Breadcrumb

Edukia

Konferentzia

MEF 50 Urte: "La medicina en la obra de Goya. Una visión desde la neurología"

Irudia

Goyaren gaixotasunek, bizipenek eta horiei aurre egiteko zuen modu pertsonalak erabat baldintzatu zituzten haren bizitza eta obra. Gaixo egoteak medikuntzako kontuekiko sentsibilizazio handia edukitzea ekarri zion, izan bere arazoei zegokienez izan besteenei zegokienez, baita medikuak asko errespetatzea ere, hala haien alderdi formala nola lanbidea bera. Goyak medikuntzarekin izan zuen harremana aztertzean, bi ikuspegi har ditzakegu abiapuntutzat: subjektu aktibo gisa (gaixo kaltetua) edo subjektu pasibo gisa (bere koadroetan medikuaren figura, gaixotasuna, gaixoa eta haren ezaugarriak islatzen zituen pintore sozial eta behatzailea). Haren bizipen pertsonalak ñabardura subjektibo indartsua eman zion medikuei buruz zuen iritziari; hasiera batean kritikatu eta gutxietsi egiten zituen, 1792ko gertaeran izan zuen esperientziagatik, baina gero iritzi positiboagoa izan zuen, 1819ko gertaeratik aurrera. Goyak xehetasun handiz islatu zituen zenbait patologia, askotan berak ere jakin gabe; hain zuzen, batzuetan nolabaiteko diagnostiko bisuala ere egin daiteke bere lanetan, besteak beste gaixotasun hauena: akondroplasia, ezkabia eta Charcot-Marie-Tooth-en gaixotasuna.

Neurologoek zeregin garrantzitsua izan dezakete obra artistikoak aztertzean; izan ere, obra bera sortzen duen adimenak beste bat txundituta uzten du, eta bigarren horrek bere garunaren antolamenduaren araberako iritzia izango du obrari buruz. Horrenbestez, zenbat eta hobeto ezagutu obra baten prozesu sortzailea, orduan eta plazer handiagoa sentituko dugu emaitza ikustean, eta zenbat eta hobeto ezagutu garunaren funtzionamendua, orduan eta hobeto ulertuko dugu sorkuntza artistikoaren prozesua.