DOITU lantegia: Zer hobetu dezaket nire irakaskuntzaren plangintzan?

Unibertsitatean irakasleek euren irakasgaia planifikatzearen erronkari aurre egin behar diote, ikasleen ikaskuntza emaitzarik hoberenak lortzeko. Ikastaro honetako parte-hartzaile bakoitzak, irakasgai jakin batean aldez aurretik izan duen esperientziaren azterketatik abiatuta, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan hobetu beharreko alderdiak identifikatu beharko ditu, irizpide zientifiko eta akademikoei eta UPV/EHUren IKD ereduari jarraituz eta Docentiaz programaren irizpideei modu arrazoituan erantzunez. Ikastaro teoriko-praktikoa da, eta prestatzaileek gidariarena egingo dute, parte-hartzaileek ikaskuntza autonomoa eta elkarlanekoa sustatzen dituzten estrategiak eta teknikak eskura ditzaten, ebaluazio etengabe eta formatiboa bermatuz. Horretarako parte-hartzaile bakoitzak, ikasgaiaren gida ofiziala zein bere aldez aurretiko eskarmentua aintzat hartuz, bere plangintza hartu eta doituko du ikasle gida bihar dadin. Ikasle gidak bi eginkizun ditu: irakasgaia aurkezteko bitarteko nagusia da eta, ikasturtean zehar, irakasle eta ikasleentzako bidaia orri gisa erabiltzen da. Helburua honako hau izango da: ongi egituratutako gida osatuak izatea, ikaskuntza bermatzeko informazio nahikoa dutenak, argi idatzita eta ikasleek ulertzeko modukoak. Horrez gain ikaskuntza jarduera jakin bat diseinatuko da, metodologia aktibo eta kooperatiboarekin (IKDrekin) bat datorrena eta etengabea eta ikasleen aburuz formatiboa den ebaluazioaz lagunduta dagoena.

Hartzaileak

Ikastaro hau, irakasten aldez aurretiko eskarmentua izanik, ikasgai jakin bateko plangintzan eta garapenean hobekuntzak sartu nahi dituzten irakasleei zuzenduta dago, tituluan ezarritako jarraibideekin eta IKD, Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa, ereduarekin bat eginda etor daitezen. Alderdi hauek Docentiaz UPV/EHUko irakasleen irakaskuntza jardueraren ebaluazio programaren baitan Ikasleen Gidak ebaluatzeko kalitate irizpide gisa hartzen dira. 

Ikastaroan garatu beharreko gaitasunak

1. Norberaren irakaslanari buruzko hausnarketa eta autorregulazio prozesuak garatzea.
2. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua ezartzea, ikasleen ikaskuntza autonomoa eta elkarlanekoa ardatz izango dituena.
3. Ezarritako gaitasunak garatzeko metodologia aproposak aplikatzea.
4. Etengabeko ebaluazio proposamen formatiboak zehaztea, ikasleak ikasketa emaitzak lortzera bideratuko dituztenak.
5. Irakaskuntzaren plangintza doitzea, zehazki ikasle gida, irakasgaiaren eta IKD ereduaren araberako ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren garapena ahalbidetzeko moduan.

Gaiak

Irakasgaia graduaren testuinguruan.
Ikaskuntza dinamiko eta elkarlanekoa. Ikaskuntza autonomoa.
Gaitasunak. Ikaskuntzaren helburuak eta emaitzak.
Ikaslea ardatz duten metodologiak. Eginkizunak.
Irakaskuntzaren plangintza.
Ebaluazio etengabe eta formatiboa.

Eginkizunak

Gaitasun espezifikoa Eginkizun mota Denbora
1 Irakaslanean hobetu beharreko alderdiak identifikatzea irakasgai batean 4 P+4 EP
1, 2 eta 3 Irakasgaiko gaitasunen garapenean ikaskuntza autonomorako eta elkarlaneko ikaskuntzarako estrategiak erabiltzea eta ikaskuntza jarduera bat diseinatzea 8P+8EP
1, 4 eta 5 Irakasgai bateko irakaskuntzaren plangintza eta ebaluazio sistema birdiseinatzea (Ikasle Gida) 8P+18EP

 

Ebaluazioa/ Akreditazioa

Akreditazioa eskuratzeko bete behar diren betekizunak:
-Gutxienez ordu presentzialen %75eko asistentzia.
-Ikastaroan zehar ezarritako ariketak eta entregagai guztiak burutzea (Hobetu beharreko alderdiei buruzko txostena, Ikaskuntza jarduera bat diseinatzea eta doitutako Ikasle Gida)bakoitzean zehazturiko irizpedeen arabera ebaluatuz.

Gaitasuna Ebaluazio-tresna Ebaluazio-irizpideak Azken notaren gaineko portzentajea
1 Hobetu beharreko alderdiei buruzko txostena -Indarrak eta ahuleziak identifikatzea
-Graduko testuinguruarekiko koherentzia
-Norberaren irakaslanari buruzko hausnarketa mailak
25
1, 2 eta 3 Ikaskuntza jarduera bat diseinatzea -Estrategiak gaitasunekin koherenteak izatea
-Ikaslearen autonomiaren eta elkarlanaren sustapena
25
1, 4 eta 5 Irakaskuntzaren plangintza eta ebaluazioa (Ikasle Gida). -IKD eredurako eta gradurako egokia
-Tekniken askotarikotasuna eta egokitasuna
-Ikaslearen autonomiaren eta elkarlanaren sustapena
-Ebaluazio etengabe eta formatiboa
-Ebaluazio irizpideen koherentzia eta argitasuna
50

 

Izena emateko baldintzak

Nagusiki UPV/EHUn irakaslanean urte batzuetako esperientzia duten irakasleak, haien irakasgaiaren plangintza berrikusi eta hori hobetu nahi dutenak, ikasleen ikaskuntza errazten duten estrategiak eta teknikak gehituta. Ikastaro hau Docentiaz programako beren emaitzak hobetu nahi dituzten irakasleentzat bereziki gomendagarria da.