Breadcrumb

Edukia

Konferentzia

'Medikuntzaren arloko zientzia: emakumeen osasunaren kaltegarri?'

MEDIKUNTZA ETA ERIZAINTZA FAKULTATEA. Gradu aretoa

Hitzaldia:

Elena Aldasoro Unamunok, Medikuntzako doktore eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Saileko ikertzaileak, "La Ciencia en Medicina, ¿perjudica la salud de las mujeres?" izeneko hitzaldia emango du martxoaren 10ean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean.

Bidebarrietako liburutegian azaroan eman zen aurreko hitzaldira jende mordoa bertaratu zen. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Marta Macho-Stadler eta Marije Irabien irakasleek antolatu zuten, "Emakumeek zientzia egiten dute" zikloaren barruan.

Aldasoro doktorearen esanetan, "osasunaren arloko ikerkuntzaren bidez, oraindik ere zeharka sortzen da ezagutza, zientziak ikuspegi androzentrikoa duelako; alegia, ikerketa eta saio klinikoetan askoz ere ar gehiago erabiltzen dira emeak baino, hala gizakietan nola animalietan". Hain zuzen ere, gai horixe landuko du hitzaldian.

"Arazo horrek zeharkako zenbait ondorio ditu: alde batetik, askoz ere gutxiago garatzen da emakumeen osasun arreta, eta, bestetik, emakumeei ezartzen zaien medikuntza, gaur egun, gutxiago dago ebidentziatan oinarrituta, gizonei ezartzen zaien medikuntzarekin alderatuta". Horren harira, agerian jarriko dira sexuak edo alde biologikoek osasunean eragiten dituen desberdintasunak.  Kultura edo geografiarekin aldatzen ez diren alde biologikoak, hain zuzen.

Elena Aldasoro

Medikuntzako doktorea da, eta masterra du Ikerkuntza Klinikoan eta Epidemiologian. Osasun Sailaren Ikerketa Zerbitzuan aritu da lanean 1993tik duela hiru urtera arte. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionaleko eta Ikerketa Proiektuen Euskal Ebaluazio Agentziako ebaluatzailea da. Horrez gain, Gaceta Sanitaria aldizkariko eskuidatzien bikotekako berrikuslea da.

Osasun Publikoko CIBER Sareko Ikerketa Zentroen 28. ikertaldeko eta Kronikguneko Berdintasuna, Biztanleriaren Osasuna eta Kronikotasunaren Arreta ikertaldeko kidea da.
Osasunaren arloko ikerkuntzari egin dion ekarpenik baliotsuena izan da genero ikuspegia txertatzea metodo zientifikoan, horri esker osasunean dauden genero desberdintasunak aztertu ahal izan baitira. Gaur egun Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Saileko Zuzendaritzan dihardu.

Elkarrizketak:

Hizlaria:

  • Javier San Martín: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzailea. Kazetaritza Saileko doktoregaia; han, zientziak irratian duen dibulgazioa ikertzen du.
    Masterra Zientzia Kazetaritza eta Zientzia Komunikazioan, UNEDen eskutik.
    Masterra Gizarte Komunikazioan, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eskutik.
    Kazetaritzako lizentzia, eta Irakasle Ikasketen diploma, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eskutik.
    Hainbat hedabidetan lan egina da (prentsan, irratian, telebistan eta Interneten) 15 urtez baino gehiagoz; nagusiki Radio Euskadi, Radio Bilbao (Cadena SER) eta "Onda Vasca" kateetan ibili da, baita Punto Radio Bilbaon ere, Euskadiko albistegien zuzendari.

Elkarrizketak zeinekin:

  • Lucía Gallego: Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea. Emakumeak Medikuntzan foroko kidea sortu zenetik. Emakumeak medikuntzan eta zientzian duen garrantzia ikusarazteko nazioarteko jardunaldiak, erakusketak eta jarduerak antolatzen aritu da. Halaber, nabarmentzekoa da "Organization for Women in Science for the Developing World" erakundean parte hartu duela ikerketa eta irakasle lanak egiten erakunde horretako kideekin batera, Boliviako Cochabamba hiriko Universidad Mayor de San Simón unibertsitateko Farmazia eta Biokimika Fakultatean.
    Berrikuntzaren, Kalitatearen eta Berdintasunaren arloko dekanordea.
  • Elena Díez Ereño: Medikuntza Fakultateko Fisiologia Saileko irakaslea.
    Lan ugari egin du 30 urtez, zerbitzu zein prestakuntza medikoa ematen. Elikaduraren arloan gauzatu du lan proiekturik garrantzitsuena: diziplina anitzeko bi kontsultategi eta laguntza zentro kliniko bat ireki ditu bere kabuz, elikadura jokabideen nahasteak artatzeko. Horrez gain, osasuna sustatzeko dibulgazio jardueretan parte hartu du, ikastaroak zein hitzaldiak emanez kontsumo geletan, merkatari eta etxekoandreen elkarteetan eta hedabideetan.
    2005ean, unibertsitatean hasi zen lanean, eskolak ematen, ikertzen eta kudeatzen. Elikadura du, oraindik ere, interes arlo nagusia, eta berrikuntza hartzen du ardatz lanean.
    Urteotan guztiotan artatu, bideratu eta prestatu dituen pertsona gehien-gehienak emakumeak izan dira, eta hala dira oraindik ere. Bere lanean genero ikuspegian sakonduz gogobetetzen du gai horrekin duen interesa.
  • Iker Badiola: Zelulen Biologia Saileko irakasle atxikia.
    Metastasi hepatikoa aztertu zuen tesian.
    Biotecnológica Innoprot enpresa sortu zuen beste kide batzuekin batera.
    Ikertzaile gazte onenaren saria eman zioten 2007ko ISCHS biltzarrean (Niigata, Japonia).
    Gaur egun, metastasi hepatikoaren kontrako tratamendu berriak ikertzen dihardu. Egonaldiak egina da Kopenhageko KVL Unibertsitatean zein Torontoko Unibertsitatean
  • Marta Macho: Marta Macho-Stadler Geometria eta Topologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). 1985az geroztik, ikerkuntzarekin eta irakaskuntzarekin loturiko hainbat lan egin ditu.
    2015ean, RSME Matematikaren Espainiako Errege Elkartearen saria irabazi zuen, lehenengo edizioan, matematikak hedatzen egindako lanagatik eta berdintasunarekin izan duen konpromisoagatik.
    Era berean, 1997an Matematikaren Espainiako Errege Elkartea berriz sortu zenetik, izugarrizko lana egin du matematika hedatzen, garapenean laguntzen eta emakumeek matematikan eta oro har zientzian duten garrantzia ikusarazten. Gainera, Marta Macho Mujeres Con Ciencia blogaren editorea da.
    Bestalde, Alacanteko Unibertsitateak ere Berdintasunaren Saria eman zion 2015ean, "emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako lanagatik eta, bereziki, emakume zientzialariek akademiari eta gizarte garapenari egin dioten ekarpena ikusarazteko gauzatu dituen irakaskuntza eta dibulgazio jarduerengatik".
    Marije Irabien irakaslearekin batera, hitzaldi ziklo bat antolatzen du urtero Bilboko Bidebarrietako liburutegian, "Emakumeek zientzia egiten dute" gaiaren inguruan.