Garapenerako Lankidetzaren inguruko unibertsitate-praktikak eta Gradu amaierako lanak

Garapenerako Lankidetzaren inguruko unibertsitate-praktikak eta Gradu amaierako lanak

 UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2003ko martxoan onartu zuen programa honek UPV/EHUk garapenerako unibertsitate-lankidetzarekin duen konpromisoa zehazten du, eta, horretarako, garapen-lankidetzako jardueretan parte hartzeko baliabideak gradu guztietako ikasleen eskura jartzen ditu, unibertsitate-prestakuntzaren barruan, honako hauek eginez:

  • A MOTA. Garapenerako Lankidetzaren alorreko Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktikak herrialde probretuetan. Praktika hauen helburuak dira ikasleek euren prestakuntza akademikoan jasotako elementu teoriko eta praktikoak bateratzea eta errealitate soziala aztertu eta gizartea eraldatzeko estrategiak planifikatzeko duten gaitasuna indartzea, era berean euren prestakuntzak ematen dizkien funtzio profesionaletatik gizarte arazoen prebentzioa, murrizketa edo konponbideari helduz.

  • B MOTA. Gradu Amaierako Lanak (GrAL) egiteko, herrialde probretuetan. Lan hauen helburua da UPV/EHUko zentroetako (Eskola eta Fakultate) ikasleek Graduan jasotako ezagutzak Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) eta lankidetza-erakundeek planteatutako arazo edota erronkak konpontzeko erabiltzea euren Gradu amaierako Lanak (GrAL) eginez.

UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenearen eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak laguntza ekonomikoak eskaintzen dizkie programa honetan parte hartzen duten ikasleei eta beren praktikak tutorizatzen dituzten edo GrALk zuzentzen dituzten irakasleei, nazioarteko egonaldien joan-etorrien eta aseguruen gastuak ordaintzeko.