Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

UPV/EHUk Garapen Iraunkorarren aldeko web ataria aurkeztu du

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/12

Irudia

Ingurumenaren Munduko Egunean, ekainak 5, UPV/EHUko Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritzak Garapen Iraunkorraren aldeko web atariaren berri eman zuen.

Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) Nazio Batuen Batzar Nagusian onartutako 2030 Agendaren ekintza-planaren barruan sartzen dira. 2030 Agendan 17 helburu ziren, baina UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedratik +1 GIHa proposatu genuen eta berri honetan aipatzen den EHUagenda 2030 atarian ere haintzat hartzen da Hizkuntza eta kultura aniztasunaren bermea den +1 helburua.

Aipatzekoa da katedratik "17+1 Helburu gure mundua eraldatzeko" erakusketa aurrera eraman zela eta horretan EASO Politeknikoak aukeratu zuela +1 paneleko irudia Donostiako Usandizaga BHIko ikasleek egindako irudien artean.

Garapen Iraunkorraren aldeko EHUagenda 2030 atarian "EHUagenda 2030 garapen iraunkorrari ekin" dokumentua ireki daiteke non UPV/EHUk 12+1 helbururi egiten dien ekarpena azaltzen den. Dokumentuan +1 GIHa agertzen da IKD (Ikasketa Kooperatibo eta Dinamikoa) i^3 (Ikaskuntza x Ikerkuntza x Iraunkortasuna) estrategiaren barruan (ikusi 1.irudia 6.orrian eta 2.irudia 7.orrian). Horrez gain, katedraren ekarpena aipatzen da 7.orrian. 27.orrian 2017/2018 ikasturteko helburu bakoitzaren hasierako egoera azaltzen da. Hizkuntza eta kultura aniztasuna helburuari egiten zaio erreferentzia datu hauekin: Graduko ikasketetan ECTS kredituen %84a euskaraz eskaintzen zen eta  28 doktorego tesi zeuden euskaraz.

Informazio gehiago Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkarian (campusa) eta UPV/EHUko 12+1 helburu bakoitzari egiten zaion ekarpenari buruz gehiago jakiteko, hemen.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook