Eduki publikatzailea

Afrikako eleaniztasun ikaragarria

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/25

Afrobarometer webguneko sarrera honetan Afrikako hizkuntza aberastsuna eta eleaniztasunari buruzko ikerketa bat partekatzen dute. Ikerketak eleaniztasunaren egoera hiru mailatan aztertzen du: banakako mailan, komunitate mailan eta herrialde mailan, eta horretarako Afrobarometer Round 5 (2011/2013) eta Round 4 (2008/2009)-eko datuak erabili ditu. Lehenengoan 800 hizkuntza identifikatu ziren 35 herrialdetan burututako inkestei esker eta bigarrenean eleaniztasunari buruzko datuak bildu ziren 20 herrialdetan. Afrobarometer-eko datuek ikuspuntu paregabea eskaintzen digute, hizkuntzen banaketa eta hizkuntza gaitasunak hiztunen ikuspegitik aztertzen dituztelako eta ez hizkuntzetan adituak direnen ikuspegitik. Ikerketan leku anitzetan iritzi publikoa ezagutzeko izan dituzten zailtasunak ere nabarmentzen dira.

Aurkipenak zera erakusten dute, Afrikako landa-eremuak ere orokorrean anitzak direla bai hizkuntzei dagokienez eta baita etniei dagokienez ere, eta badirudi horrek eragin garrantzitsuak dituela jendearen jarrera politiko eta sozialetan. Ikerketako datuak oso garrantzitsuak izan daitezke hizkuntzen eboluzioa ulertzeko eta hizkuntzak aztertzeko, bai produktu moduan eta baita jarreren eta emaitzen bultzatzaile den aldagai moduan ere.

Sarrera ikerketako grafiko batekin ilustratzen dute eta bertan argi ikusten da zein naturala den eleaniztasuna Afrikan. Agertzen diren ia herrialde guztietan herritar gehienek bi hizkuntza edo gehiago hitz egiten dituzte. Azpimarratu beharra dago Kenyako kasua, bertan herritarren %5 dira bakarrik elebakarrak.

Irakurri sarrera osoa (ingelesez)