Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako historia

Maria Cinta Caballer Vivesek idatzitako liburua:

Peritutza Industrialeko Eskola Amaran

Egungo Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola 1952. urtean sortu zen, Peritutza Industrialeko ikasketak (garai hartan deitzen zen bezala) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Irakaskuntza Teknikoen Zuzendaritza Nagusiaren mendekoak zirenean. 1957. urtean lehenengo promozioak ikasketak bukatu zituen, eta Mekanika, Elektrizitate eta Kimika espezialitateetan hogei bat graduatu egon ziren guztira.

Garai hartako Peritu Industrialen Eskolak 1950 eta 1970 urte bitartean bigarren hezkuntza ondoko ikasketetan alternatiba gutxi zituen gazte asko lanbide-mailan eta maila pertsonalean sustatzen lan garrantzitsua egin zuen. Gazte horietako askok Lanbide Heziketako maila gainditzeko aukera izan zuen Ingeniaritza Teknikoan. Ondoren, graduatu horiek Lanbide Heziketa modernoa garatu zuten Gipuzkoan, eta Tekniker eta Ikerlan bezalako zentro teknologikoen sorreran ere parte hartu zuten; zentrook 70eko hamarkadan sortu ziren.

70eko hamarkada aldaketa handia gertatu zen Eskolan, 1970eko Hezkuntzaren Lege Orokorraren ondorioz. Izan ere, Eskola Unibertsitatean integratu egin zen eta orduan Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola (IITUE) izena hartu zuen. Eskola Unibertsitatean integratu zenean, Industria Elektronika eta Industria Antolakuntza espezialitateak ezarri ziren. Azken hori 90eko hamarkadaren hasieran desagertu egin zen.

90eko hamarkada loraldi garaia izan zen, guztira 2.220 ikasle eta 300 graduatu inguru izaten baitziren urtero. 1995. urtean ikasketa-plan berria ezarri zen eta honako titulazioak ematen hasi ziren: Mekanikan Industria Ingeniaritza Teknikoa, Elektronikan Industria Ingeniaritza Teknikoa, Elektrizitatean Industria Ingeniaritza Teknikoa eta Industri Kimikoan Industria Ingeniaritza Teknikoa.

Azken urte hauetan asmo handiko proiektuak garatu izan dira Donostiako IITUErako. 2001-02 ikasturtean Industria Antolakuntzan Ingeniaritzako bigarren zikloa ematen hasi zen. 2002-03 ikasturtean, bi titulazio berri gehitu ziren Eskolan: Herri-Lanetan Ingeniaritza Teknikoa eta Arkitektura Teknikoa. Jadanik titulazio ugari ematen zirenez, kokaleku egokia behar zen. Eraikin berria 2003-04 ikasturtean inauguratu zen eta ikastegiak orduz geroztik izen berria du, titulazio guztiak biltzen dituen izena, alegia: Escuela Universitaria Politécnica de Donostia-San Sebastián/Unibertsitate Eskola Politeknikoa (EUP/UEP-D). 22000 m2-ko eraikina da eta Ibaetako Unibertsitate Campusean dago.

2016ko urtarrilaren 5etik hogei fakultatez eta eskolaz osatutako Euskal Herriko Unibertsitatearen egitura berria errealitatea da jadanik. Aldaketa horren bidez, UPV/EHUk bere antolakuntza indartzen du ikasketen eskaintzan eragin gabe, bere horretan iraungo baitu bai ikasketen bai lurraldeen hedapenari dagokionez. Donostiako Eskola Politeknikoa Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolarekin fusionatzen da eta, dagoeneko,  Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola deitzen da.

Eskola Politeknikoko aurrealdea

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak aliantza eta lankidetza sare sendoa osatu du, eta horixe da bere kapital soziala. Erakunde hauekin elkarlanean aritzen da:

  • UPV/EHUko Ingeniaritza Teknikoko Eskolen sarea. Curriculuma diseinatzeko eta programak koordinatzeko elkarrekin lan egiten dute.
  • Estatuko Ingeniaritza Teknikoko Eskolen sarea. Zuzendarien Konferentziaren bidez, kudeaketa eta hezkuntza berrikuntzari buruzko esperientziak elkarri azaltzen dizkiote.
  • ADEGI Gipuzkoako Enpresarioen Elkartea. Enpresetan praktikak eta karrera-amaierako proiektuak egiteko programetan elkarrekin lan egiten dute.
  • Atzerriko ikasleak prestatzeko ERASMUS sarea.
  • UPV/EHUko Berrikuntza Kudeaketako Zentro Sarea (BKZS). Kudeaketan berrikuntzak egiteari buruzko esperientziak bizi dituzte elkarrekin.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Goi Eskolak. Bigarren zikloko ikasleen jarraipena egitea da helburua.
  • Peritu eta Industria Ingeniari Teknikoen, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen, eta Herri-Lanetako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak. Lehen mailako ikasleei harrera egiteko programan, bizitza aktiborako trantsizio programan, eta prestakuntza programetan parte hartzen dute.

Aliantza sendo horiez gain, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola ikastegia akademi, enpresa edo zientzi arloko beste erakunde batzuekin ere unean uneko hitzarmenen bidez elkarlanean aritzen da, praktikak, karrera-amaierako proiektuak, I+G+B proiektuak, eta abar egiteko.