Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegia

III. Kapitulua. Irakaskuntza eta kalifikazioak

Unibertsitateko masterren gestiorako arautegia

19. artikulua.- Ebaluazioa eta kalifikazio sistema.

1.- Ikasketa planeko gaietan ikasleak bereganatutako ikasketa maila kalifikatzeko, zenbakiak erabiliko dira (0tik eta 10era artekoak), hamartar bakarrarekin. Zenbakiez gain, letraz ere adierazi ahal izango dira kalifikazioak, modu honetara:

  • a) 0,0 eta 4,9 artean: suspentso (S)
  • b) 5,0 eta 6,9 artean: nahikoa (N)
  • c) 7,0 eta 8,9 artean: oso ongi (O)
  • d) 9,0 eta 10 artean: bikain (B)

Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Horretarako, irakasgai bateko ikasle guztiak akta bakarrean daudela ulertuko da, kontuan hartu gabe zenbat talde dauden.

Irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak masterren justifikazio memorian azaltzen direnak izango dira, hau da, masterra egiaztatzeko onartu zirenak.

2.- Irakasgaien aktetan adieraziko diren kalifikazioak irakasle arduradun batek sinatu beharko ditu, nahitaez. Aktek ezin izango dute ez zirriborrorik ez zuzenketarik izan. Halakorik izanez gero, diligentziak egin beharko dira, lehen aipaturiko pertsonek beren‑beregi sinatuak.

3.- Kalifikazioak argitaratuko dira unibertsitateak horretarako jarriko duen aplikazioaren bidez eta master ofizial bakoitzak adierazitako tokian, eta agerian izan beharko dute zein egunetan argitaratu diren, arautegi honetako 20. artikuluan aipatutako epeak zenbatzeari begira.

20. artikulua.- Kalifikazioen berrikuspena eta erreklamazioa

Behin‑behineko kalifikazioa argitaratzean, zehaztu egin beharko da kalifikazioa irakasgaiaren edo jarduera akademikoaren ardura duen irakaslearekin berrikusteko eguna, tokia eta ordua. Kalifikazioa berrikusteko epea gutxienez hiru egun naturalekoa eta gehienez seikoa izango da, kalifikazioa argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Ondoren, kalifikazioa irakasgaiaren aktan jasota dagoenean, ikasleak masterreko batzorde akademikoari aurkeztu ahal izango dio erreklamazioa, aktak argitaratu eta sei egun naturaleko epearen barruan.Masterreko batzorde akademikoak erreklamazioa aztertuko du eta irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen taldeko irakaslearen, edo hala badagokio, epaimahaiaren txostena jaso, egokitzat jotzen dituen ekintzak burutu eta erreklamazio egileari entzun ondoren, erreklamazioari buruzko erabaki arrazoitua emango du, gehienez ere zortzi egun naturaleko epean, erreklamazioa jarri zen egunetik zenbatzen hasita. Kalifikazioa aldatu behar izanez gero, aldaketa masterreko batzorde akademikoak onartuko du adostasunez, edo, behar izanez gero, bozketa bidez edo batez besteko nota kalkulatuta. Kasu horretan, akta zuzendu egingo da ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

Masterreko batzorde akademikoak erabakiaren berri emango die ikasleari, irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen irakasleari, irakasgaiaren ardura duen sailari eta ikastegiko idazkari akademikoari, jakinaren gainean egon daitezen.

Masterreko batzorde akademikoaren erabakiaren aurka ikasleak erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari, erabakia jaso eta lau egun naturaleko epearen barruan. Erreklamazioa hamar eguneko epean ebatziko da gehienera. Ikastegiaren erabakiaren kontra ikasleak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barruan.

Azken erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.


normativa-gestion-masteres-oficiales