroaren 15a, beranduenik.
  • Proiektuaren araberako ikerketa-lana eginda entregatzeko epea: 2018ko irailaren 30a, beranduenik.
  • Mikel Laboa Katedraren atarian argitaratuko da deialdiari buruzko informazioa eta deialdiaren urratsen berri: https://www.ehu.eus/laboakatedra
  • Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara zuzenduko dira: gidor.bilbao@ehu.eus