Eduki publikatzailea

Aniztasuna aberastasuna da, baita hizkuntzan ere. Inge Sichra eta Itziar Idiazabal

Campusa UPV/EHUren aldizkarian 2017ko maiatzak 26 argitaratuta

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/01

Irudia
Sichra eta Idiazabal (© Laura López UPV/EHU)

Inge Sichrak eta Itziar Idiazabalek hizkuntza gutxituen erronkari, elebitasunari eta eskolak duen eginkizunari buruz hausnartu dute

Pasio bera dute Inge Sichrak (soziolinguistikan doktorea Vienako Unibertsitatearen eskutik eta Boliviako Cochabambako Universidad Mayor de San Simón-eko irakaslea) eta Itziar Idiazabalek (katedraduna eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea): hizkuntza aniztasunari eustea. Kitxua da Sichraren lanaren ardatza, eta euskara Idiazabalena. Duela ia 30 urtetik ezagutzen dute elkar, baina lehen aldia da Austriako soziolinguistak Euskal Herria bisitatzen duena. Bisita honetan, irakasleen eginkizunaren, elebitasunaren eta Latinoamerikako hizkuntza indigenen inguruan hausnartu dute.

 Hezkuntza eleaniztuna da bi adituen lan esparruetako bat. "Hezkuntza eredu horren alde egiten dugu, pertsonak, gizarteak eta eskolak berak aberasten dituelako. Hala ere, jakin badakigu horrek ez dituela arriskuan dauden hizkuntza gutxitu askoren arazoak konponduko", azaldu du Itziar Idiazabalek. Inge Sichra, izan ere, kulturarteko hezkuntza eleaniztunean aditua da, Boliviako PROEIB Andes kulturarteko prestakuntza programako aholkularia eta Kulturarteko Hezkuntza Elebidunerako Prestakuntza Masterraren koordinatzailea. Letren Fakultatera etorri da, UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailak antolatutako mintegi batean parte hartzera.

Inge Sichrak gogoan ditu duela 30 urte zituen kezkak, eta ondo gogoratzen du nolako jakin-mina piztu zioten euskararen eta katalanaren hizkuntza prozesuek. "Erreferente ziren; hala ere, Latinoamerikan egoera soziala, politikoa eta ekonomikoa oso bestelakoa zen eta oraindik ere hala da. Horrexegatik, hain zuzen ere, eredu berriak sortu behar dira errealitate bakoitzarentzat. Zoragarria izango litzateke hizkuntza indigenen kasuan ere Euskadiko ikastetxeetan gauzatzen den hizkuntza murgiltzea izatea, baina ez dago eredu hori aplikatzeko baldintza nahikoa".

Latinoamerikako hizkuntza- eta hezkuntza-errealitatea oso konplexua da

Latinoamerikan, errealitatea oso bestelakoa eta konplexua da. Bolivian 36 hizkuntza daude, eta horietatik aimarak, kitxuak eta guaranierak dute hiztun gehien. Latinoamerikan, oro har, herritar askok dute beren burua indigenatzat, baina denek ez dute beren hizkuntza hitz egiten. Guatemalan, esaterako, herritarren erdiek baino gehiagok dute beren burua indigenatzat, baina % 30ek baino ez dute antzinako hizkuntzaren bat hitz egiten. Kolonbian 68 hizkuntza indigena daude, eta herritarren % 3k baino ez dituzte hitz egiten. "Bitxia da zein gutxi diren, baina oso beligeranteak dira hizkuntzarekin, eta bizirik eusten diote. Biztanle kopurua kontuan izanda handiagoak diren beste hainbat komunitatek baino askoz gehiago egiten dute", adierazi du Idiazabalek.

 "Kontrapuntua Ekuador da", azaldu du Sichrak. "Komunitate indigenek eremu propioa zuten eskolan, eta haien kulturak eta hizkuntzak errespetatzen ziren. Rafael Correa gobernura heltzean, ordea, sistema osoa suntsitu zen. 'Eskolatxoak' desagerrarazi zituzten, eta ‘mileniumeko eskola' bihurtu. Eskola hiperteknologizatu horietan, dena da ingelesa-gaztelania. Ez da gaztelania-ingelesa ere".

Sichrak ezkor ikusten du Latinoamerikako egoera; izan ere, hezkuntza egitura oso ahula da, eta gobernu bakoitzaren gorabeheren mende dago. "Horregatik, hizkuntza indigenek bizirik jarrai dezaten eta haz daitezen, eskolaz gaindiko ereduak behar dira, ezin baitiegu ardura osoa haiei eman". Nolanahi ere, Bolivian kultura barneko kulturarteko hezkuntza eleaniztuna ezartzen ari dira; hau da, ikasle bakoitzaren egoera hartzen da abiapuntutzat elebitasuna lortzeko. Haurrak lehenengo zein hizkuntza ikasi duen, horren arabera lan egingo da eskolan. Hizkuntza indigena hitz egiten duenari gaztelania irakatsiko zaio bigarren hizkuntza gisa, eta gaztelaniaz hitz egiten duenari, hizkuntza indigena bat.

Hizkuntza baten erronka giza faktorea da

Elebitasuna mantentzeko eta sustatzeko, ezinbestekoa da komunitatearen borondatea eta parte hartzea. Alde horretatik, irakasleen esku hartzea oso garrantzitsua da; orain arte, baina, tabua izan da hori. "Hala ere, konturatu gara irakasleen koherentzia profesionalean eta pertsonalean sakondu behar dela. Eskolan hizkuntzaren alde egiten den diskurtsoaz harago, jakin behar da ikasleak nola bizi eta erabiltzen duen hizkuntza etxean eta bere eremu pribatuetan", hausnartu du austriar soziolinguistak.

Itziar Idizabalek ere garrantzia ematen die irakasleei. "Duela berrogei urte euskara berreskuratzeko prozesuan hasi ginenean, irakaslearen figura oinarrizkoa izan zen; irakasleak bizi eredu ziren, eta erabat inplikatuta zeuden. Eta euskarazko irakaskuntzaren bitartez, prozesu berritzaileak sortu ziren hezkuntzan eta gurasoekiko harremanetan. Orain, baina, ikusi da askotan irakasleak erreferente eta koherente izateari utzi diola hizkuntza biziberritzeko duen eginkizun horretan".

Inge Sichraren ustez, "benetan arriskutsua da hori gertatzea; izan ere, irakasleak hizkuntzaren seme-alabak galtzen baditu, hamar urtean hizkuntza galduko dugu. Hizkuntza hegemonikoak baino kontuan hartzen ez dituen hezkuntza formal batera joko dugu berriro. Hizkuntza gutxitu baten erronkarik handiena giza faktorea da; ezinbestekoa da familiak esku hartzea, nahiz eta prozesu zaila izan".

Elebiduna izateaz harro

Soziolinguistaren galdera da familia bat, inguru kitxua batean bizi bada, historia eta kultura kontserbatzen baditu, kitxuak bezala lan egiten eta jaten badu, zergatik tematzen den oraindik oinez ere ez dakiten haurrekin gaztelaniaz hitz egiten. "Duela bost urte bi hizkuntzetan bizi ziren. Aldaketa hori berria eta kezkagarria da; izan ere, bere burua kulturartekotzat duen gizarte batean, kitxuen nortasun ezaugarriak gaztelaniaz bizi dituzte. Kolonizazio prozesu ohikoa da hizkuntza hegemoniko bat dagoen komunitateetan eta hiriranzko migrazio handi bat gertatzen denean. Hiri inguruneak zalantzan jartzen du elebitasuna", azaldu du Inge Sichrak. Haurrei jada ez zaie hizkuntza indigena irakasten, eskolara eta hirira joaten direnean ez ditzaten haur elebidun gisa edo nekazari gisa ikusi.

Idiazabalek azaldu du hizkuntzetako bat gutxitua denean baino ez dela arazoa elebitasuna: "Egoera oso desberdina da hizkuntza prestigiotsuak direnean, esaterako, ingelesa eta gaztelania". Gainera, hizkuntza hegemonikoek inposatutako ideietako bat da irakasle natiboa beharrezkoa dela hizkuntzak ikasteko, eta, ideia faltsu hori dela eta, hizkuntza gutxituen eskoletan kontrol sendo bat ezartzen da, zailtasun handiagoak dituztelako irakasle natiboak lortzeko.

UPV/EHUko katedradunak helduaroan hizkuntza gutxitu bat ikasi eta elebidun bihurtu diren pertsonen irudia nabarmentzen du. "Irakasle gisa, eredu aberasgarriagoa da; izan ere, eredu horrek frogatzen du hizkuntza gutxitu hori ikas daitekeela, nahiz eta txikitatik edo eskolan ez ikasi. Latinoamerikan ez da existitzen bere buruaz harro dagoen euskaldun berri hori". Bestalde, Inge Sichrak honako hau zehaztu du: "Hizkuntza jatorriaren marka bat da, eta, kasu honetan, indigena izatearena. Indigena zarelako zara elebiduna, ez elebidun izatea aukeratu duzulako. Eta gaur egun oso pertsona gutxik aukeratzen dute beren borondatez elebidun bihurtzea, ez bada beharrezkoa beren ibilbide profesionalerako. Arazoa gero eta handiagoa da, pertsona askok uko egiten baitio bere indigena izaerari eta hizkuntzari".

Munduan badaude bigarren hizkuntza gisa hizkuntza gutxituak ikasi dituzten elebidunen kasu arrakastatsuak. Zeelanda Berrian, maorien lehenengo hizkuntza ingelesa zen, eta beren hizkuntza biziberritu eta berreskuratu dute. Duela ia belaunaldi bat herritarren % 5 baino ez ziren maori hiztunak, eta orain hizkuntza horrek hegemonia nabarmena lortu du. Prozesu hori behar batetik sortu zen, hain zuzen ere, identitate nazionala indartzeko eta lurraldearen burujabetasuna defendatzeko beharretik. "Nozioa zera da: ‘gu, maoriarrak, lehen mailako herritarrak' eta ‘ipar amerikarrak bigarren edo hirugarren mailakoak'. Izateaz harro egotea", argitu du Sichrak. Itziar Idiazabalen esanetan, "erabaki politikoak dira; kasurako, Israelek hartutakoa, estatuak testu sakratuetan baino ez zegoen hizkuntza baten erabilera sustatu baitu".

Hizkuntza zeharkako balioa da

Sichra Cochabamban bizi da, eta ondo ezagutzen du Boliviako egoera. Hausnarketa prozesu honetan, soziolinguistak gogorarazi du egitasmo politiko guztiek ez dutela hizkuntza defendatzen eta sustatzen. Boliviako konstituzioaren arabera, gaztelania eta herri indigena guztietako hizkuntza guztiak dira estatuko hizkuntza ofizialak, eta orain hezkuntza sistema osorako proposatzen den hezkuntza eredu teorikoa kultura barnekoa, kulturartekoa eta eleaniztuna da. Asmo hori ez da errealista, noski; "hasteko, helburu hori proposatzen duten dokumentuak ere ez daude hizkuntza indigenetan idatzita. Eta hori estatuaren hizkuntzak formalki aintzatesteko aukera bat galtzea da".

Alde horretatik, Itziar Idiazabalek dioenez, "hizkuntza bizirik dago, baldin eta dena ‘zeharkatzen' badu: familiako bizitza, bizitza soziala, aisialdia eta lana. Presente egon behar du merkatuan, futbol zelaian, kalean… Erabilerak bermatzen du hizkuntza batek bizirik irautea". Inge Sichraren ustez, "'hizkuntza jakitea' kontzeptua gainditu eta ‘hizkuntza erabiltzea' kontzeptuarekin ordezkatu behar da. Hori da hizkuntza zabaltzeko eta aberasteko gakoa". Eta biek bat egiten dute kulturak eta hizkuntzak elkarrekin bizi daitezkeela eta ez dagoela zertan ezeri uko egin, nahiz eta hizkuntza menderatzaileen hiztun eta estatuek sinplifikazioa eta monolinguismoa aldarrikatu, dena uniformetze aldera. Sichrak dioen moduan, "naturan, aniztasuna aberastasuna da, eta hizkuntzan ere bai".