Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

Europako Hizkuntzen Mapa DSS2016n

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/18

Donostia 2016 Fundazioak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak ‘Euskarriak' proiektua aurkeztu zuten martxoaren 10ean Tabakaleran. ‘Euskarriak', artea eta publizitatea bateratzen duen proiektua, 41 proposamenetik aukeratutako 10 ekimenek osatzen dute, eta aurkezpeneko saioan horietatik bi eman dute ezagutzera.

Lehenengoa, ‘Europako Hizkuntzen Mapa' izan da: bost metro zabal eta lau metro altu dituen egurrezko mapa, Tabakalerako kanpoaldean kokatu dutena. Mapa honek gure kontinenteko 91 jatorrizko hizkuntza irudikatzen ditu eta Europako hizkuntza aniztasunari hurbilketa bat da. Artelan honetan jazotzen diren datuak, berriki EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak, Azkue Fundazioaren laguntzarekin, eguneratu duen mapan oinarritzen dira, jatorriz CIEMENek landutakoa. Publikoak bertan agertzen diren hizkuntzak hobetu identifika ditzan, ‘Hizkuntza txikiak mundua handitzen du' goiburua duen egurrezko pieza honek, legenda bat ere badu.

Aurkeztutako bigarren ekimena, hiztegiak inprimatuko dituen hizkuntza-makina da. Hiztegi hauek 250 sarrera izango ditu euskaratik beste 60 hizkuntzetarako norabidean eta alderantziz (kurduera, islandiera eta guaraniera adibidez). Makinaren kokapena ez dute oraindik erabaki, baina hiriko leku ezagun eta jendetsu batean jarriko dute. Proiektu honetan hamar pertsona ari dira lanean Hirikilabs Hiri Laborategiaren egoitzan Tabakaleran, hizkuntza-makina diseinatzen, programatzen eta eraikitzen.

Xabier Payak, 2016ren kultur programen zuzendariak adierazi duenez, ‘Euskarriak' proiektuaren helburua, hiritarrak Europako hizkuntza aniztasunari buruz sentsibilizatzea da eta horretarako euskararekin dugun esperientzia ekarpen garrantzitsua izango da. Gainontzeko ‘EusKarriak' Donostiako auzoetan barrena "azalduko" dira herritarrak ustekabean hartuko dituela, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Artikulu osoa irakurri.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook