Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak (DSS2016)

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/01

Oraingo honetan, Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren programaren esparruan burutzen ari den proiektu garrantzitsu baten berri eman nahi dizuegu. Proiektuak agerian jartzen du hizkuntzen funtsezko balioa gizartean, kasu honetan elkarbizitza-eredu integratzaileak eraikitzeko orduan. Aipatu beharra dago, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak, proiektua garatzen lagundu duen batzorde zientifikoan parte hartu duela.

Proiektu hau, Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak titulupean, Soziolinguistika Klusterrak bultzatu du, Europako hizkuntza-aniztasunaren alde egiteko ideiarekin. Helburu nagusia Europako hizkuntza-komunitateen arteko harreman-sarea sendotzea da, elkar ezagutzea eta elkar elikatzea, aurrerantzean tokian tokiko hizkuntzaren biziberritze-prozesuetan eraginkorrago izateko.

Hiztun-komunitateek erabili izan dituzten mota guztietako jardunbide egokiak ditu ardatz proiektuak. Jardunbide horiek berritzaileak, egokiak, arrakastatsuak edota eredugarriak dira, bai sortu dituzten komunitateentzat, baita beste hizkuntza- edota hiztun-komunitate hainbatentzat ere.

Jardunbide egokiak ezagutzeak ondorio biderkatzaileak izan ditzake: esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, ikuspegi globala eta lokala uztartuz gainera, nazioarteko mugimendua sendotu.

Horrenbestez, jardunbide egokiak biltzea eta webgunean erakustea du helburu Hitzargiak proiektuak, bai eta hizkuntzak biziberritzen diharduten erakundeak elkarrekin harremanetan jartzea ere. Horretan du jarria arreta eta jomuga. Jardunbide egokiak argi gisa daude ikusgai mapa batean, dagokien hizkuntzaren eragin-esparruan kokatuta.

Europako eremu urriko hizkuntzen biziberritze-prozesuetan garatu diren edo garatzen ari diren jardunbide egokiak identifikatzeaz eta ikusarazteaz gainera, eta jardunbide egokietan parte hartzen duten agente aktiboak harremanetan jartzeaz harago, topaketa bat antolatuko da, jardunbide egoki horien sustatzaile diren agenteen arteko harreman zuzena sustatzeko. Topaketa hau ekainaren 23an eta 24an ospatuko da Hernaniko Orona Ideo eraikinean eta esan dugun moduan, hizkuntzak biziberritzen diharduten eragileak elkartzeko gunea izango da. Baina proiektua ez da amaituko topaketarekin, ordura arte jositako sarea etorkizunean ere ehunduz joan dadin, plataforma birtualak bizirik jarraituko du, etorkizuneko harremanak jasotzen eta bideratzen.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook