PIE 2015-17

Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuen (HBP) deialdia 2015-2017 aldirako

1.Deialdiaren Norainokoa

UPV/EHUko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak, deialdi honen bitartez, irakasleek hezkuntza berritzeko ekimenak sustatu nahi ditu; ekimenek garatu behar dute, funtsean, IKD ereduaren barruan (Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa / Aprendizaje Dinámico y Cooperativo).Hezkuntza berrikuntza honela ulertzen da: ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak IKD ikuspegitik hobetu eta erraztuko dituen ideia bat praktikan jartzea, eta ezagutza sistematikoa eta gogoetatua sortzea ekintza prozesu horri buruz.

SAE-HELAZek hamar urte baino gehiago daramatza hezkuntza berrikuntzarako proiektuak sustatzen. Zehazki, 2010. urteaz geroztik, 159 proiektu finantzatu dira, eta beste horrenbeste esperientzia berritzaile jarri dira abian unibertsitatearen ikasgeletan. Milatik gora irakaslek parte hartu dute esperientzia horietan.

Hala eta guztiz ere, UPV/EHUko hezkuntza berrikuntzaren garapena, hainbat arrazoi direla eta, ez da homogeneoa, eta ez da sakondu maila berean ikastegi eta diziplina guztietan. Ingurune batzuetan, irakasle talde oso kualifikatuak daude hezkuntza berrikuntzari lotutako gaietan, eta beste batzuetan, berriz, hasi berriak dira eta jarduna zaila da. Aniztasun horri erantzun egokia emateko, deialdi honek bi modalitate aurreikusten ditu: HBT eta HBT Adituak, horietako bakoitza bere helburuarekin (ikus 2. puntua). Kontuan izanik IKD ereduaren garapena UPV/EHUren helburu estrategiko bat dela 2012-2017 bosturtekoan, honako hauek dira deialdi honen helburu nagusiak:

  • a. Hezkuntza berrikuntzarako talde berrien sorrera eta finkapena sustatu eta bultzatzea, bereziki arlo hori lantzen hasiberriak diren ikastegi edo tituluetan. Irakats jardunean aldaketak egin nahi dituzten irakasleak dira, ikasleen ikaskuntza prozesua hobetzera zuzendutako aldaketak, eta beste irakasle batzuekin batera prozesu esperimentalei ekiteko gai direla uste dutenak. Helburua da, orain arte bezala, berrikuntza esperientzia lokalagoak eta normalean ikasgelara lotuagoak daudenak sustatzen jarraitzea. (2.1 modalitatea - HBT).
  • b. Aurretik izan diren hezkuntza berrikuntzako taldeak sendotzea, ibilbide ezagun eta akademia arloan balioztatua dutenak, eta berrikuntza lokaletik harago doazen proiektuak garatu ahal dituztenak. Titulazioak modu globalean hartzen dituzten esparruetan jardungo dute eta, hortaz, konplexutasunaren eta osotasunaren ikuspegitik abiatuta hobekuntzaren alde egingo duten ekimenak bultzatuko dira. Hezkuntza berrikuntzan liderrak izateko baldintzak betetzen dituzten taldeak dira, ikastegietako zuzendaritza taldeekin eta kalitate batzordeekin elkarlanean arituko direnak, ikusgarritasuna lortu eta kanpoko deialdietan lehiakorrak izan ahalko direnak. Helburua da nazioarteko literaturak Scholarship of Teaching and Learning (SoTL) deitzen duen hori garatzea, unibertsitate arloko irakaskuntzan eta ikaskuntzan jarduteko modu berez "akademiko" bat dena. Ikuspegi horretatik lan eginez gero, ezinbestekoa da irakaskuntza-ikaskuntza prozesua sistematikoki analizatzea, ingurune akademikoetan sortzen diren ezagutzak transmititzea, eta horiek berdinen arteko kritikaren pean jartzea (2.2 modalitatea - HBT Aditua). 
  • c. Aipatutako talde mota bien arteko harremanak sendotzea, esperientziak aberastu eta IKDren garapena bultzatzeko.

 

Deialdi honetara aurkeztuko den proiektu orok, modalitatea gorabehera, ekarpen bat egin beharko dio gure Unibertsitateko hezkuntza berrikuntzari. Horretarako, esku hartzeko proposamen berritzaile bat aurkeztuko du, helburutzat izango duena efektu positibo eta egiaztagarriak eragitea ikasleen ikaskuntzan. Planteamendu berritzailea irakasgai, modulu edo ikasturte mailan egin ahal izango da, edota tituluaren edo hainbat tituluren maila globalean.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak arautzen du, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioaren laguntzen eta diru laguntzen erregimenari dagokionean (VI. titulua).
 

 

2. Modalitateak

Hezkuntza berrikuntzarako proiektuetan parte hartuko duten irakasleen kopurua ahalik eta handiena izan dadin, baina, aldi berean, esperientzia handiagoa daukaten berrikuntza taldeen jarraipena bermatu ahal izateko, bi modutan hartu ahal izango da parte deialdi honetan. Hauek dira baldintzak:

2.1 HBT modalitatea: Hezkuntza berrikuntzarako taldeek proposatutako proiektuak, hau da, talde hasiberriak edota hezkuntza berrikuntzari buruzko gaietan talde moduan ibilbide laburra duten taldeak. Taldea osatzen duten irakasleek esperientzia berritzaile bat diseinatu, prestatu eta inplementatuko dute, titulu baten edo gehiagoren irakasgai batean edo gehiagotan. Esperientzia horren helburua izango da ikasleen ikaskuntza hobetzea, taldearen iritziz orain arte modu desegokian eskuratu diren gaitasunak eskuratzeko modua ematea.

Hezkuntza berrikuntzarako talde batek (HBT), gutxienez, UPV/EHUko hiru irakasle-ikertzaile izango ditu eta, hauekin batera, kide laguntzaileak izan ditzake (profesionalak, bigarren hezkuntzako irakasleak, ikasleak, beste unibertsitate batzuetako irakasleak eta abar). HBT taldearen eskaria koordinatuko duen pertsona UPV/EHUrekin kontratu iraunkorra edo estatutu bidezko lotura iraunkorra duen pertsona izango da, edo irakasle atxikia, arduraldi osokoa, eta Docentiaz programan parte hartu duena.

Oro har, ezin izango dute parte hartu HBT taldeetan Hezkuntza Berrikuntzarako proiektuetako azken hiru deialdi amaituetako bitan edo gehiagotan (2011-13, 2012-14 eta 2013-15) parte hartu duten pertsonek. Hala ere, pertsona horiek talde batekin batera koordinatzaile gisa aurkezten badira, eta talde horretako kideen % 80k baino gehiagok lehendik ez badute parte hartu inongo hezkuntza berrikuntzarako proiektutan, pertsona horiek HBT talde batean parte hartu ahal izango dute. 

Oraindik amaitu gabe dagoen 2014-2016 deialdian parte hartzen dutenek ere ezingo dute parte hartu deialdi honetan.

2.2 HBT Aditua modalitatea: Hezkuntza berrikuntzarako talde adituek proposatutako proiektuak, hezkuntza berrikuntzaren arloan esperientzia, prestakuntza eta baterako ibilbidea izango duten taldeak, etorkizunean ikastegi edo ikastegi arteko mailan ezartzeko moduko proiektu bat aurkeztuko dutenak. Modalitate honetan, taldea osatzen duten irakasleek "orientazio akademikoko" berrikuntza proiektu bat garatuko dute  (Scholarship of Teaching and Learning, SoTL). Planteamendu horretatik abiatuta, era sistematikoan aztertuko da irakaskuntza eta haren ondorioak ikasleen ikaskuntzan, kontuan izanik bibliografia zientifikoak horri egiten dizkion ekarpenak. Gainera, irakaskuntza eta ikaskuntzan lortutako emaitzak jakinaraziko dira, ingurune akademikoetan (dagokion diziplina/gaiaren irakaskuntza arloan esanguratsuak diren biltzar eta jardunaldi zientifikoak). Azkenik, sortutako ezagutza berdinen arteko kritikaren pean jarriko da, komunitate akademikoek onetsi edo ezetsi dezaten (aldizkari esanguratsuetan argitaratzea).

Azken batean, HBT Aditua modalitatearen helburua da ikerketa eta esperimentazio kontrastatuan oinarrituko den irakaskuntza garatzea. Eredu horretan, irakaskuntza komunitate zientifikoen prozeduren mende ipintzen da: ebidentzia enpirikoa sortzea, sistematizazioa, komunikazioa eta berdinen arteko kritika. 

Hezkuntza berrikuntzarako talde aditu batek (HBT Aditua), gutxienez, UPV/EHUko sei irakasle-ikertzaile izango ditu, eta, aukeran, UPV/EHUkoak ez diren eta irakasleak ere ez diren beste kide batzuk (profesionalak, bigarren hezkuntzako irakasleak, ikasleak, beste unibertsitate batzuetako irakasleak eta abar).

Halako taldeak koordinatuko dituen pertsona UPV/EHUrekin kontratu iraunkorra edo estatutu bidezko lotura iraunkorra duen pertsona izango da, doktorea, arduraldi osokoa, eta 80 puntu edo gehiago lortu behar izango ditu Docentiaz programan. Horrez gainera, taldeko kideen % 50, gutxienez, Docentiaz programan parte hartu izandakoak izango dira.

Hezkuntza berrikuntzarako talde aditu bakoitzak taldearen izena proposatu behar du. Izena honela hasiko da: "Hezkuntza berrikuntzarako talde aditua: ......", eta argi adieraziko du zein den berrikuntza eta aztertze lanen gai nagusia. Izen luze horrez gainera, akronimo bat proposatu beharko da, taldeak eta taldeko kideek hezkuntza berrikuntzaren alorrean egingo duten jardueraren berri emango duen web orriaren goiko aldean agertuko dena.

Oraindik indarrean dagoen hezkuntza berrikuntzarako proiektu batean (2014-2016 deialdia) lanean ari diren pertsonek ezin izango dute parte hartu HBT Aditu batean.

 

3. Gaiak eta lehentasunezko lerroak

Deialdi honetan, ondokoak dira bultzatuko diren gaiak eta horietako bakoitzean lehentasuna izango duten lerroak:

Gaiak Lehentasuna duten lerroak
Ikasleen ikaskuntza hobetzea helburu duten proiektuak, metodologia aktiboak erabilita 
  • Ikastegien arteko ekintzak edo maila/moduluko diziplinarteko ekintzak erabilita ikasleentzako metodologia aktiboak diseinatu, ezarri, bultzatu eta zabaltzen dituzten lantaldeak (kasu honetan, koordinatzailea SAE-HELAZek metodologia aktiboen arloan akreditatutako irakasle bat izango da.
  • Metodologia aktiboak titulu batean era iraunkorrean sartzeak eman dituen emaitzak garatu eta aztertzen dituzten lantaldeak (curriculum hibridoa).
Unibertsitatera datozen ikasleen egokitzapena hobetzera zuzendutako proiektuak, arreta berezia jarrita graduko 1. mailan.
  • Graduko 1. mailako ikasleen egokitzapena erraztu eta arrakasta hobetuko duten estrategiak bultzatu, ezarri eta ebaluatzen dituzten lantaldeak.
Titulazioetan ikasleen ikaskuntza autonomoa sustatzen duten proiektuak.
  • Ikaskuntza aktibo eta autonomoa diseinatu, garatu eta ebaluatzen duten irakasgai bateko edo irakasgai batzuetako irakasle taldeak: rol jokoak, simulazioak, ikerketan oinarritutako ikaskuntza (Inquiry based learning)…
  • On-line esperientzia elkarreragileak, bereziki master edo doktorego mailan, abiarazi edo garatzen duten irakasle taldeak.
Gizarte erronkekin lotura eginez ikasleen ikaskuntza bultzatzen duten proiektuak. 
  • Gizarte ingurunearekin elkarlan estuan ikaskuntza esperientziak planteatzen dituzten lantaldeak (zerbitzu ikaskuntza, iraunkortasunerako hezkuntza, generoa…)
  • Nahitaezko zein borondatezko praktiken, gradu amaierako lanen edo master amaierako lanen esperientziak diseinatu, abian jarri eta ebaluatzen dituzten lantaldeak, lotura zuzena izanda kanpoko gizarte erronkekin (iraunkortasunerako, garapenerako eta berdintasunerako heziketa).
Tituluen hobekuntza iraunkorra eta globala garatzeko xedea duten proiektuak.
  • Ikastegiko Kalitate Batzordearekin elkarlan estuan, titulua bere osotasunean aztertuko duten lantaldeak, eta, ebidentzietan oinarrituta, irakaskuntza eta ikaskuntza eredua hobetzeko estrategiak proposatuko dituztenak tituluan.

3.1. Ez dira onartuko eskaera egin duen taldeak aurretik landuak dituen gaiei buruzko proiektuak, aurreko deialdietan laguntza jaso dutenak, garatu beharreko alderdi ineditoak argi eta garbi zehazten direnean izan ezik.

 

3.2. HBT Aditua modalitatean, taldeak aldez aurreko esperientzia izango du gai zehatz bati lotutako berrikuntzaren garapenean, baina konplexutasun maila handiagoa  bereganatuko dute irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi akademikoa bereganatu ahala (ikus 2.2 atala).
 

 

4. Eskariak

4.1- Proiektuek UPV/EHUko irakasleen esku egon behar dute. Kide bat taldeko koordinatzailea izango da, eta baita deialdiko arduraduna ere; halaber, koordinatzaileak SAE-HELAZekin lotura izango du.

4.2- Proiektuek bi ikasturte iraungo dute, 2015-17 aldikoak, hain zuzen.

4.3- Indarrean dagoen HBP batean (2014/2016 deialdia) lanean ari diren taldeko kideek ezin izango dute deialdian parte hartu.

4.4- Pertsona batek ezin izango du deialdi bereko proiektu batean baino gehiagotan parte hartu.

4.5- Eskaerak aurkezteko epea amaituko da deialdia Hezkuntzarako laguntza Zerbitzuren web orrian eta campusetako errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula) argitaratu eta handik egutegiko 30 egunetara, kontuan izanda deialdia argitaratzen den data izan behar dela deialdia sinatzen denekoa.

4.6- Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta egutegiko hamar egunetara, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (SAE-HELAZ) osatutako eta osatu gabeko eskaeren zerrenda argitaratuko du, bere web orrian eta campusetako errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula). Eskaera horiei falta zaizkien datuak ere zehatz-mehatz adieraziko dira, eskaerak osatzeko. Eskatzaileek egutegiko hamar egun izango dituzte dokumentazioa osatzeko, zerrenda argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Akatsak konpontzen ez dituen pertsonak uko egingo dio eskaerari.

4.7- Jarduera honetarako diru laguntza jasoz gero, ezin izango da helburu berarekin beste erakunderen batek emandako diru laguntzarik jaso.

4.8- Eskariak bide telematikoaren bidez aurkeztuko dira nagusiki, SAE-HELAZen webgunearen bidez: gestion.ehu.es/PIE. Aplikazio informatikoarekin arazorik izanez gero, SAE-HELAZera jo beharko da (sae-helaz@ehu.es / 94 601 22 76).

5. Publizitatea

Deialdi honetako informazioa behar bezala zabaltzea bermatuko da; horretarako, prozedura hauek erabiliko dira, gutxienez:

5.1- Deialdia Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren  web orrian argitaratuko da.

5.2- Deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusetako Errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula) argitaratuko da.
 

6. Ebaluazioa eta erabakia

6.1- Laguntzak emateko erabakia Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak hartuko du, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabetera, gehienez.

6.2- Ebaluazio batzorde bat osatuko da, hezkuntza berrikuntzan ospe handia duten unibertsitateko irakasleekin. Batzorde horren zeregina izango da modalitate bakoitzean aurkeztuko diren hezkuntza berrikuntzarako proiektuen ebaluazio txostena egitea, Esleipen Batzordeak kontuan izango duena laguntzak emateko orduan.

6.3- Ebaluazio Batzordeak, proiektuak baloratzean, irizpide hauek hartuko ditu kontuan puntuak banatzean:

a) HBT modalitatea:

  • Proiektuaren planteamendua eta edukia 13.1 atalean ezarritako lehentasunezko gaiekin bat etortzea (gehienez 25 puntu).
  • Berritzailea izatea (gehienez 20 puntu): originala izatea, ikasleen ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoan eragina izatea (IKD), jarduera eremurako egokia eta bideragarria izatea.
  • Eragina irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan (25 puntu arte): zenbat ikaslerengan izango duen eragina, zenbat kreditutan, espero diren ikaskuntza emaitzak.
  • Docentiaz programan parte hartu duten irakasleak (koordinatzailea izan ezik) (gehienez 10 puntu).
  • Proiektua aurkeztu duen taldearen ezaugarriak (gehienez 15 puntu): ondoko ezaugarriak dituzten lantaldeak: rol aktiboa hartzen duten ikasleak, diziplinartekotasuna, hizkuntzak, irakaskuntzan ibilbide laburra duten doktoreak, generoa, parte hartzaileen aniztasuna …
  • Proiektua aurkeztu duen taldekideen ibilbidea hezkuntza berrikuntzaren alorrean (gehienez 5 puntu). Azken 5 urteetan hezkuntza berrikuntzari lotuta egin diren 3 argitalpen edo biltzarretan izandako parte-hartze hautatuko dira gehienez.  

b) HBT Aditua modalitatea:

  • Proiektua planteatzea eta egokitzea irakaskuntza-ikaskuntzaren "orientazio akademiko" batera (SoTL). Berrikuntzaren jomuga den gaia (3.2 atala) justifikatu egin beharko da, dagokion bibliografiaren analisi zehatz batetik abiatuta (35 puntu arte).
  • Berritzailea izatea (gehienez 15 puntu): originala izatea, ikasleen ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoan eragina izatea (IKD), jarduera eremurako egokia eta bideragarria izatea.
  • Proiektua aurkeztu duen taldeak aldez aurretik hezkuntza berrikuntzaren arloan batera eginiko ibilbidea (25 puntu arte): azken 5 urteetako 10 ekarpen hautatuko dira gehienez (argitalpenak, biltzarrak, etab.).
  • Espero diren emaitzak (25 puntu arte). Eragina tituluan bere osotasunean. Zenbat ikaslerengan izango duen eragina, zenbat kreditutan, espero diren ikaskuntza emaitzak eta zer ikastegitan izango duen eragina. Bereziki baloratuko dira emaitzak unibertsitate irakaskuntzari lotutako aldizkari zientifikoetan argitaratzeko aurreikuspenak, baita biltzarretako parte-hartzeak ere, eginiko lanen kontrastea ahalbidetzeko.


6.4- Eskaerak aurkezteko epea amaituta, SAE/HELAZ harremanetan jarriko da deialdira aurkeztu diren irakasleen ikastegiekin. Ikastegiek, Kalitateko dekanorde, zuzendariorde edo Kalitate Batzordeen bitartez, beren irakasleek aurkeztutako eskaerak aztertuko dituzte, berresteko edo ez.

6.5- Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzeko, kontutan hartuko dira eskatutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta dagoen aurrekontu zuzkidura. Halaber, UPV-EHUn dauden ikastegietako aniztasunari arreta berezia jarriko zaio eta, horretarako ikastegi bakoitzeko, jaso diren eskaeren arabera, gehienezko kopurua ezarriko da.

6.6- Esleipen Batzordea hauek osatuko dute: a) Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak, b) SAE-HELAZeko zuzendariak c) Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuko zuzendariak, eta d) Metodologia Berrikuntzarako zuzendariak. Batzorde honek hautatuko du zein proiektuk jasoko duten laguntza eta laguntza hori zenbatekoa izango den.

6.7- Erabakiaren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek ezarritako moduan. Halaber, erabaki horren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, erabakia argitaratu eta bi hilabetera, gehienez.

 

7. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa

7.1- Deialdi honetarako aurrekontu osoa 2016ko kontratu programan ezartzen den zenbatekoan oinarrituta zehaztuko da.

7.2- Gehienez ere 2.000 euroko laguntza eskatu ahal izango da HBT modalitateko proiektuetarako, eta 3.500 eurokoa, HBT Aditua modalitateko proiektuetarako.

7.3- Deialdi honen bitartez, ez da azpiegitura (material inbentariagarria) finantzatuko; azpiegitura eskari horiek beste bide batzuetatik egin behar dira. Proiektuan laguntzeko langile eskariak ere (lankidetza bekak, aholkularitza teknikoa, e.a.) ez dira onartuko.

7.4- Jasotako diru laguntza honako hauek ordaintzeko izango dira: material suntsikorra, proiektua gauzatzeko prestakuntza berezia, material bibliografikoa, RED U edo antzekoen bazkide kuota, proiektuaren emaitzen aurkezpena unibertsitate irakaskuntzarekin zerikusia duten biltzar eta ekitaldietan (beste diru laguntzarik ez badute, betiere), eta emaitzen argitalpena.

7.5- Proiektuen gastuak zehaztapen hauen arabera kudeatu behar dira:

  • 7.5.1. Fakturek bat etorri behar dute UPV/EHUko kontularitza arauekin.
  • 7.5.2. Material suntsikorra unibertsitatearen enpresa esleipendunetan bakarrik erosi daiteke.
  • 7.5.3. Bidaiak UPV/EHUko enpresa esleipendunean kontratatu behar dira.
  • 7.5.4. Bibliografiarako diru laguntza behar duten proiektuek eskarian premia hori daukatela adierazi behar dute, baita arlo horretan zer gastu egingo duten ere. Baldintza hori betetzen ez duten proiektuetan, ez da bibliografiako fakturarik onartuko. Edozein modutan, bibliografia 2016ean erosi behar da nahitaez, eta fakturak urte horretako martxoa eta uztaila bitartean bidali behar dira.

7.6- Fakturetan koordinatzailearen onespenak agertu behar du. Koordinatzaileak, fakturak behin sinatuta, SAE-HELAZen entregatu behar ditu (Barne postaz, Beatriz Ferrerrentzat direla adierazita), dagokien urte naturalean (2016koak martxotik abendura eta 2017koak urtarriletik uztaila amaierara).

8. Diru laguntza itzultzeko arrazoiak

Laguntza emateko aintzat hartu ziren baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako dirua itzuli beharko zaie UPV/EHUko zerbitzu orokorrei.

9. Onartutako proiektuen jarraipena, ziurtapena eta hedapena

9.1- Onartutako proiektu bakoitzari SAE-HELAZeko taldeko kide bat egokituko zaio, proiektua errazago garatu ahal izateko.


9.2- Proiektuaren koordinatzaileak zaindu egin behar du taldeak behar bezala egiten duela lan. Horren harian, taldekideen altak eta bajak idatziz eskatu behar zaizkio SAE-HELAZeko zuzendariari, eta justifikatu egin behar dira. Eskari horien gaineko erabakia SAE-HELAZek hartuko du, eta ziurtagiria ere erakunde horrek emango du.

9.3- Proiektua amaitzean, hau da, 2017ko abendua amaitu baino lehen, txosten bat aurkeztu beharko da, 1. eranskinean agertzen den amaierako ereduari jarraituz.

9.4- Ziurtagiria. SAE-HELAZek amaierako txostena baloratu ondoren, programaren baldintzak betetzen dituzten UPV/EHUko irakasleak diren taldekideek ziurtagiri bana jasoko dute, hezkuntza berrikuntzarako proiektuan parte hartu dutela egiaztatzeko.

9.5 Emaitzak zabaltzea. Amaierako txostena entregatu ondoren, SAE-HELAZek unibertsitateko kideentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera aztertuko du, horretarako egoki irizten dion bidea erabilita.
 

Azken xedapena

Interesatuek deialdiaren, deialdiko oinarrien eta deialditik eratorritako administrazio egintzen aurka egin dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen legean ezarritako epean eta moduan.

Leioan, 2015eko urriaren 26an.

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea, Amaya Zárraga Castro.