Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

“Hizkuntza Indigenak Ama Lurra Zaintzen” erakusketa Urdaibaiko ekoetxean

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/21

Irudia

Garabide Elkarteak Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrarekin elkarlanean egindako erakusketa.

Urdaibaiko Ekoetxeak “Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen” erakusketa dauka ikusgai abenduaren 18ra arte. Erakusketak euskal herritarrei bi kontu jakinaraztea du helburu. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun. Halaber, bioaniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren arteko harremana ere badu gogoeta-gai.

Erakusketara hurbiltzen den bisitariak hainbat kontakizun aurkituko du bertan, bakoitza hizkuntza indigena batean, eta mundu batera hurbiltzen gaituen irudi batez lagunduta, indigenen hitzak eta indigenen begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta. Munduan dauden hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dute osatzen kontakizunok. Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak; bizirik irauteko zailtasun ugari dutenak eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean kokatuta daudenak, baina hiztunen lan eta gogoari esker biziberritzeko ahaleginetan ari direnak.

Irudi eta kontakizunez gain, fitxa tekniko labur baten bidez, ikusgai dagoen hizkuntza bakoitzaren egoerari buruzko informazioa eskaintzen da panel bakoitzean, eta gainera, QR kode baten bitartez kontakizun horiek jatorrizko hizkuntzan entzuteko aukera eskaintzen da.

Urdaibaiko Ekoetxea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sarearen parte da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook