Material Berriak

Nazioko unibertsitate artekoa

Harrera eta orientazioa

Masterraren inguruko kudeaketa (aurre-inskripzioa, matrikula, espedienteen kudeaketa, etab.) Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Atalean egingo da, UPV/EHUren kasuan, eta Zientzien Fakultatean, Kantabriako Unibertsitatearenean. Beraz, kudeaketa lan hori egin ahal izateko beharrezko baliabideak eta langile kualifikatuak daude.

Interesa duten ikasleentzako informazioa, Kudeaketa Akademikoko Zerbitzutik bideratuko da, Kantabriako Unibertsitatearen kasuan, matrikula egin aurretik. Izan ere, zerbitzu horrek Graduondoko Ikasketa Ofizialen Gida argitaratzen du urtero, eta erakunde barruan zein kanpoan banatu, eta Espainiako Unibertsitateetara, Gazte Informazio Bulegoetara, Udaletako Unibertsitate Informazioko Bulegoetara, Kantabriako Hezkuntza Sailera eta Espainia osoko Hezkuntza Sailetara bidaltzen du. Erakundearen web orrian ere eskuragarri dago Gida hori, Informazio Akademikoaren atalean, hain zuzen ere:

http://www.unican.es/NR/rdonlyres/5E1E9CFE-36C7-4B6B-978C-ED70FF114B0C/40769/Folletodefinitivo200809Web.pdf.

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPE/EHU), ordea, interesa duten ikasleekiko matrikulatu aurreko komunikazioa zuzenean Graduondoko ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Ataletik egiten da eta baita Masterraren arduradunaren bitartez ere, ikasleei interesatzen zaien kudeaketari lotutako alderdien inguruan. Informazio guztia zehatz-mehatz eta eguneratuta dator Graduondoko ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Atalaren web orrian. Era berean, Masterraren web orrian barne funtzionamenduko alderdiak azalduko dira, eta horien artean, ordutegia, egutegiak, jarduerak, etab.

Ikasleak onartu ondoren, Masterraren Unibertsitate arteko Batzordeak tutore bana esleituko die, eta horrek orientatzailearena egingo ikasketak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzerakoan.

Prozedura ezberdinak erabiliko dira masterra ikasleen artean zabaltzeko. Aurrena, masterraren inguruko informazio guztia bere web orrian egongo da eskuragarri.

Horretaz gain, bilerak egingo dira arlo honetan I+G-ko jarduerak burutzen dituzten enpresa nagusiekin, horietako langileek ikasketa hauek egin nahi badute errazago izan dezaten. Jakina, ziurtatuta dago Masterraren hedapena Teknologia Zentroetan, horietako batzuek masterrean esku hartzen baitute.

Bestalde, Kimika, Fisika, Biologia, Geologia eta Ingeniaritzetako lizentziaturen azken urteko ikasleek ikasketa hauek egiteko aukerari buruzko informazioa jasoko dute, zuzenean, zein bilera edo hitzaldien bitartez, eta baita dekanotza eta zuzendaritzen bitartez ere.

Espainiako gainerako unibertsitateetara informazio zuzena bidaliko da, horietako ikasleek ikasketa hauek egiteko aukera izan dezaten.

Laguntza eta orientazioa matrikula egin ondoren

Arestian adierazi denez, Masterreko ikasle guztiek tutore bana izango dute eta, gainera, Master Amaierako Lanaren zuzendari bana (ikasle bakoitzak aukeratzen duena lanen urteko eskaintzaren arabera). Biek orientatzailearena egingo dute, graduondoko ikasketen garapen egokirako beharrezkoak diren erabakiak hartzerakoan. Bestalde, UPV/EHUko Graduondoko ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Atalak eta Kantabriako Unibertsitateko Zientzien Fakultateak, beharrezko laguntza emango diete ikastaroari lotutako gestioetan (laguntzak eskatzea, deialdiak, ziurtapenak, matrikula aldaketak, kredituen onarpena, etab.).

Era berean, Masterraren arduraduna eta Unibertsitate arteko Batzordea osatzen duten irakasleak, zein esku hartzen duten irakasle guztiak, prest daude beti Masterreko ikasleen beharrei irtenbide emateko, izan ere, ikasleak artatzeko tutoretza denborak dituzte.

Bestalde, Masterraren kalitatea bermatzeko sisteman ikasleek iradokizunak eta kexak aurkezteko bidea aurreikusita dago. Masterraren unibertsitate bakoitzeko Ikasketa Batzordeak eta Unibertsitate artekoa lauhilekoa amaitutakoan bilduko dira, besteak beste, kexa edo iradokizun horiek eta Masterraren garapenari lotutako beste edozein jazoera aztertzeko.

Ikaslea matrikulatuta dagoenean, eta ikasturtea hasi baino lehen, hasiko dituen ikasketei buruzko era guztietako informazioa emateko bilera antolatuko da, eta horren inguruan eduki dezakeen edozein zalantza argituko da.

Hiru hilean behin, ikasle guztiekin bilduko da Masterraren Unibertsitate arteko Batzordea, horren garapenari buruzko iritzia zuzenean jasotzeko.

Hezkuntza-behar zehatzak

Ikasketa Batzordearen iritziz, beharrezkoa izan liteke ikasleek Fisika, Kimika eta Matematikako ezagutza osagarriak bereganatzea, Masterraren ikasketak jarraitu ahal izateko.

Osagarri horiek Masterra egiteko onartu baino lehen egingo lirateke, eta beharrezkoa litzateke Ingeniaritza Teknikoko titulazioa edo Diplomaturak dituzten ikasleentzat, ikasketa gehigarririk egin ez badute. Kasu honetan, gutxienez 60 kreditu osagarri egin beharko dituzte ikasleek.

Ikasketa osagarri horiek beharrezkoak izan litezke, baita ere, Masterrera zuzenean sartzeko aukera ematen ez duten Goi Mailako Titulazioen kasuan. Kasu honetan, Titulazioaren arabera, aldatu egingo litzateke ikasleak aldez aurretik egin beharreko kredituen kopurua.

Irisgarritasun unibertsalarekin lotutako irizpideak

UPV/EHUk premia bereziak dituzten pertsonak unibertsitateko komunitatean sartzea sustatzen du irisgarritasun unibertsalaren irizpidea jarraituta.