ALARGAR_ESTANCIA_ERASMUS_AL_OD

Egonaldiaren luzapena: Erasmus - Latinoamerika - Beste Norakoak

Ikasleak Erasmus, Al edo Beste Norakoak egonaldia luzatzeko aukera izango du, beti ere ondoren aipatzen direnak kontuak hartuta:

  • Ikasleak, egiten ari den Erasmus, Al edo BN egonaldia bukatu baino lehenago gauzatuko ditu luzapen hitzarmena eta horretarako egin beharreko tramiteak.
  • Luzapena, Erasmus, Al edo BN egonaldia bukatu eta jarraian burutu beharko da. Ez da etenik onartuko (oporrak eta helburuko unibertsitateak itxita egon daitezkeen tarteak ez dira "eten" moduan kontsideratuko).
  • Mugikortasunaren gehienezko iraupena 12 hilabetekoa izango da (luzapena barne) eta ikasleak ezin izango du mugikortasuna dagokion ikasturteko irailaren 30a baino beranduago amaitu.
  • Egonaldia luzatu nahi duen ikasleak oniritzia eskatu beharko dio UPV/EHUko jatorrizko Ikastegiaren koordinatzaileari. Ikastegiari dagokio luzapena egiteko baldintzak eta epeak ezartzea. Era berean, ikastegiak idatziz helaraziko dio Errektoreordetzari luzapen-eskaera, eta Errektoreordetzak eskaera onartu edo baztertu egingo du.
  • Ikasleak helburuko unibertsitateko koordinatzailearen oniritzia beharko du luzapena egiteko eta  helburuko unibertsitatearen koordinatzaileak idatziz emango dio horren berri UPV/EHUko jatorrizko koordinatzaileari.
  • Ikasleak egonaldia luzatuko duen denbora guztirako istripu/osasun babesa eskaintzen dion asegurua kontratatuko du eta horren kopia bidaliko dio UPV/EHUko ikastegiaren koordinatzaileari. Ikasleak esandako asegurua ez baldin badu eta zerbait gertatzen bazaio, Unibertsitateak ez du bere gain hartuko horren ondoriozko erantzukizunik.
  • Latinoamerika edo Beste Norakoak programetan dauden ikasleek luzapena egin nahi badute arreta berezia izan beharko dute harrera-herrialdean legezko egonaldia izateko behar dituzten agiri eta baimenak eguneratzeko orduan. Horretarako harremanetan jarriko dira hasierako baimena eman zieten agintariekin beharrezko prozedurak egikaritzeko harrera-herrialdean jarritako epeen barruan.
  • Ikasleak hitzarmen akademikoa aldatu beharko du GAUR bidez eta koordinatzailearen oniritzia jaso beharko du, konbalidazioak bermatzeko eta eskatutako egonaldiaren luzapena benetakotzeko baliagarri izan dadin.

GARRANTZITSUA:

Egonaldia luzatzen duen ikasleak onespen akademikoa bai, baina EZ du diru-laguntzarik  jasoko. Luzapenak iraun bitartean ikasitakoen onespen akademikoa lortzeko hitzarmen akademikoaren beharrezko moldaketa egiteko konpromisoa hartuko du eta horrez gain, lehen aipatu bezala, mediku-asegurua kontratatuko du. Eginbeharreko prozedura guztiak jatorrizko Ikastegiko koordinatzaileak emandako jarraibideen eta horren gidaritzapean burutuko dira.