Sistema Txertatuen Ingeniaritza Unibertsitate Masterra

Aurkezpena

Master hau Donostiako Informatika Fakultateak eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak antolatzen dute (UPV/EHUren Gipuzkoako campusa). Izaera profesionaleko masterra da, eskaintzari aurre egingo bazaio, egungo graduen bidez bete ez den arlo honetarako profesional espezializatuak prestatzeko helburua daukana. Hain zuzen ere, Sistema Txertatuen Ingeniaritzaren (Embedded Systems) arloko prestakuntza ematea dugu xede.

Konputagailuez mintzatzen garenean, informazioa prozesatzen duen sistema da gehienok dugun irudia, kalkulu konplexuak egiten dituena mintzaira espezifikoetan idatzitako programen bidez (softwarea). Hala eta guztiz, geure inguruan diren eta etengabe erabiltzen ditugun hamaika gailuk, esaterako, telefonoa, etxetresna elektrikoak, irratia, automobila, gailu mediko asko eta abar ... bere baitan dauzkate konputagailu edo prozesadore ezkutuak edo txertatuak (ingelesez embedded), horietako bakoitza eginkizun zehatz horietarako espezifikoki diseinatu eta egokitu delarik.

Ildo beretik, sistema txertatu batean izango ditugu behar diren osagai elektroniko guztiak (prozesadoreak, memoriak eta beste), hau da hardwarea, programak edo softwarea eta batzuetan baita elementu mekanikoak ere, aplikazio zehatz baterako, prestazio handiko produktu bat kostu erlatiboki baxuan lortuz.

Sistema txertatuak sistema ziber-fisikoen atal bat dira (CPS Cyber Physical systems), prozesu fisikoen eta beroriek kontrolatzen dituzten konputagailuen artean elkar eragiten dutenak eta erlazionatuta daudenak industria 4.0an garatu beharreko ildoekin.

Beste alde batetik, master honek lankidetza oso estua du sektore elektronikoko enpresa eta ikergune askorekin eta ikasleek berorietan egiten dute master amaierako lana. Honez gainera, hasieretatik bertatik, GAIA telekomunikazioen klusterraren laguntza izan du, enpresa horietako gehienak barne hartzen dituena.

(informazio zabalagoa lortu ahal da Informazio gehigarriaren atalean)

Kualifikazio-maila

Titulu honek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. maila du aitorturik; maila hori Kualifikazioen Europako Esparruko (EQF) 7. mailaren parekoa da, urtarrilaren 23ko 22/2015 Errege Dekretuak jasotzen duenez (BOE 2015/02/07).