Dekano andrearen agurra

Ongi etorri Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatera. Ikastegiaren helburua da profesional kualifikatuak prestatzea eta jakintza sortu eta zabaltzea Psikologiaren alorrean, betiere norbanakoaren zein gizartearen ongizatea eta osasuna hobetzeko.

Helburuak horiek izanik, fakultateak graduko prestakuntza programa ematen du, elebiduna, gizartearen premiak asetzen dituena eta gaitasunak eskuratzeko bide irakaskuntza‑ikaskuntza prozesu koordinatua duena. Horren bidez, psikologiaren arloko prestakuntza teoriko eta praktiko sendoa eskuratzen du ikasleak, bai eta espezializazio aurreko prestakuntza ere arlo klinikoan eta psikosozialean eta hezkuntzaren, giza baliabideen eta erakundeen arloan.

Fakultateak, era berean, graduondoko prestakuntza programa eskaintzen du, lau master ofizialek eta berezko bi tituluk osatua. Besteak beste, eskaintzen ditu "Osasun Psikologia Orokorra" masterra, lanbiderako araututako eskumenekin; ikerketa master bat, ikasleak prestatzen dituena Psikologiako doktorego programa egin dezaten; eta espezializazio profesionalera bideratutako masterra.

Hori guztia berrikuntza, etengabeko hobekuntza, pentsamendu askatasuna eta espiritu kritikoa ezaugarri dituen testuinguruan, giza talde kualifikatu eta konprometitu batek bultzatuta.