Mugaz gaindiko dok barnetegiak UPV/EHU-UPPA: izena-emateko epea zabalik

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/23

)

UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak (MDe) antolatu ditu, Paue eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitatearen lankidetzaz, UPPA - UPV/EHU Mugaz Gaindiko Doktorialak, Arantzazun (Gipuzkoan) egingo direlarik urriaren 13 eta 17 bitartean.

Laugarren urtez jarraian, Doktorialon bidez gure doktoregaien gaitasunak garatu nahi dira, geroko laneratzeari begira. Inguru eleanitzean (jarduerak ingelesez izango dira) eta esperientziako talde pedagogikoa lagun, bertaratuko direnek aukera izango dute zeinek bere proiektua amankomunean jartzeko, heziketan zehar jasotako jakintzak modu praktikoan garatuz eta diziplina eta kultur anitzeko taldeetan lan egiteari loturiko gaitasun berriak eskuratuz.

Bost egunetan zehar, inolako kosturik gabe, doktoregaiak elkarrekin biziko dira eta lan egingo dute, besteak beste, Pau eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitateko eta Bordeleko unibertsitateko parekoekin.

Interesik luketenek izena emango dute helbide honetan, ekainaren 23an hasi eta uztailaren 11 bitartean. Behar bezala betetako inprimakiarekin batera, honako dokumentu hauek atxiki beharko dira eskaneaturik:

  • Tesi proiektuaren laburpena ingelesez (gehienez, orrialde bat).
  • Gutun labur bat ingelesez, interesa bereziki azalduz, tesiko zuzendariaren ontzat emanaz.

MDe-k onartutakoen zerrenda argitaratuko du uztailaren 24an eta, handik aurrera, jarraitu beharreko aginduak emango zaizkie izena ematea burutu arte.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan UPV/EHUko Master eta Doktorego eskolarekin doctorado.mde@ehu.es helbidearen bidez.