Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

Inuiteraren estandarizazioa eztabaida gai

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/23

Maiatzaren hasieran argitaratutako artikulu hau asko zabaldu da sare sozialetan eta guk ere hemen partekatu nahi dugu, galtzen ari diren hizkuntza askoek bizi duten egoera bat agerian jartzen duelako. Egoera hori askotan bidegurutze bat bezala planteatzen da: hizkuntzaren dialektoak estandarizatu, kasu honetan Kanadako inuit hizkuntzen dialektoak, ala ez.

Artikulua, otsailean Iqaluit-en (Nunavut lurraldearen hiriburua) ospatu zen batzar batean gertatukoa aipatzen hasten da, estandarizazioaren arabera aurreikusten diren zailtasunen adierazgarri izan daitekeelako. Idazkera bateratzeko beharra planteatu zenean, bertan zeuden 44 itzultzaileek baietz erantzun zuten, 39k ezetz eta gainontzeko 11k ez zuten ezer erantzun.

Inuit hizkuntzak eskimo-aleutiar familiakoak dira eta Artikoko lurralde zabaletan sakabanaturik daude, Errusiatik, Alaska, Kanada eta Groenlandiaraino. Imajinatu dezakegunez, dialekto asko existitzen dira lurralde guzti horietan. Errusian, Alaskan eta baita ere Kanadan hizkuntza hauek gazteen artean egin duten atzerakada nabarmena da, ez ordea Groenlandian, han nahiko indartsuak dira oraindik eta horregatik inuit kanadar askoek bertan egindakoa eredugarri izan daitekeela uste dute.

Gaur egun Kanadan bi motatako idazkera dute: alde batetik misiolari anglikanoak garatu zuten sistema silabikoa, eta bestetik, latindar alfabetoa erabiltzen duena. Belaunaldi berriek batez ere azken sistema honen alde egiten ari dira, adinekoek alderantziz, ez dute ulertzen alfabeto latindarra eta sistema silabikoari ohituta daude. Groenlandian adibidez, ez zuten sistema silabikoa aplikatu eta horregatik errazago integratu zuten euren jatorrizko hizkuntzak hezkuntzan. Gainera oraindik hizkuntza estandar bat ez izateak, zaila egiten du sortzen diren materialak partekatzea eta zabaltzea, hau da, eskola edo herri bakoitzak bereak sortu behar ditu eta hori izugarrizko oztopoa da hezkuntza jatorrizko hizkuntzan sendotzeko.

Zaharrekiko errespetua funtsezko kontua izanik inuit herriarentzat, sistemaren bateratzea ez da kontu erraza izango, eta artikuluaren azken lerroetan esaten den moduan, bidegurutzetik hartuko duten norabidea, hau da,  sistema estandarizatu bat landu umeen alfabetatzea bultzatzeko edo zaharren borondatea errespetatu, Nunavut lurraldeko biztanleek eurek erabaki beharko dute. Artikulu osoa irakurri (ingelesez)

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook