PIE 2014-16

Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuen (HBP) deialdia 2014-2016 aldirako

UPV/EHUko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak, deialdi honen bitartez, irakasleek hezkuntza berritzeko ekimenak burutu ditzaten sustatu nahi du; ekimenek garatu behar dute, funtsean, IKD ereduaren barruan (Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa / Aprendizaje Dinámico y Cooperativo).

SAE-HELAZek hamar urte baino gehiago daramatza hezkuntza berrikuntzarako proiektuak sustatzen. Politika horren ondorioz esperientzia berritzaile ugari eraman dira aurrera unibertsitateko ikasgeletan, eta irakasle askok bereganatu dute ezagutza espezializatua diziplina anitzetako eskolak emateko. 

Hezkuntza berrikuntzaren garapena UPV/EHUn, hainbat arrazoi direla eta, ez da homogeneoa, eta ez da sakondu maila berean ikastegi eta diziplina guztietan. Ingurune batzuetan irakasle talde oso kualifikatuak daude hezkuntza berrikuntzaren gaietan eta beste batzuetan, berriz, hasi berriak dira eta jarduna zaila da.

Egoera horri egoki erantzun ahal izateko, eta kontuan izanda IKD ereduaren garapena UPV/EHUren helburu estrategikoetako bat dela 2012-2017 aldirako, deialdi honen xede nagusiak honako hauek dira:

  • a. Hezkuntza berrikuntzarako talde berrien sorrera eta finkapena sustatu eta bultzatzea, bereziki arlo hori lantzen hasiberriak diren ikastegi edo titulazioetan. Irakats jardunean aldaketak egin nahi dituzten irakasleak dira, ikasleen ikaskuntza prozesua hobetzera zuzendutako aldaketak, eta beste irakasle batzuekin batera prozesu esperimentalei ekiteko gai direla uste dutenak. Helburua da jarraitzea sustatzen, orain arte bezala, berrikuntza esperientzia lokalagoak eta normalean ikasgelara lotuago daudenak.
  • b. Aurretik egon diren hezkuntza berrikuntzako taldeak sendotzea, ibilbide ezagun eta akademia arloan balioztatua dutenak eta berrikuntza lokaletik haratago doazen proiektuak garatu ahal dituztenak. Titulazioak modu globalean hartzen dituzten esparruetan jardungo dute eta, hortaz, konplexutasunaren eta osotasunaren ikuspegitik abiatuta hobekuntzaren alde egingo duten ekimenak bultzatuko dira. Hezkuntza berrikuntzan liderrak izateko baldintzak betetzen dituzten taldeak dira, ikastegietako zuzendaritza taldeekin eta kalitate batzordeekin elkarlanean arituko direnak, ikusgarritasuna lortu eta kanpoko deialdietan lehiakorrak izan ahalko direnak.
  • c. Aipatutako talde mota bien arteko harremanak sendotzea, esperientziak aberastu eta IKDren garapena bultatzeko.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak arautzen du, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren laguntza eta diru laguntzen erregimenari dagokionean (VI. titulua).
 

1. Deialdiaren norainokoa

1.1.- Deialdi honetara aurkezten diren proiektu guztien helburuak izan behar du unibertsitatean hezkuntza berrikuntza laguntzea. Horretarako, esku hartze proposamen berritzaile bat egin beharra dago. Hezkuntza berrikuntza ideia bat martxan jartzea dela uste da, IKDren ikuspuntutik ikasleen ikaskuntza prozesuak hobetzeko eta errazteko, batetik; eta prozesu horien gaineko jakintza sistematiko eta hausnartua sortzeko, bestetik.

1.2.- Adierazitakoaren ildotik, hezkuntza berrikuntzarako proiektuen deialdi honetarako nahitaez betebeharrekoak:

  • a) proiektuaren oinarrian abian jarriko diren proposamen berritzaileak izan behar dira, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak zuzenean bultzatuko dituztenak, irakasgai, modulu edo ikastaro mailan zein titulazio osoaren mailan.
  • b) titulazio bereko edo desberdineko maila, modulu edo gai bera lantzen duten irakasle taldeak izan behar dira. Koordinatzailea beti izango da UPV/EHUrekin kontratu iraunkorra edo estatutu bidezko lotura iraunkorra duen langilea, arduraldi osokoa.
  • c) berrikuntzako taldeko koordinatzaileak Docentiaz programan parte hartu behar izan du, aurreko deialdietan edo orain indarrean dagoenean (2014koa).

1.3.- Talde eskatzaileak ebaluatzerakoan, honako hauek hartuko dira nagusiki aintzat:

  • ea aurkezten duten ikastegiko kalitate batzordearen agiria, non egiaztatzen den proiektuaren oinarri den hezkuntza berrikuntzarako lerroak lehentasuna duela ikastegiko graduen garapenean, eta bat datorrela EHUNDU programarekin eta UPV/EHUren 2012-2017 aldiko Plan Estrategikoarekin.
  • ea taldean hartzen duten parte irakasle, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzearen ondorioz lanetik at egon eta lanera itzultzen diren irakasleek, doktorea izanda bost urte baino gutxiagoko esperientzia duten irakasleak, kanpoko profesionalek edota beste unibertsitateetako irakasleek.
  • ea taldean hartzen duten parte proiektuan paper aktiboa jokatzen duten  ikasleek.

1.4.- Deialdi honetan, ondokoak dira bultzatuko diren gaiak eta horietako bakoitzean lehentasuna izango duten lerroak: 

Gaiak Lehentasuna duten lerroak
Ikasleekin ikasteko metodologia aktiboak (kasuzko metodologia, problemetan oinarritutako ikas-kuntza, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza…) erabiltzea helburu duten proiektuak.
  • LL-1 Maila/modulu arteko eta diziplinarteko ekintzak erabilita ikasleentzako metodologia aktiboak diseinatu, ezarri, bultzatu eta zabaltzen dituzten lan taldeak (kasu honetan, koordinatzailea SAE-HELAZek metodologia aktiboen arloan akreditatutako irakasle bat izango da).
  • LL-2 Metodologia aktiboetarako balidatutako materialaren erabilera bultzatu, ezarri eta ebaluatzen duten lan taldeak (adib.: irakasgaia) (kasu honetan, koordinatzailea SAE-HELAZek metodologia aktiboen arloan akreditatutako irakasle bat izango da).
  • LL-3 Metodologia aktiboen txertaketa iraunkorrak titulazio batean eman dituen emaitzak garatu eta aztertzen dituzten lan taldeak (curriculum hibridoa).
Unibertsitatera datozen ikasleen egokitzapena hobetzera zuzendutako proiektuak, arreta berezia jarrita graduko 1. mailan
  • LL-4 Graduko 1. mailako ikasleen egokitzapena erraztu eta arrakasta hobetuko duten estrategiak bultzatu, ezarri eta ebaluatzen dituzten lan taldeak.
Zeharkako gaitasunekin lotutako gaiak (komunikazioa, generoa, etika, adimen emozionala, talde lana, ekiletza, jasangarritasuna...) bultzatzen dituzten proiektuak.
  • LL-5 Irakasle talde aktiboak (titulazioa, maila/modulukoak) edo epe laburrean lanean hasitako direnak, baldin eta lankidetzan arituta zeharkako gaitasunak diseinatu, garatu eta ebaluatuko badituzte.
Titulazioetan ikasleek beren kasa ikastea sustatzen duten proiektuak.
  • LL-6 Ikaskuntza aktibo eta autonomoa diseinatu, garatu eta ebaluatzen duten irakasgai bateko edo irakasgai batzuetako irakasle taldeak: Rol jokoak, simulazioak, ikerketan oinarritutako ikaskuntza (Inquiry based learning)…
  • LL-7 On-line esperientzia elkarreragileak, bereziki master edo doktorego mailan, abiarazi edo garatzen duten irakasle taldeak.
  • LL-8 Tresna digitalen erabilera berritzaileak diseinatu, garatu eta ebaluatzen dituzten lan taldeak, elkarlanean oinarritutako ikaskuntza eta ikaskuntza kooperatiboa sustatzeko, ikasleek beren ikaskuntza prozesuaz gogoeta egiteko aukera eskainiko duen lan giroa sortzeko, eta/edo ikasleei beren kasa ikasteko gaitasuna garatzeko aukera emango dien lan giroa.
Titulazioen curriculuma garatzen lagunduko duten proiektuak, modu berritzaile batean eta/edo lotura zuzena izanda gizartearen eta lurraldearen garapenarekin.
  • LL-9 Diziplina eta/edo titulazio desberdinetako lan taldeak, ikaskuntza esperientzia erabat berritzaileak landuko dituztenak elkarlanean.
  • LL-10 Nahitaezko zein borondatezko praktiken, gradu amaierako lanen edo master amaierako lanen esperientziak diseinatu, abian jarri eta ebaluatzen dituzten lan taldeak, lotura zuzena izanda kanpoko gizarte erronkekin (jasangarritasunerako, garapenerako eta berdintasunerako heziketa).
  • LL-11 Titulazioa osotasunean aztertuko duten lan taldeak, ebidentzietan oinarrituta curriculum diseinuaren egokitzapenak proposatuko dituztenak.

1.5.- Deialdian ez dira sartzen honako hauek: irakasgaiak Europako Unibertsitate Eremuaren irizpideetara egokitzeko proposamenak eta ikasturte osorako ECTS irakasgaiak koordinatzeko esperientziak.

1.6.- Ez dira onartuko eskatzaileek lehenago landu dituzten eta aurreko deialdietan laguntzak jaso dituzten gaiei buruzko proiektuak.

2. Modalitateak

Hezkuntza berrikuntzarako proiektuetan parte hartuko duten irakasleen kopurua ahalik eta handiena izan dadin baina, aldi berean, esperientzia gehiago daukaten berrikuntza taldeen jarraipena bermatu ahal izateko, bi modutan hartu ahal izango da parte deialdi honetan. Hauek dira baldintzak:

  • 2.1.- HBT modalitatea: Hezkuntza berrikuntzarako taldeek proposatutako proiektuak, hau da, talde hasiberriak edota hezkuntza berrikuntzari buruzko gaietan talde moduan ibilbide laburra daukaten taldeak.

    Hezkuntza berrikuntzarako talde batek (HBT), gutxien dela, UPV/EHUko hiru irakasle-ikertzaile izango ditu eta, hauekin batera, kide laguntzaileak izan ditzake (profesionalak, bigarren hezkuntzako irakasleak, ikasleak, beste unibertsitate batzuetako irakasleak eta abar). HBT taldearen eskaria koordinatuko duen pertsona UPV/EHUrekin kontratu iraunkorra edo estatutu bidezko lotura iraunkorra duen langilea izango da, arduraldi osokoa, eta Docentiaz programan parte hartu behar izan du, aurreko deialdietan edo orain indarrean dagoenean (2014koa).

    Hezkuntza berrikuntzarako proiektuetako azken hiru deialdi amaituetako bitan edo gehiagotan (2010-2012, 2011-2013, 2012-2014) parte hartu duten pertsonek ezingo dute hartu parte HBT taldeetan. Oraindik amaitu gabe dagoen 2013-2015 deialdian parte hartzen dutenek ere ezingo dute hartu parte deialdi honetan.
     
  • 2.2.- HBT Aditua modalitatea: Hezkuntza berrikuntzarako talde adituek proposatutako proiektuak, hau da, ibilbide luzea, esperientzia, prestakuntza eta behar besteko sendotasuna daukan etorkizuneko proiektua dituzten taldeak.

    Hezkuntza berrikuntzarako talde adituak (HBT Aditua) lankidetza espezializaturako oinarrizko unitateak dira, hezkuntza berrikuntza UPV/EHUren eremuan sustatu eta garatzeko helburua dutenak.

    Hezkuntza berrikuntzarako talde aditu batek (HBT Aditua), gutxien dela, UPV/EHUko sei irakasle-ikertzaile izango ditu, eta, aukeran, UPV/EHUkoak ez diren eta irakasleak ere ez diren beste kide batzuk (profesionalak, bigarren hezkuntzako irakasleak, ikasleak, beste unibertsitate batzuetako irakasleak eta abar).

    Hezkuntza berrikuntzarako talde aditu gisa osatzeko (HBT Aditua), taldeak aintzatespena eskatu behar dio Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuko zuzendariari (Graduko Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetza), 2. eranskina baliatuta.

    Halako eskariak koordinatuko dituen pertsona UPV/EHUrekin kontratu iraunkorra edo estatutu bidezko lotura iraunkorra duen langilea izango da, doktorea, arduraldi osokoa, eta 80 puntu edo gehiago lortu behar izan ditu Docentiaz programan. Horrez gain, taldeko kideen % 50, gutxienez, Docentiaz programan parte hartu izandakoak izan beharko dira, edo parte hartzen ari direnak (2014koan).

    Hezkuntza berrikuntzarako talde aditu bakoitzak taldearen izena proposatu behar du. Izena honela hasiko da: "Hezkuntza berrikuntzarako talde aditua: ......", eta argi agertuko da zein den berrikuntza eta aztertze lanen gai nagusia. Izen luze horrez gain akronimo bat proposatu behar da, gehienez ere zortzi letra edo karaktere izango dituena, taldeak eta taldeko kideek hezkuntza berrikuntzaren alorrean egingo duten jardueraren berri emango duen web orriaren goiko aldean agertuko dena.

    Oraindik indarrean dagoen hezkuntza berrikuntzarako proiektu batean (2013-2015 deialdia) lanean ari diren pertsonek ezingo dute hartu parte HBT Aditua talde batean.

 

3. Eskariak

3.1.- Proiektuek UPV/EHUko irakasleen esku egon behar dute. Kide bat taldeko koordinatzailea izango da, eta baita deialdiko arduraduna ere; halaber, koordinatzaileak SAE-HELAZekin lotura izango du.

3.2.- Proiektuek bi ikasturte iraungo dituzte, 2014-16 aldikoak, hain zuzen.

3.3.- Indarrean dagoen HBP batean (2013/2015 deialdia) lanean ari diren taldeko kideek ezin dute deialdian parte hartu.

3.4.- Pertsona batek ezin du deialdi bereko proiektu batean baino gehiagotan parte hartu.

3.5.- Eskaerak aurkezteko epea amaituko da deialdia Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzaren web orrian eta campusetako errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula) argitaratu eta handik berrogei egun naturaletara, kontuan izanda deialdia argitaratzen den data izan behar dela deialdia sinatzen denekoa.

3.6.- Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hamar egun naturalera, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak osatuta eta osatu gabeko eskaeren zerrenda argitaratuko du bere web orrian eta campusetako errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula). Eskaera horiei falta zaizkien datuak ere zehatz-mehatz adieraziko dira, eskaerak osatzeko. Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte dokumentazioa osatzeko, zerrenda argitaratutako egunetik kontatzen hasita. Akatsak konpontzen ez dituenak uko egingo dio eskaerari.

3.7.- Jarduera honetarako diru laguntza jasoz gero, ezin da helburu berdinarekin beste erakunderen batek emandako diru laguntzarik jaso.

3.8.- Proiektuek eskariaren ereduan (1. eranskinean) agertzen diren atalak izango dituzte.

3.9.- Hezkuntza berrikuntzarako talde aditua aintzat hartzeko eskarietan agertuko dira 2. eranskinean zehaztutako atalak.

3.10.- Eskariak bide telematikoaren bidez aurkeztuko dira nagusiki, SAE-HELAZen web gunearen bidez. Aplikazio informatikoarekin arazorik izanez gero, SAE-HELAZera jo beharko da (sae-helaz@ehu.es / 94 601 22 76). Edonola ere, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, bai eta azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazten den moduan ere.

4. Publizitatea

Deialdi honetako informazioa behar bezala zabaltzea bermatuko da; horretarako, prozedura hauek erabiliko dira, gutxienez:

4.1.- Deialdia Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzaren web orrian argitaratuko da.

4.2.- Deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusetako Errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula) argitaratuko da.

5. Ebaluazioa eta erabakia

5.1.- Laguntzak emateko erabakia Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak hartuko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabetera, gehienez.

5.2.- Hezkuntza berrikuntzarako talde aditu gisa aintzat hartua izateko eskaera SAE-HELAZek ebaluatuko du, 1.2 eta 2.2. puntuetan adierazitako baldintzei jarraituta, eta kontuan izanda 2. eranskineko informazioa.Informazio hori egiaztatu egingo da iturri egokiekin. Talderen baten eskaera ezetsia izanez gero, kanpoko ebaluazio batzordeak ez du aztertuko talde horrek aurkeztutako hezkuntza berrikuntzarako proiektua.  

5.3.- Kanpoko ebaluazio batzorde bat osatuko da, hezkuntza berrikuntzan ospe handia duten UPV/EHUz kanpoko irakasleekin. Batzorde horren zeregina izango da modalitate bakoitzean aurkeztuko diren hezkuntza berrikuntzarako proiektuen ebaluazio txostena egitea, laguntzak esleitzeko batzordeak kontuan izango duena.

5.4.- Proiektuak prozedura honi jarraiki balioetsiko dira:

  • a) 1.2. atalean aipatutako betebeharrak eta 2. atalean adierazitako baldintzak betetzea, modalitatearen arabera. Horiek guztiak nahitaez bete behar dira irizpideen araberako balorazio fasera pasatzeko.
  • b) Puntuatzeko irizpideak HBT modalitaterako:
    • Proiektuaren planteamendua eta edukia 1.4 atalean jarritako lehentasunezko gaiekin bat etortzea (gehienez 40 puntu).
    • Berritzailea izatea (gehienez 20 puntu): originala izatea, ikasleen ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoan eragina izatea (IKD), jarduera eremurako egokia eta bideragarria izatea.
    • Erakundeak berak bultzatutako proiektutzat hartutakoak (gehienez 15 puntu): ikastegiko kalitate batzordeak babestutako eta justifikatutako proiektua, eta, beraz, graduen garapenerako lehentasunezko lerro berritzailea.
    • Docentiaz programan parte hartu duten irakasleak (koordinatzailea izan ezik) (gehienez 10 puntu). 
    • Proiektua aurkeztu duen taldearen ezaugarriak (gehienez 10 puntu): ondoko ezaugarriak dituzten lan taldeak: rol aktiboa hartzen duten ikasleak, diziplinartekotasuna, hizkuntzak, irakaskuntzan ibilbide laburra duten doktoreak, generoa, parte hartzaileen aniztasuna …
    • Proiektua aurkeztu duen taldearen ibilbidea hezkuntza berrikuntzaren alorrean (gehienez 5 puntu).
  • c) Puntuatzeko irizpideak HBT Aditua modalitaterako:
    • Proiektuaren planteamendua eta edukia 1.4 atalean jarritako lehentasunezko gaiekin bat etortzea (gehienez 40 puntu).
    •  Berritzailea izatea (gehienez 20 puntu): originala izatea, ikasleen ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoan eragina izatea (IKD), jarduera eremurako egokia eta bideragarria izatea.
    • Erakundeak berak bultzatutako proiektutzat hartutakoak (gehienez 15 puntu): ikastegiko kalitate batzordeak babestutako eta justifikatutako proiektua, eta, beraz, graduen garapenerako lehentasunezko lerro berritzailea.
    • Proiektua aurkeztu duen taldearen ibilbidea hezkuntza berrikuntzaren alorrean (gehienez 25 puntu).

5.5.- Esleipen Batzordea hauek osatuko dute: a) Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak, b) SAE-HELAZeko zuzendariak c) Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuko zuzendariak, eta d) Metodologia Berrikuntzarako zuzendariak. Batzorde honek erabakiko du zein proiektuk jasoko duten laguntza eta laguntza hori zenbatekoa izango den.

5.6.- Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzeko kontutan hartuko dira eskatutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta dagoen aurrekontu zuzkidura. Halaber UPV-EHUn dauden ikastegietako aniztasunari arreta berezia jarriko zaio eta, horretarako ikastegi bakoitzeko, jaso diren eskaeren arabera, gehienezko kopurua ezarriko da. 

5.7.- Erabakiaren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hilabete bateko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek dioten moduan. Halaber, erabaki horren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, erabakia argitaratu eta bi hilabetera, gehienez.

6. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa

6.1.- Deialdi honetarako aurrekontu osoa 2015eko kontratu programan ezartzen den zenbatekoan oinarrituta zehaztuko da.

6.2.- Gehienez ere 1.500 euroko laguntza eskatu ahal izango da HBT modalitateko proiektuetarako, eta 3.000 eurokoa HBT Aditua modalitateko proiektuetarako.

6.3.- Deialdi honen bitartez ez da azpiegitura (material inbentariagarria) finantzatuko; azpiegitura eskari horiek beste bide batzuetatik egin behar dira. Proiektuan laguntzeko langile eskariak ere (lankidetza bekak, aholkularitza teknikoa, e.a.) ez dira onartuko.

6.4.- Jasotako diru laguntza honako hauek ordaintzeko izango dira: material suntsikorra, proiektua gauzatzeko prestakuntza berezia, material bibliografikoa, RED U edo antzekoetan bazkide kuota, proiektuaren emaitzen aurkezpena unibertsitate irakaskuntzarekin zerikusia duten biltzar eta ekitaldietan (beste diru laguntzarik ez badute, betiere), eta emaitzen argitalpena.

6.5.- Proiektuen gastuak zehaztapen hauen arabera gestionatu behar dira:

  • 6.5.1.- Fakturek bat etorri behar dute UPV/EHUko kontularitza arauekin.
  • 6.5.2.- Material suntsikorra unibertsitatearen enpresa esleipendunetan bakarrik erosi daiteke.
  • 6.5.3.- Bidaiak UPV/EHUko enpresa esleipendunean kontratatu behar dira.
  • 6.5.4.- Bibliografiarako diru laguntza behar duten proiektuek eskarian premia hori daukatela adierazi behar dute, baita arlo horretan ze gastu egingo duten ere. Baldintza hori betetzen ez duten proiektuetan ez da bibliografiako fakturarik onartuko. Edozein modutan, bibliografia 2015ean erosi behar da nahitaez, eta fakturak urte horretako apirila eta urria bitartean bidali behar dira.

6.6.- Fakturetan koordinatzailearen onespenak agertu behar du. Koordinatzaileak, fakturak behin sinatuta, SAE-HELAZen entregatu behar ditu (Beatriz Ferrererentzat direla adierazita), dagokien urte naturalean (2015ekoak martxotik abendura eta 2016koak urtarriletik uztaila amaierara).

7. Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak

Laguntza emateko aintzat hartu ziren baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako dirua bueltatu egin behar zaie UPV/EHUko Zerbitzu Orokorrei.

8. Onartutako proiektuen segimendua, ziurtapena eta hedapena

8.1.- Onartutako proiektu bakoitzari SAE-HELAZeko taldeko kide bat egokituko zaio, proiektua errazago garatu ahal izateko.

8.2.- Proiektuaren koordinatzaileak zaindu behar du taldeak behar bezala egiten duela lan. Horren harian, taldekideen altak eta bajak idatziz eskatu behar zaizkio SAE-HELAZeko zuzendariari eta justifikatuta egon behar dute. Eskari horien gaineko erabakia SAE-HELAZek hartuko du, eta ziurtagiria ere berak emango du.

8.3.- Proiektua bukatutakoan, hau da, 2016ko abendua amaitu baino lehen, txosten bat aurkeztu behar da, 3.eranskinean agertzen den amaierako ereduari jarraituz.

8.4.- Ziurtagiria. SAE-HELAZek azken txostena baloratu ostean, programaren baldintzak betetzen dituzten UPV/EHUko irakasleak diren taldekideek ziurtagiri bana jasoko dute, hezkuntza berrikuntzarako proiektuan parte hartu dutela egiaztatzeko.

8.5.- Emaitzak hedatzea. Azken txostena entregatu ondoren, SAE-HELAZek unibertsitateko kideentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera aztertuko du, horretarako egoki ikusten duen bidea erabilita. 

9. Azken xedapena

Interesatuek deialdiaren, deialdiko oinarrien eta deialditik eratorritako administrazio egintzen aurka egin dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen legean ezarritako epean eta moduan.

Leioan, 2014ko azaroaren 28an.

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea, Amaya Zárraga Castro.