Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

AEB-ko mugara heltzen diren migratzaile indigenak erronka nabarmenez gain beste asko gainditu behar dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/17

Ameriketako Estatu Batuetako Immigrazioa eta Mugen Kontrolerako Zerbitzuak (ICE) 2015ean egindako txosten baten arabera, erakunde horrek k’iche’, mam, achi, ixil, awakatek, jakaltek eta qanjobal hizkuntza maien hiztunen familiak hartu izan ditu bere instalazioetan. Aipatu hizkuntzak gaur egun Guatemala eta Mexikoko hegoaldeko lurraldeetan hitz egiten dira. Latinoamerikan, behinik behin 560 hizkuntza indigena daude, 780 herri eta talde indigena desberdinek hitz egiten dituztenak.

2018ko maiatzaren 5etik ekainaren 9ra, 2.000 familia migratzaile baino gehiago atxilotuak izan dira Mexikoko eta Ameriketako Estatu Batuen arteko mugan. Bertako poliziak eta gobernu erakundeek ez dute atxilotutako pertsonak eta familiak behar den bezala identifikatu, heldutako pertsona horiek ez zutelako ulertzen ez ingelesa ezta gaztelera ere. Horrek esan nahi du, oztopo idiomatikoek giza eskubideak urratzera eramaten duen bidea erraztu egiten dutela, eta familiak banatzearen arriskua handitu.

John Haviland San Diegon dagoen Kaliforniako Unibertsitateko antropologoa eta hizkuntzalaria da, tzotzil hizkuntzaren interpretea izateaz gain. Bere ustez, Latinoamerikatik datozen hizkuntza indigenen hiztunen migrazioa Estatu Batuetan igo egin da, nahiz eta erakundeen aldetik ez diren zabaldu datu estatistikorik kolektibo horiei buruz. Etorkin indigenen igoera horren arrazoiak ekonomikoak izan daitezke, baina baita indarkeriaren ondorioekin lotutakoak ere.

Haviland-ek interprete legez egiten du lan Ameriketako Estatu Batuetako Seguritate Departamentu Nazionalean, epaiketetan eta osasunarekin lotutako beste lanetan. Berak dioenez, hizkuntza oztopoak direla eta, umeak eta gurasoak banatzea, gutxienez gazteleraz hitz egiten ez duten familia indigenen kasuan, Trump gobernura heldu aurretik ere gertatzen zen nahiz eta sarritan ez izan, baina badirudi orain egoera horiek arrunt bilakatu direla. Gainera, berak dio banaketa horiek ohikoagoak direla migratzaile indigenen familietan gazteleraz egiten dutenen artean baino, lehenengoak ez direlako gai mugako polizia-agenteari kontrakoa esateko, esate baterako, agente horrek ama bat ezgai dela adierazten duenean. Horrez gain, heltzen diren pertsonak sistematikoki jatorrizko herrialdearen arabera sailkatzen dira eta ez jatorri etnikoaren arabera. Horrek esan nahi du erakunde federalek alde batera utzi ditzaketela gutxiengo indigenak babesten dituzten lege-esparrua, nazioarteko legeak eta giza eskubideak.

Informazio gehiago hemen.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook