EHUNDU

EHUNDU programa UPV/EHUko gradu berrien curriculum garapenerako

Irudia
  • Helburua: ikastegiei laguntza eman, kanpoko agentzien aurrean gradu bakoitzaren planifikazioaren ezarpenerako hartutako konpromisoak betetzeko, baita ikastegiek Unibertsitatearekin hartutako IKD konpromisoak betetzeko ere.
  • Hartzaileak: UPV/EHUko ikastegiak.
  • Konpromiso dokumentua sinatzeko epea: gehienez bi hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen denetik kontatzen hasita.
  • Iraupena: Kontratuaren iraupena urte natural batekoa izango da, eta konpromiso dokumentuan hitzartutako adierazleen emaitzen lorpen mailaren arabera ebaluatuko da, ikastegiko kudeaketa txostenaren bidez.

Programa EHUNdu Aurreratua (2017)

EHUndu Aurreratua programa (2017)

A. SARRERA

UPV/EHUk graduko titulazioen curriculuma garatzeko oinarriak onartu zituen, 2010eko apirilaren 26ko Gobernu Kontseiluan. Proiektu hori aurrera eramateko esparrua IKD ereduak zehazten du; hots, ikasleak ardatz dituen irakaskuntza-ikaskuntza eredu kooperatibo eta dinamikoa. Ehundu programa tituluak modu estrategikoan bultzatzeko tresna nagusia izan da, eta ekintza berritzaileak egin ditu, hezkuntza eredu hori garatzeari begira.

IKD eredua zehazteko, UPV/EHUren ikastegiak eta fakultateak aldaketa eta eraldaketaren motortzat hartu behar izan dira, nola prozesuen hala produktuen mailan.

Alde batetik, ikastegiak dira tituluetako barne bizitzaren arduradun nagusiak. Tituluak diseinatzeko, garatzeko eta hobetzeko eginkizuna dute, unibertsitate osorako orientazio komuna edukita, baina bakoitzaren berezitasunetik abiatuta, eta denboran zehar modu dinamikoan egokituta. Azken sei urteetan, ekimen asko jarri dira martxan, besteak beste, irakasle taldeak aktibatzeko, irakaskuntza metodologiak hobetzeko, etengabeko ebaluazioa txertatzeko edo ideia eta proiektu berritzaileak probatzeko, non ikasleak ikaskuntzaren erdigune diren. Emaitza horiek jasota geratu dira lehenengoz unibertsitateko esperientziari buruzko EHUn Bizi galdetegiaren bidez, non azken mailako ikasleek beren jarduera akademikoa eta gaitasunak nola hautematen dituzten adierazi duten.

Bestalde, ikastegiek kontuak eman behar dituzte, kanpo agentzien aurrean. Hala, alderdi hauei erantzun behar izaten diete: a) hartutako konpromisoen lorpena, tituluen eta kudeaketa sistemaren hedapenean, aldaketan eta hobekuntzan, b) Unibasq agentziak emandako gomendioen gauzapena (titulazioen akreditazioa berritzea eta jarraipen txostenak), eta c) Ikastegien barne kalitaterako sistemen ezarpena ziurtatzeko txostenak, sistema horiek izango baitira epe labur eta ertainera unibertsitate ikastegiak akreditatzeko oinarrizko elementuak.

Ikastegiak tituluak garatzeko eragile nagusitzat hartzeko erabaki estrategikoa, zeina UPV/EHUk hartu baitzuen 2010ean, indartu egin da, araudi berri hauen harira: 420/2015 Errege Dekretua, maiatzaren 29koa, unibertsitate eta unibertsitate ikastegiak sortu, aitortu, baimendu eta akreditatzeari buruzkoa (ikus 5. eranskina), eta Europako Unibertsitate Eremuan (ESG) kalitatea ziurtatzeko irizpideak eta ildoak - 2015 (ikus 6. eranskina). Hori guztia kontuan hartuta, ikastegiek tituluak akreditatzeari begira hartzen dute garrantzi gehien, antolakuntza eta kudeaketa unitate nagusiak diren neurrian. Hau aldaketa handia da, eta unibertsitateak laguntza bitartekoak eta baliabideak jarri beharko ditu hori lortze aldera.

Araudi berri horiek eragin zuzena dute maila praktikoan. Maila operatiboan, berriz, UPV/EHUren ikastegiek bi eskakizun handiri erantzun beharko diete, beren erakunde akreditazioa lortzeko. Alde batetik, tituluen akreditazioa eskuratzea, neurri handi batean, ikastegi guztiek lortu dutena, eta, bestetik, KBBSren ezarpenaren ziurtagiria eskuratzea, AUDIT programaren bidez; horrek esan nahi du Europako Unibertsitate Eremuan (ESG-2015) kalitatea ziurtatzeko irizpideak eta jarraibideak ikastegietan ezarri behar direla.

Kontuan hartu beharreko garrantzi handiko beste kontu bat honako hau da: UPV/EHUren araudiaren arabera beharrezkoa da ikastegiari atxikitako arduraldi osoko plantillako irakasle eta ikertzaileen % 70 doktoreak izatea, eta, edozein kasutan, ikastegiak gutxienez arduraldi osoko 50 irakasle eta ikertzaile iraunkor izatea atxikita (Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 3. artikulua, 2016ko urtarrilaren 4ko EHAA). Eskakizun horiek bereziki eragiten diete lan arloari lotutako tradizioa duten ikastegiei, orain beren ikerketa jarduera indartu beharrean egongo baitira.

Eskakizun berri horiek guztiek testuinguruaren arabera ikastegiei laguntzen jarraitzeko beharra indartzen dute; hala, egoera partikular bakoitzetik abiatuta, erronka horiei aurre egiteko estaldura eta laguntza eman beharko zaie.

Ikastegien berrantolaketa norabide horretan egindako lehen urratsa izan da, zeina barruan indartzeko estrategia orokortzat ulertu behar baita eta lagungarria izango baita erakundearen kanpo akreditaziorako. Ikastegien bat egitea 2014an hasi zen, eta, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 27ko Akordioaren arabera, hainbat helburu planteatzen zituen, hala nola ikastegien lehiakortasuna, ikusgarritasuna eta gizarte lidergoa areagotzea, graduko eta graduondoko tituluen eskaintzen arteko erlazioa hobetzea, ikerketa bultzatzea, gastuaren kudeaketan eta eraginkortasunean efizientzia areagotzea, eta sailen antolakuntza sinplifikatzea.

Estrategia global horren bigarren urratsa EHUndu-Aurreratua (ehundu-A hemendik aurrera) programaren edizio berri hau da, eta honen bidez erronka berri horiei guztiei erantzuteko tresna operatiboak ematen dira.

B. ehundu-A PROGRAMAREN HELBURUAK

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetza ikastegiak laguntzearen beharraz jabetzen da, proiektu akademiko sendoen erantzuleak diren unitate gisa indartu daitezen, IKD hezkuntza eredua gara dezaten, eta kanpo agentzien aurrean hartutako konpromisoak lor ditzaten, ikastegiak eta tituluak hedatzeari, akreditatzeari, aldatzeari eta hobetzeari dagokienez. Hori dela eta, ehundu-A programaren edizio honetan helburu hauek proposatzen dira:

1. Ikasleen ikaskuntza prozesuak aberastea, gizartearekin eta garapen iraunkorrarekin duten lotura bultzatuta.
2. Ikasleen eta gizarte eragileen parte hartzea laguntzea, tituluen garapenean.
3. Barne kohesio eta lerrokatze dinamikak laguntzea, inplikatutako kolektiboak (irakasle-ikertzaileak, AZPko langileak eta ikasleak) erakunde proiektu partekatu baten alde konprometitzeko eta ikastegien identitate berria eratzen laguntzeko, bereziki ikastegi berrien kasuan.
4. Finantzaketa osagarria ematea, konpromiso jakin batzuen inguruko akordioa eta bi urtean helburu batzuk betetzea oinarri hartuta.
5. Baldintzak sortzea, epe ertainera ikastegi guztiek kanpo akreditazio instituzionala lor dezaten.

Helburu orokor horiek guztiak lortzeko, bereziki garrantzitsua da adierazle konpromiso orokorrak (C atala) eta UPV/EHUko ikastegi berrietarako adierazle konpromiso espezifikoak (D atala) zehaztea.

C. KONPROMISO ADIERAZLE OROKORRAK

Azaldutakoa aintzat hartuta, ikastegiaren eta unibertsitatearen artean 2017/2018 biurtekorako ezarriko den konpromiso dokumentua definituko duten adierazleen zerrenda emango dugu jarraian. Hemen zerrendatutako adierazleek deialdi honetan parte hartzeko interesa duten unibertsitate ikastegi guztiekin konpromiso dokumentua negoziatzeko oinarria zehazten dute.

