Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

Garabidek antolatutako Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari Buruzko Ikastaldi Trinkoa

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/04

Pasa den urriaren 2an hasi zen Garabide elkarteak antolatutako hizkuntzen biziberritzean gidaritza profila duten eragileei zuzendutako ikastaldi trinkoa. "Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari Buruzko Ikastaldi Trinkoa" izenburupean, ikastaldiak estrategia orokorretan zentratua dagoen formazio intentsiboa eskainiko die 8 hizkuntza gutxiagotuetako 12 agintariei. Parte-hartzaile horien jatorriak honako hauek dira: Kichwa (Ekuador), Quechua (Peru), Nasa (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nahuatl (Mexico), Yukatango maia (Mexico), Amazigh (Maroko) eta Maputxeak (Txile).

Ikastaldiak urriaren 30era arte iraungo du eta formazio proiektu bat izango da, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeak indartzera bideratuta dagoena. Funtsean, euskal esperientziaren eta hizkuntzaren berreskurapenerako gakoen gaineko formazioa eskainiko zaie aipatu ditugun munduko hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariei, ondoren beraiek euren prozesuaren protagonista izan daitezen.

Gainera, parte-hartzaileek euskalgintzaren zein instituzioen hainbat entitate bisitatuko dituzte (Euskaltzaindia, Berria, HUHEZI, Kafe Antzokia, Oihaneder Euskararen Etxea, Udaletxeak, Diputazioak, hezkuntza zentroak…) ikasitakoa bertatik bertara ezagutzeko eta, halaber, sentsibilizazio ekintzak (mahai inguruak eta proiekzioak) egingo dira herri eta eskoletan euskal gizartearekin esperientzia trukerako tartea eskaintzeko asmoz. Hain zuzen ere, hemen egingo dira sentsibilizazio ekintza nabarmenenak:

– Arizmendi ikastola, urriak 9
– Biriatuko Ikastola eta Etxepare Lizeoa, urriak 12
– Barañain, urriak 10
– Beasain, urriak 11
– Unibertsitateak: EHU, HUHEZI, urriak 16
– Oiartzun, urriak 17
– Usurbil, urriak 20
– FAGOR taldea, urriak 24

Azpimarratu beharra dago, liderrei zuzendutako ikastaldi honetan emakumeek izango duten presentzia, 12 partaideetatik 7 emakumezkoak baitira.

Informazio gehiago hemen.

Maroko, Ekuador, Txile eta Kolonbiako partaideei Berrian egindako elkarrizketa.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook