HEZKUNTZA BERRIKUNTZARAKO PROIEKTUEN DEIALDIA 2019-2020 BIURTEKORAKO

1. DEIALDIAREN EREMUA

UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak, deialdi honen bitartez, irakasleek hezkuntza berritzeko ekimenak gara ditzaten sustatu nahi du, IKD ereduaren bitartez (ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoa) (http://www.ikasketa-berrikuntza.ehu.eus/p272-shikdhm/eu/). Hezkuntza berrikuntzaren oinarri da ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan antzemandako zailtasunei aurre egitea edo prozesuan hobetzea. Horretarako aldaketak egin beharra dago irakaslanean ikasleen ikasketa prozesua hobetze aldera, emaitzak aztertu behar ezagutza sistematikoa lortzeko eta gogoeta egin behar da, kontuan izanda, betiere, berrikuntzaren lan eremua ikasgela dela.

SAE-HELAZek hamar urte baino gehiago daramatza hezkuntza berrikuntzarako proiektuak sustatzen (HBP). Hauen bidez diruz laguntzea eta babes instituzionala eskaini nahi izan zaie irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan aldaketak egiteaz arduratu eta egoera bakoitzean lortutako emaitzen inpaktua aztertu eta interpretatu duten irakasle taldeei. Hezkuntza berrikuntzarako proiektu horietan (HBP) inplikatutako irakasleak miatzen aritu dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan eta haien irakaslanaz gogoeta egin dute, betiere bi alderdiak hobetzeko modua bilatu nahirik. Halako ariketek haien karrera akademikoa garatu dute eta horixe izan da, hain zuzen ere, DOCENTIAZ programaren helburuetako bat. Hain zuzen ere, irakasle horiek Scholarship of Teaching and Learning (SoTL) eredura hurbildu dira, unibertsitate arloko irakaskuntzan eta ikaskuntzak berezko duen eredu “akademikora”. Hezkuntza berrikuntzako arlo batean espezializatu dira, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua sistematikoki aztertu dute eta emaitzen inguruko teoriak garatzera heldu dira, ingurune akademikoetan sortzen diren jakintzak transmititzera, eta horiek berdinen arteko kritikaren pean jartzera.

Bestalde, berrikuntza prozesuen bidez lortutako hobekuntzek eragina dute titulazioko emaitza orokorretan, eta, beraz, titulazioa garatzeko ekimenak eta baliabideak modu koordinatuan bideratzeko aukera izan daitezke. Oro har, orain arte egin diren berrikuntza proiektuak irakasleen ekimenez egin dira eta oso eremu mugatuan, irakasgai edo diziplina zehatz batean, hain zuzen ere. Aniztasun honi erantzun nahian eta azken deialdietan jorratutako ildoari jarraiki, bi mota ezberdin jasotzen dira deialdi honetan: HBT eta HBT Adituak (ikus 2. puntua).

Azkenik, abenduaren 19ko 274/2017 Dekretua, graduko, masterreko eta doktoregoko tituluak lortzera bideratutako unibertsitateko ikasketa ofizialak ezarri eta kentzeari buruzkoa, erreferentzia garrantzitsua da, unibertsitateko ikasketa ofizialen ezaugarriak hiru bektoretan oinarrituko baitira: prestakuntza, metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritua; nazioartekotzea; eta harremanak enpresa eta erakundeekin.

Honako hauek dira deialdi honetan planteatzen diren helburuak:

  • a. Hezkuntza berrikuntzarako talde berrien sorrera eta finkapena sustatu eta bultzatzea, bereziki arlo hori lantzen hasiberriak diren ikastegi edo titulazioetan. Irakats jardunean aldaketak egin nahi dituzten irakasleak dira, ikasleen ikaskuntza prozesua hobetzera zuzendutako aldaketak, eta beste irakasle batzuekin batera prozesu esperimentalei ekiteko gai direla uste dutenak. Honetara, esperientzia lokalagoak, normalean ikasgelara lotuagoak daudenak, sustatu nahi dira. (HBT - 2.1 modalitatea).

 

  • b. Aurretik egon diren hezkuntza berrikuntzako taldeak sendotzea, ibilbide ezagun eta akademia arloan balioztatua dutenak eta berrikuntza lokaletik harago doazen proiektuak garatu ahal dituztenak. Hortaz, titulazioak modu globalean hartzen dituzten esparruetan ari dira, konplexutasunaren eta osotasunaren ikuspegitik. Hezkuntza berrikuntzan liderrak izateko baldintzak betetzen dituzten taldeak dira, ikastegietako zuzendaritza taldeekin eta kalitate batzordeekin elkarlanean arituko direnak, ikusgarritasuna lortu eta kanpoko deialdietan lehiakorrak izan daitezkeenak. (HBT - Adituak 2.2 modalitatea).

 

  • c. Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuak sustatzea, helburu dutenak jarduerak egitea unibertsitateko ikasketa ofizialen ezaugarri diren bektoreak garatzea:
    • Metodo eta metodologia berritzaileak integratzea titulaziorako zehaztutako gaitasunak garatzeko, ikasketa aktiboan eta ikaslearen esperientzian oinarrituak, ikaslearen parte hartzea eta erantzukizuna areagotuko dutenak, esaterako: ikasketa proiektuak, arazoetan oinarritutako ikaskuntza edo erronketan oinarritutako ikaskuntza.
    • Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak integratzea, enpresa eta erakundeekiko lankidetzaren bitartez, titulazioan ezarritako gaitasunak garatzeko, kanpoko praktikak sakonduz eta prestakuntza dualeko ibilbide kurrikularrera hurbilduz.
    • Joan eta etortzeko mugikortasun programak bultatzea, baita nazioarteko ikasleen matrikulazioa eta UPV/EHUko ikasleen nazioarteko orientazioa –hirugarren hizkuntzen prestakuntzarako eskaintzen bidez– eta titulazioetan nazioartekotze estrategiaren ezarpena ere.
  • d. Euskarazko prestakuntzaren kalitatea sustatzea euskarazko irakas eskaintzan aurreratzeko eta unibertsitateko euskararen erabileraren normalizazioa finkatzea, batez ere arlo akademikoan.

Deialdi honetara aurkeztuko den proiektu orok, modalitatea gorabehera, ekarpen bat egin beharko dio gure unibertsitateko hezkuntza berrikuntzari. Horretarako, esku hartzeko proposamen berritzaile bat aurkeztuko du, ikasleen ikaskuntzan efektu positibo eta egiaztagarriak eragitea helburutzat izango duena. Planteamendua irakasgai, modulu edo ikasturte mailan egin ahal izango da, edota titulazioaren edo hainbat titulazioren maila globalean.

Deialdia honetarako lege oinarria honakoa izan da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea, batez ere VI. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioaren laguntza eta diru laguntzei buruzkoa.

Oraindik amaitu gabe dagoen 2019/2020 deialdian parte hartzen dutenek ere ezingo dute parte hartu deialdi honetan.

 

2. MODALITATEAK

Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuetan ahalik eta irakasle gehienek har dezaten parte, guztion helburu izanik titulazioak hobetzea horren aldeko ekimenak sustatzeko eta titulazioko gaitasunak garatzeko metodologia berritzaileak, nazioartekotzea eta enpresen lankidetza integratzeko, hau da, hori guztia errazte aldera, deialdi honetan bi modalitatetan hartu ahal izango da parte, baldintza hauetan:

2.1.- HBT modalitatea:

Hezkuntza berrikuntzarako taldeek proposatutako proiektuak, hau da, talde hasiberriak edota hezkuntza berrikuntzari buruzko gaietan talde moduan ibilbide laburra daukaten taldeak. Esperientzia berritzaile bat diseinatu, prestatu eta inplementatuko da, titulazio baten edo gehiagoren irakasgai batean edo gehiagotan. Helburua izango da gaitasunak garatzean ikasleen ikaskuntza hobetzea. Behin ekintza edo ekintza multzoa burututa, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan izandako inpaktua ebaluatu beharko da.

Honako hauek dira HBI taldeei eskatuko zaizkien betebeharrak:

  • Gutxien dela, UPV/EHUko hiru irakasle-ikertzailez osatuta egongo da. Bestelako kide laguntzaileak ere izan ditzake (ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, kanpoko profesionalak, beste unibertsitate edo hezkuntza mailetako irakasleak).
  • HBT taldearen eskaria koordinatuko duen pertsonak UPV/EHUrekin kontratu iraunkorra edo estatutu bidezko lotura iraunkorra edo irakasle atxiki gisako kontratua izango du eta DOCENTIAZ programan parte hartu behar izan du, ebaluazioan 60 puntu edo gehiago lortuta.
  • Oro har, ezin izango dute parte hartu HBT taldeetan Hezkuntza Berrikuntzarako proiektuetako azken hiru deialdi amaituetako bitan edo gehiagotan (2014-16, 2015-17 eta 2016-18) parte hartu duten pertsonek. Hala ere, pertsona horiek talde batekin batera koordinatzaile gisa aurkezten badira, eta talde horretako kideen % 80k baino gehiagok ez badute lehenago parte hartu inongo hezkuntza berrikuntzarako proiektutan, HBT talde batean parte hartu ahal izango dute.

 

2.2.- HBT Adituak modalitatea:

Hezkuntza berrikuntzarako talde adituek proposatutako proiektuak, hezkuntza berrikuntzaren arloan esperientzia, prestakuntza eta batera egindako ibilbidea izango duten taldeak, etorkizunean espezializazio gai baten inguruan proposatutako proiektu bat, ikastegi edo ikastegi arteko mailan ezartzeko modukoa, aurkeztuko dutenak. Modalitate honetan, taldea osatzen duten irakasleek “orientazio akademikoko” berrikuntza proiektu bat garatuko dute (Scholarship of Teaching and Learning, SoTL). Planteamendu horretatik abiatuta, era sistematikoan aztertuko da irakaskuntza eta haren ondorioak ikasleen ikaskuntzan, kontuan izanik bibliografia zientifikoak horri egiten dizkion ekarpenak. Gainera, irakaskuntza eta ikaskuntzan lortutako emaitzak jakinaraziko dira, ingurune akademikoetan (dagokion diziplina/gaiaren irakaskuntza arloan esanguratsuak diren biltzar eta jardunaldi zientifikoak). Eta azkenik, sortutako jakintza parekoen arteko kritikaren pean jarriko da, zein berari dagozkien komunitate akademikoek balioztatu edo baztertu dezaten (aldizkari esanguratsuetan argitaratzea).

Azken batean, HBT Adituak modalitatearen helburua da ikerketa eta esperimentazio kontrastatuan oinarrituko den irakaskuntza garatzea. Eredu horretan, irakaskuntza komunitate zientifikoen prozeduren mende ipintzen da: ebidentzia enpirikoa sortzea, sistematizazioa, komunikazioa eta berdinen arteko kritika.

Honako hauek dira HBI Adituak taldeei eskatuko zaizkien betebeharrak:

  • Gutxien dela, UPV/EHUko bost irakasle-ikertzailek osatuko dute eta, aukeran, kidego honetatik kanpoko osakideak (ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, kanpoko profesionalak, beste unibertsitate edo hezkuntza mailetako irakasleak eta abar).
  • Proiektua koordinatuko duen pertsonak UPV/EHUrekin estatutu bidezko lotura iraunkorra edo irakasle atxiki gisako kontratua izango du eta DOCENTIAZ programan 80 puntu edo gehiago lortu behar izan ditu.
  • Horrez gain, taldeko kideen % 50, gutxienez, DOCENTIAZ programan parte hartuak izango dira nahitaez.

IKD eta edIKDit egituratutako irakasle talde gisa egiaztatutako taldeek jo dezakete modalitate honetara, baldin eta aurrez aipatu eta exijitutako baldintzak betetzen badituzte, izan ere, gutxienez 10 puntu aitortuko zaizkie automatikoki "Criterios Específicos HBT Adituak" atalean (ikus 2. taulako 6.3 atala).

Hezkuntza berrikuntzarako talde aditu bakoitzak(HBT Adituak) taldearen izena proposatu behar du. Izena honela hasiko da: "Hezkuntza berrikuntzarako talde aditua: ......", eta argi agertuko da zein den berrikuntza eta aztertze lanen gai nagusia. Izen luze horrez gain akronimo original bat proposatu behar da, gehienez ere zortzi letra edo karaktere izango dituena, taldeak eta taldeko kideek hezkuntza berrikuntzaren alorrean egingo duten jardueraren berri emango duen web orriaren goiko aldean agertuko dena.

HBT Aditu modalitatean, Hezkuntza berrikuntzan espezializatutako taldeek, 2016-18 deialdian aintzatetsi eta finantzatutakoek, beraiek planteatutako ikerketa bi urte gehiago berritzeko eta luzatzeko aukera izan ahalko dute. Horretarako, deialdi honetan, hurrengo bi urteetan burutuko duten lan egitasmoa aurkeztu beharko dute, proiektuaren berriztapenaren justifikazioa, espero diren emaitzen inpaktua eta lanaren zabalkunde internazionala adieraziz. HBT Adituak taldeak, espezializazio talde moduan duen izena eta akronimoa mantendu behar ditu.

Badago aukera taldearen osaera aldatzeko arrazoia bada kideetakoren batek erretiroa hartu duelako, bajan edo gaixorik dagoelako edo behar bezala arrazoitutako beste arrazoi batzuengatik. Hala ere, taldearen osaera berriak lehen aipatutako HBT Adituetarako baldintzak bete beharko ditu.

3. LEHENTASUNEZKO LERROAK


3.1. Nahiz eta bestelako jardun ildo behar bezain justifikatu sar daitezkeen deialdi honetara, honako hauek dira lehenetsitako ildoak (LL):

LL-1 Ikasleen ikaskuntza hobetzera bideratutako proiektuak, oinarri dutenak: irakasgai batean edo gehiagotan metodologia aktiboetan oinarritutako prestakuntza programak eta jarduerak diseinatzea, ezartzea, ebaluatzea eta hedatzea. (Koordinatzailea, kasu honetan, HELAZek metodologia aktiboetan egiaztatutako irakaslea izango da.)
LL-2 Titulazioko gaitasunak garatze aldera enpresekin lankidetza duten ikasketa-ikaskuntza prozesuak integratzea helburu duten proiektuak.
LL-3

Ikasgelako eta ikasgelaz kanpoko irakaskuntza bultzatzeko online bidezko ekimen interaktiboak abiarazteko proiektuak. Laguntzarako onlineko materiala sortze hutsa edo softwarearen garapen hutsa ez da deialdi honetan sartuko: Deialdian sartu ahal izateko lan horrek aldaketa nabarmenak ekarri behar ditu ikasketa-ikaskuntza prozesurako.

LL-4 Lan taldeak, gizarte erronkekin, jasangarritasunarekin, ekitatearekin eta elkartasunarekin lotura daukaten ikaskuntza esperientziak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko eratuak.
LL-5

Hirugarren hizkuntzetan garatutako hezkuntza berrikuntzarako proiektuak, nazioarteratzeko estrategien alde jokatuko dutenak, hirugarren hizkuntza horretan laguntza materialak sortuko dituztenak.

LL-6

Euskarazko inguruneak, egoerak eta ikasteko materialak sortzen laguntzen dituzten lan taldeak, gure hizkuntzaren komunikazio estandarren hobekuntza lekarketenak.

 

3.2.- Ez dira onartuko eskaera egin duen taldeak aurretik landuak dituen gaiei buruzko proiektuak, aurreko deialdietan laguntza jaso dutenak, garatu beharreko alderdi ineditoak argi eta garbi zehazten direnean izan ezik.

3.3.- HBT Adituak modalitatean, taldeak aldez aurreko esperientzia izango du gai zehatz bati lotutako berrikuntzaren garapenean, baina konplexutasun maila handiagoa bere gain hartuko dute irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi akademikoa bereganatu ahala (ikus 2.2 atala).

4. ESKAERAK

4.1.- Proiektuek UPV/EHUko irakasleen esku egon behar dute. Kide bat taldeko koordinatzailea izango da, bai eta deialdiko arduraduna ere; halaber, koordinatzaileak lotura izango du SAE-HELAZekin.

4.2.- Proiektuek bi urte naturaleko iraupena izango dute, 2019 eta 2020, hain zuzen.

4.3.- Pertsona batek ezin izango du deialdi bereko proiektu batean baino gehiagotan parte hartu.

4.4.- Eskaerak aurkezteko epea amaituko da deialdia Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordetzaren webgunean eta Campusetako Errektoreordetzetako iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratu eta handik egutegiko 30 egunetara, kontuan izanda deialdia argitaratzen den data izan behar dela deialdia sinatzen denekoa.

4.5- Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hamar egunetara, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (SAE-HELAZ) osatutako eta osatu gabeko eskaeren zerrenda argitaratuko du, bere webgunean eta Campusetako Errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula). Eskaera horiei falta zaizkien datuak ere zehatz-mehatz adieraziko dira, eskaerak osatzeko. Eskatzaileek hamar egunen epea izango dute, zerrenda argitaratzen denetik hasita, dokumentazioa osatzeko. Konpondu gabeko akatsik duten eskariak ezetsita geratuko dira.

4.6.- HBPrako diru laguntzarik jasoz gero, ezinezkoa izango da beste erakunde batek helburu berarekin emandako laguntzarik hartzea.

4.7.-Eskariak bide telematikoaren bidez aurkeztuko dira nagusiki, SAE-HELAZen webgunearen bidez: https://lgpx09.lg.ehu.es/pie_V2.nsf. Berrikuntza eskatu nahi duten HBT Adituak taldeek, halaber, 2016-18 eperako azken txostena ere atxiki beharko dute (deialdi honen 1. eranskina). Aplikazio informatikoarekin arazorik izanez gero, SAE-HELAZera jo ahal izango da (sae-helaz@ehu.es / 94 601 22 76).

5. PUBLIZITATEA

Deialdi honi buruzko informazio egokia izatea bermatuko da, eta, gutxien dela, honako toki eta baliabideen bidez emango da deialdiaren berri:

5.1.- Deialdia Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren web orrian argitaratuko da. (https://www.ehu.eus/eu/web/sae-helaz/home).

5.2.- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako campusetako errektoreordetzetako iragarki oholetan (ehutaula) argitara emanda.

6. EBALUAZIOA ETA ERABAKIA

6.1.- Laguntzak Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak emandako erabakiaren bidez esleituko dira; erabakia emateko epea hiru hilabetetakoa izango da eskariak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita.

6.2.- Ebaluazio batzorde bat osatuko da, hezkuntza berrikuntzan izenik duten unibertsitateko irakasleekin. Batzorde horren zeregina izango da modalitate bakoitzean aurkeztuko diren hezkuntza berrikuntzarako proiektuen ebaluazio txostena egitea, Esleipen Batzordeak kontuan izango duena laguntzak emateko orduan.

6.3.-Ebaluazio Batzordeak, proiektuak baloratzean, irizpide hauek hartuko ditu kontuan puntuak banatzean:

 

a) HBT modalitatea:
 

HBT taldeentzako irizpideak

Puntuazioa
Proiektuaren premia arrazoitzea, arrazoiak izanik: irakaskuntzan antzemandako zailtasun edo gabezia bati aurre egitea; titulazioko gaitasunak garatzea; ikasketa-ikaskuntza prozesua hobetzeko ekimenak Gehien dela, 10 puntu

Proiektuaren metodologia edo egin beharreko jarduerak eta egokitasuna arrazoitzea, arrazoiak izanik: irakaskuntzako arazoak konpontzea, titulazioko gaitasunak garatzea edo ikasketa-irakaskuntzako prozesua hobetzea; horren oinarri izanda beste irakaskuntza eremu batzuetan egindako ikerketaren edo berrikuntzaren emaitzak (bibliografia zehaztu).

Gehien dela, 15 puntu
Egin beharreko jardueretarako denboraren plangintza eta taldeko lan banaketa. Gehien dela, 10 puntu

Proiektuko helburuen eta proposatutako jardueren arteko egokitasuna eta koherentzia, erabiliko diren baliabideak eta proiektuaren bideragarritasuna.

Gehien dela, 25 puntu
Proiektuaren ezarpena ebaluatzeko diseinua Gehien dela, 20 puntu

Proiektuaren eragina honako arloetan: ikasle kopurua, zenbat kreditu, irakasgai edo titulaziotan izango duen eragina kopuru osoa kontuan hartuta (irakasgaien kredituak guztira, irakaskuntza taldeak…)

Gehien dela, 5 puntu
Proiektuaren egokitasuna titulazioaren testuingurura, ikastegiko premietara eta bultzatu beharreko lehentasunezko lerroetara. Gehien dela, 15 puntu

 

b) HBT Adituak modalitatea:

HBT Adituak taldeen kasuan, aurreko irizpideez gain, honakoak ere izango dira kontuan:

 

HBT Adituak taldeak berritzeko irizpideak Puntuazioa
Hezkuntza berrikuntzako taldeak daukan esperientzia eta ibilbidea, batez ere, proposatutako gaiaren arloan (hezkuntza berrikuntzako taldeetan izandako parte hartzea, emandako edo hartutako prestakuntza, argitaratutako artikuluak, biltzarrak…)

Gehien dela, 20 puntu*

 

* Atal honetan gutxien dela 10 puntu lortu behar dira. edIKDit egituratutako irakasle taldeei gutxienez 10 puntu horiek aitortuko zaizkie.

 

 

C) Proiektua berritu eta zabaltzea

HBT Adituak taldeek beren espezialitateko ikerlana berritu eta zabaldu nahiko balu bi urte gehiagotarako, honako alderdi hauek balioztatuko ditu batzordeak:

 

HELAZ zerbitzuarekin hartutako konpromisoen betetze maila

Gehien dela, 20 puntu **

2016-18 tarteari dagokion azken txostena:

  • prozesuaren garapena
  • lortutako emaitzak eta horien inguruko eztabaida
  • lehenengo faseko emaitzen zabalkundea (argitalpen zientifikoak, komunikabideak…)
Gehien dela, 30 puntu
Ikerketa lana eskatzeko justifikazioa eta 2019-20 biurtekorako proposatutako lan plangintza (deialdiko 6.3 puntua, 1. taula) Gehien dela, 100 puntu

** Atal honetan gutxien dela 15 puntu lortu behar dira.

6.4.- Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzeko, kontutan hartuko dira eskatutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta dagoen aurrekontu diru-hornidura. Halaber, arreta berezia jarriko zaio UPV/EHUn dauden ikastegietako aniztasunari eta, horretarako ikastegi bakoitzeko, gehieneko kopurua ezarriko da jaso diren eskaeren arabera. Ikastegi bakoitzean eskaera bat baino gehiago sortuko balitz, jaso egingo da ikastegien iritzia.

6.5.- Honako hauek osatuko dute esleipen batzordea: a) Berrikuntzaren, Gizarte konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak, b) SAE-HELAZeko zuzendariak c) Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuko zuzendariak, eta d) Metodologia Berrikuntzarako zuzendariak. Batzorde honek hautatuko ditu dirulaguntza jasoko proiektuak eta laguntza hori zenbatekoa izango den erabakiko du.

6.6.- Erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 legearen 123. eta 124. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz. Era berean, erabakiaren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien auzitegian. Horretarako, bi hilabeteko epea egongo da, erabakia iragarri eta hurrengo egunetik hasita.

7. BALDINTZA EKONOMIKOAK ETA FINANTZAZIOA

7.1.- Deialdi honetarako aurrekontu osoa 2019ko Programa Kontratuan ezartzen den zenbatekoan oinarrituta zehaztuko da.

7.2.- Gehienez ere 2.000 eurotako laguntza eskatu ahal izango da HBT modalitateko proiektuetarako, eta 3.500 eurotakoa, HBT Adituak modalitateko proiektuetarako.

7.3.- Deialdi honen bitartez, ez da azpiegitura (material inbentariagarria) finantzatuko; azpiegitura eskari horiek beste bide batzuetatik egin behar dira. Proiektuan jarduteko pertsonala eskuratzeko eskariak ere (lankidetza bekak, aholkularitza teknikoa, e.a.) ez dira onartuko.

7.4.- Jasotako diru laguntzaz ordainduko dira material suntsikorra, proiektua gauzatzeko prestakuntza berezia, material bibliografikoa, RED‑U edo antzekoen bazkide kuota, proiektuaren emaitzen aurkezpena unibertsitate irakaskuntzarekin zerikusia duten kongresu eta ekitaldietan (beste diru laguntzarik ez badute, betiere), eta emaitzen argitalpena.

7.5.- HBPei dagozkien gastuak honako arau hauen arabera kudeatuko dira:

  • 7.5.1. Fakturek UPV/EHUko kontabilitate arauak bete behar dituzte.
  • 7.5.2. Material suntsikorra unibertsitatearen enpresa esleipendunetan erosiko da, ez beste inon. Nolanahi ere, material suntsikorra 2019an erosi beharko da nahitaez, ordaindu beharreko fakturak urte bereko martxo eta azaroaren artean bidaliko direlarik.
  • 7.5.3. Bidaiak UPV/EHUko enpresa esleipendunekin kontratatu behar dira. Ez da faktura eta dietarik ordainduko, kasuan kasuko bertaratze ziurtagiriak aurkeztu ezean.
  • 7.5.4. Bibliografiarako diru laguntza behar duten hezkuntza berrikuntzarako proiektuek premia hori daukatela adierazi behar dute eskarian, bai eta arlo horretan zenbateko gastua egingo duten ere. Ez da bibliografia fakturarik onartuko, baldintza hori beteko ez duten proiektuetan. Nolanahi ere, bibliografia 2019an erosi beharko da nahitaez, ordaindu beharreko fakturak urte bereko martxo eta uztailaren artean bidaliko direlarik.

7.6.- Fakturetan proiektuko koordinatzailearen onespena agertu behar da. Koordinatzaileak, faktura originalak behin sinatuta, SAE-HELAZen entregatu behar ditu (barne postaz, dagokion SAE-HELAZeko Campus Koordinatzailearentzat direla adieraziz), dagokien urte naturalean (2019koak martxotik abendura eta 2020koak urtarriletik urriaren amaierara).

8. DIRU LAGUNTZA ITZULTZEKO ARRAZOIAK

Laguntza emateko aintzat hartu ziren baldintzetako edozein betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako dirua itzuli beharko zaie UPV/EHUko zerbitzu orokorrei.

9. ONARTUTAKO PROIEKTUEN JARRAIPENA, ZIURTAPENA ETA ZABALKUNDEA

9. 1.- Jarraipena:

9.1.1. Onartutako proiektu bakoitzari SAE-HELAZeko taldeko kide bat egokituko zaio, proiektua errazago garatu ahal izateko.

9.1.2. Proiektuaren koordinatzaileak zaindu egin behar du taldeak behar bezala egiten duela lan. Horren harian, proiektuaren garapenean zehar sortutako taldekideen altak eta bajak idatziz eskatu behar zaizkio SAE-HELAZeko zuzendariari, eta justifikatu egin behar dira. Eskari horien gaineko erabakia SAE-HELAZek hartuko du, eta ziurtagiria ere erakunde horrek emango du. Oro har, aldaketa justifikatuak bakarrik onartuko dira lehen urtean. Honez gain, koordinatzaileak (edo berau ordezka lezakeen kideak) jarraipen bileretara joan beharko du eta proiektuaren inguruko informazioa eskatu ahala eman beharko du proiektuak dirauen bitartean.

9.1.3. HBT modalitateko proiektuak amaitzerakoan, hau da, 2019ko abendua amaitu baino lehen, azken txostena aurkeztu beharko da 1. eranskinean agertzen den eredua erabilita.

9.2.- Ziurtapena. HBT edo HBT Adituen proiektuetan parte hartu duten UPV/EHUko irakasleetako bakoitzari, programan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztelarik, HBPn parte hartu duelako ziurtagiria emango zaio, HELAZek azken txostena balioztatu ondoren. UPV/EHUko irakasle ez diren taldekideak kasuan kasuko proiektua koordinatzen duten pertsonek egiaztatuko dituzte.

9.3.- Emaitzen zabalkundea. Azken txostena entregatu ondoren, SAE-HELAZek aztertu egingo du unibertsitateko kideentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera, horretarako egoki irizten dion bidea erabilita.

AZKEN XEDAPENA

Interesatuek deialdi honen, bere oinarrien eta deialdiak eragindako administrazio-egintzen aurka jo ahal izanen du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legeak eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean zehaztutako eran eta epean.


Leioan, 2018ko urriaren31n.

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea

Idoia Fernández Fernández