 

IKD adierazleak ikastegian (ikastegi bakoitzaren gestio sistemaren bidez gestionatu beharrekoa, UNIKUDE bitartez)
Curriculum garapena:
  • IKD Irakasle Talde egituratu bateko kidea izatea egiaztatzen duten irakasleen kopurua.
  • Titulu bikoitzen eta/edo baterako tituluen kopurua.
  • Hizkuntza ez-ofizialetan emandako irakasgai moduluen kopurua.
  • Euskarazko irakats materiala bultzatzeko deialdian parte hartzen duten irakasleen kopurua.
Erakunde garapena:
  • Euskalitek egiaztatutako BIKAIN ziurtagirirako ebaluatzaile kopurua.
  • KEIZek ikastegiaren KBBSren barne ebaluazioa egiteko eskatzea.
  • Kanpo bisita egiteko eskatzea, KBBSren ezarpenaren ziurtagiria eskuratzeko.
Garapen profesionala:
  • Ikastegiak eta/edo sailek jarduera akademikoa (irakaskuntza, ikerketa, lidergoa eta kudeaketa aurreratua) errazteko bultzatutako jardueretan ikastegiko irakasleek izandako parte hartze ratioa.
  • Ikastegiari atxikitako arduraldi osoa duten irakasle eta ikertzaile iraunkorren %a.
  • Ikastegiari atxikitako arduraldi osoko plantillako irakasle eta ikertzaileen doktoreen %a.
  • Docentiaz ebaluatutako irakasle-ikertzaileen ehunekoa.
Lurralde eta gizarte garapena:
  • Kanpo profesionalen bisita kopurua eta/edo ikasleek, curriculumaren esparruan, beren ikaskuntzari lotuta kanpo erakundeetara egindako bisita kopurua (titulu bakoitzeko).
  • Curriculumez kanpoko praktikak eta/edo GRALak eta MALak kanpo erakundeetan egin dituzten ikasleen kopurua.
  • Ikastegiak antolatutako/babestutako dibulgazio jardueren kopurua(ekitaldiak, foroak, erakusketak…).
  • Titulu bakoitzean, enplegatzaileekin egindako eztabaida taldeen kopurua.
Hezkuntza aktiboa:
  • Kalitatean, berrikuntzan, iraunkortasunean, eta bestelakoetan parte hartu dutela edo prestatuta daudela egiaztatzen duten ikasleen kopurua.
  • Titulu bakoitzean, ikasleekin egindako eztabaida taldeen kopurua.
  • Mugikortasunen bat egin duten egresatuen ratioa.

 

D. KONPROMISO ADIERAZLE ESPEZIFIKOAK UPV/EHUko IKASTEGI BERRIETARAKO

UPV/EHUk kanpoko baldintza berriei aurre egin behar die, bere ikastegietan askotariko egoerak ematen direla kontuan hartuta. Ikastegi berriek, datozen urteetan, elkartu diren ikastegiek hainbat erronka lortu beharko dituzte, beren kudeaketa sistemen diseinua ziurtatzeari, urteko kudeaketa txostenak egiteari eta ikerketa jarduera indartzeari lotuta. Beraz, ikastegi baten konpromiso orokorrari abiapuntuko egoera zehatzari lotutako konpromiso espezifikoak gehitu behar zaizkio.

 

Konpromiso adierazle espezifikoak ikastegi mailan
Ikastegi berriaren KBBS definitzea eta idaztea :
  • Prozesuen mapa berria definitzea.
  • Prozedura eta prozesuen erantzukizun berriak definitzea, ikastegiaren arautegi berrian idatzitakoa oinarri hartuta.
  • Prozedura berriak idatzi, eta ikastegiaren konpromisoko eta tituluen jarraipeneko adierazle guztiak horietan txertatzea.
KBBSren diseinuaren aldeko ziurtagiria lortzea:
  • Unibasqek KBBSren diseinuaren ziurtapena egin dezan eskatzea.
Ikastegi berriaren lehen plan estrategikoa idaztea (2017-2020):
  • Plan estrategikoa Ikastegiko Batzarrera eramatea, onar dezan.
Ikerketa jarduera indartzea :
  • Artikuluen kopurua, indexatutako zientzia aldizkarietan.
  • Artikuluen ehunekoa, Q1en indexatutako zientzia aldizkarietan.
  • Liburuen kopurua.
  • Liburu kapituluen kopurua.
  • Konferentzia edo hitzaldi kopurua, kongresuetan
  • Patente edo baliagarritasun ereduen kopurua.
  • Erakusketa eta artelanen kopurua.
  • Zuzendutako doktorego tesien kopurua.
  • Euskaraz defendatutako doktorego tesien kopurua.
  • Zuzendutako nazioarteko doktorego tesien ehunekoa.
  • Finantzaketa bolumena, ikerketa proiektu eta kontratuetan.

 

E. DEIALDIA, FINANTZAKETA ETA ERABAKIA

 

DEIALDIA

2017ko deialdi hau irekia izango da UPV/EHUko ikastegi guztientzat, eta eskaera egiteko ikastegiko zuzendariak edo dekanoak mezu elektroniko bat bidali beharko du kalberri@ehu.eus helbidera. Mezuari eskaera dokumentua (1. eranskina) eta eranskin horretan eskatutako dokumentazioa erantsiko zaizkio . UPV/EHUren Gobernu kontseiluak deialdi hau onartu eta hurrengo 10 lanegunetan bidali beharko da eskari orria.

Deialdi honek 2018ko abendura arte iraungo du, eta sinatutako konpromiso dokumentuaren adierazleetan lortutako emaitzen arabera ebaluatuko da. Adierazle horiek 2017. eta 2018. urteetako urteko kudeaketa txostenetan agertuko dira. Txostenok Ikastegiko Batzarrak onartu beharko ditu, eta erreferentzia dokumentuak izango dira, deialdiaren emaitzak aztertzeko; izan ere, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako kideek dokumentu horiek aztertu, eta deialdi honetako behin betiko 3. eranskinean aurkeztu eta sinatutako helburuekin alderatuko dituzte.
 

 

FINANTZAKETA

Programa honetatik ikastegiek jasoko duten finantzaketa Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordearen erabakian zehaztuko da, ikastegietara kanpo bisita egin eta dagokion konpromiso dokumentua sinatu ondoren, horrela banatuta:  Ikastegi guztien artean modu zuzenean banatutako  programa honetako aurrekontuaren %50a eta 1. Taularen araberako %50a.

 
1. taula. UPV/EHUko ikastegi bakoitzari dagokion gehieneko finantzaketaren balio proportzionala.

 

Ikastegiaren izena %
Bilboko Ingeniaritza Eskola 15,08%
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola 4,99%
Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola 2,47%
Arkitektura Goi Eskola Teknikoa 3,51%
Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola 3,35%
Arte Ederren Fakultatea 6,22%
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea 5,51%
Kimika Zientzien Fakultatea 1,70%
Zientzia eta Teknologia Fakultatea 9,02%
Zuzenbide Fakultatea 2,59%
Ekonomia eta Enpresa Fakultatea 9,45%
Hezkuntza eta Kirol Fakultatea 2,86%
Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea 3,90%
Farmazia Fakultatea 4,78%
Informatika Fakultatea 2,22%
Letren Fakultatea 5,06%
Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea 12,82%
Psikologia Fakultatea 2,85%
Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea 1,65%
Guztira 100,00%

Ehuneko hori 2017ko aurrekontua oinarri hartuta kalkulatu da, unibertsitateko ikastegien gastu arruntean ikastegiak duen proportzioa aintzat hartuta. Ikastegiren bat deialdi honetara aurkeztuko ez balitz, finantzaketa orokorra mantendu, eta hari legokiokeen zatia lehengo taulan aurkeztutako ikastegien artean banatuko litzateke.

Deialdi honetarako aurrekontua UPV/EHU aurrekontu orokorrak onartu ondoren esleituko da.

Behin betiko finantzaketa lorpenen arabera zehaztu, eta formula honen bidez kalkulatuko da:

 

 Σ [(ValorObtenido - LímiteInferior) / (LímiteSuperior - LímiteInferior)] * PuntosIndicador

 

non adierazle bakoitzaren muga balioak ikastegi bakoitzak definitu, eta eskarian agertuko baitira.


Soberakinik sortuz gero, errektoreordetzak banatu ahal izango du berak sustatutako programarekin eta helburuekin konpromiso handiena duten ikastegien artean.


Ikastegi berriek aparteko finantzaketa eskuratu ahal izango dute, eta horren banaketa honela egingo da:  ikastegi berri guztien artean modu zuzenean banatutako programa honetako aurrekontuaren %50a eta 2. Taularen %50a.
 

2. taula. UPV/EHUko ikastegi bakoitzari dagokion gehieneko finantzaketaren balio proportzionala.

 

Ikastegi berriak %
Bilboko Ingeniaritza Eskola 29,72%
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola 9,84%
Ekonomia eta Enpresa Fakultatea 18,62%
Hezkuntza eta Kirol Fakultatea 5,64%
Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea 7,68%
Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea 25,26%
Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea 3,26%
Guztira 100%

 

ERABAKIA

Deialdi honen gaineko erabakia emango da Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak eta haren taldeak ikastegi bakoitza bisitatu, entzun eta alderdi hauek aztertu ondoren:

  • behin konpromiso adierazleen kopuruaren egiaztapena egin denean, hau da, ikastegi ohikoen kasuan, gutxienez 14 adierazle, eta ikastegi berrien kasuan, berriz, 12 adierazle,
  • eta, 11 adierazle espezifiko ikastegi berrien kasuan.
  • 2018. urterako planteatutako adierazleen konpromiso helburuen lorpen maila.
  • 3. eranskinean eskainitako konpromiso dokumentuaren sinadura.

 

Deialdi honetatik sortutako gastuaren gestio osoa deialdiaren beraren 4. eranskinean ezarritako jarraibideekin bat etorrita egingo da.

 

Leioa, 2017ko apirilaren 6an

Idoia Fernandez

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea