Europa eta Mundu Atlantikoa: Boterea, Kultura eta Gizartea Unibertsitate Masterra

Nazioarteko unibertsitate artekoa

Aurkezpena

"Europa eta Mundu Atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea" Unibertsitate arteko Masterra Europako Unibertsitate Eremuaren garapenerako jarraibideen arabera sortutako titulu ofizial bat da; zehazki, UPV/EHUk, Valladolideko Unibertsitateko Simancas Historia Institutuak eta Nanteseko Unibertsitateak (Frantzia) batera eskaintzen dutena. Master honek goi mailako prestakuntza espezializatua eta diziplina anitzekoa ematen du, Historiaren irakaskuntza eta ikerkuntzara bideratuta; bereziki, ikerkuntza jardunera, doktoregoko ikasketen aurreko urrats gisa. Historia, Artearen Historia, Giza Zientziak eta antzeko ikasketen lizentziatura edo graduko tituluen bidez sar daiteke masterrera.

Masterraren programak izaera metodologiko eta instrumentaleko nahitaezko irakasgaiak ditu, berberak masterraren hiru egoitzetan, eta hautazko irakasgaiak, aukera ematen diotenak ikasleari bere ikasketak arlo edo gai askotarikoetarantz bideratzeko (Erdi Aroko Historia eta Arkeologia, Aro Berriaren Historia, Amerikaren Historia, Historia soziala eta mentalitateen historia, Historia Ekonomikoa, Artearen Historia, etab.). Programak etekina ateratzen die masterreko irakasleak partaide dituzten ikertaldeen jarduera zientifikoei, eta bereziki azpimarratzen ditu Europako gizarteen gune fisiko eta humanoen eraketa eta garapena, eta behe Erdi Aroko mendeetatik Aro Garaikidearen hasierara arte Mundu Atlantikoan gertatzen diren kultura trukeak eta transferentziak.

Kualifikazio-maila

Titulu honek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. maila du aitorturik; maila hori Kualifikazioen Europako Esparruko (EQF) 7. mailaren parekoa da, urtarrilaren 23ko 22/2015 Errege Dekretuak jasotzen duenez (BOE 2015/02/07).

Master hau ikerkuntza jardunera dago bideratuta, doktorego ikasketen aurreko urrats gisa