IKD i3 Laborategia berrikuntza proiektuen deialdia

1. Deialdiaren justifikazioa

UPV/EHUk bere hezkuntza eredua onartu zuen IKD izenekoa, 2010ean, Europak martxan jarri zuenean goi mailako hezkuntza politika bateratua. Orduz geroztik, hainbat erakunde programa sortu ditu metodologia aktiboak eta berritzaileak sustatzeko, hezkuntza berrikuntzarako taldeei (oinarrizkoak eta aurreratuak) laguntzeko, bere irakasleen garapena bultzatzeko, irakats lana ebaluatzeko eta bere ikastegiak nahiz tituluak akreditatzeko. Horretarako sortu dira kudeaketa tresnak eta laguntza eta orientazio materialak, eta ahalegin handia egin da hori dena batera eraikitzeko.

Hamar urte geroago, aldatu egin dira bai unibertsitatearen dinamika bera bai kanpoko testuingurua. Erreferentzia esparru garrantzitsuak agertu dira: hala nola Nazio Batuen 2030 Agenda, Garapen Iraunkorrerako 17 helburu (GIH) eta 169 xede ezartzen dituena edo Europar Batasunaren Goi Mailako Hezkuntzarako Agenda Berritua, honako desafio hauek nabarmentzen dituena:

  1. Aurre egitea gaitasunen garapenean dauden arrakalei eta, batez ere, konplexuagoak direnetan sakontzea: ikustea nola egin diezaiokeen ekarpena ikerketak irakaskuntzari –gradukoa eta graduon­dokoa–, edo gaitasun konplexuak garatzea mundu aldakor baten ezaugarri den erresilientziarako.

  2. Goi mailako hezkuntza sistemak sortzea, integra­tzaileak eta konektatuak, aurre egiteko gero eta handiagoak diren gizarte desberdintasunei: siste­ma horietan sartzea sozio­ekonomikoki desaban­tailak dituzten kolektiboak, migratzaileak, hiriak eta eskualdeak garatzea, eztabaida publikoa sustatzea giza eskubideei eta gizarte gaiei buruz,...

  3. Goi mailako hezkuntza erakundeek berrikuntza bultza dezaten bermatzea: titulazioen garrantzia indartzea enplegagarritasunari begira, aurrera­pen zientifikoen transferentzia handitzea, dokto­rego programak fokalizatzea enplegu sektoreare­kin elkarrekintzan.

Hori horrela, UPV/EHUk lan ildo berriak definitu ditu UPV/EHUren 2018-2021 Plan Estrategikoan eta garapen iraunkorrerako 2030 EHUagendan. Gainera, UPV/EHUren Zeharkako Gaitasunen Katalogoa (2019) argitaratu da, zortzi gaitasun definitzen dituena UPV/EHUren titulu guztientzat:

  • Autonomia eta autoerregulazioa
  • Gizarte konpromisoa
  • Komunikazioa eta eleaniztasuna
  • Etika eta erantzukizun profesionala
  • Informazioaren kudeaketa eta herritartasun digitala
  • Berrikuntza eta ekintzailetza
  • Pentsamendu kritikoa
  • Talde lana

Analisi eta kontraste lan horrek, eta jadanik aipatutako premisek, UPV/EHUren hezkuntza eredua berrirakurtzera eraman gaituzte. Emaitza IKD i3 estrategia da (“i ber hiru”: ikaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna), ikaskuntzaren, ikerketaren eta iraunkortasunaren arteko konbinazioaren gaitasun biderkatzailea adierazteko modu sinbolikoa.

IKD i3 estrategiaren xedea da hezkuntza berrikuntzaren hazkunde esponentziala lortzea tituluetan, inpaktu handiko curriculum prozesu eta produktu ineditoak ahalbidetuko dituena, Zeharkako Gaitasunen Katalogoko gaitasun konplexuak garatzeko, ikerketa irakaskuntzan txertatzeko eta garapen iraunkorrerako helburuak betetzeko.  

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren (SAE-HELAZ) bidez, dei egin die UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei aktiboki parte har dezaten IKD i3 estrategiaren garapenean, eta martxan jarri du horretarako IKD i3 Laborategia Berrikuntza Proiektuen lehenengo deialdia, irakasle taldeak aktibatzeko helburuz. Talde horien eginkizuna izango da iraunkortasun erronkak tituluetan txertatzeko lanak zuzentzea, irakaskuntza-ikaskuntza estrategia aktibo eta kooperatiboen bidez, ikerketan oinarritutakoak, halako moldez, non egungo munduan etikoki eta eraginkorki aritzeko behar diren gaitasun konplexuak garatuko diren.

2. Deialdiaren helburuak

Honako hauek dira:

  • Bultzada ematea IKD i3 berrikuntza egitasmoak eta ibilbideak UPV/EHUren tituluetan txertatzeari.

  • Irakasle taldeek berrikuntzarako duten gaitasuna indartzea, martxan jar ditzaten tituluetan egoki integratuko diren proiektu berriak.

  • Sinergiak sortzea irakasle taldeen artean, ikastegien tituluen barnean edo ikastegien artean, helburua izanik ibilbide egokiak sortzea gaitasun konplexuak garatzeko eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko konpromisoa betetzeko.

  • IKD i3 hezkuntza berrikuntzaren emaitzak zabaltzea irakaskuntzaren ikuspegi akademiko batetik (SoTL).

3. IKD i3 Laborategia berrikuntza proiektu motak

Proiektu proposamenak egingo dira tituluaren ikuspegi global batetik, halako moldez, non denborarekin ibilbide bat sortuz joango den, GIHak eta gaitasun konplexuen garapena barne hartuko dituena, orain arte inplementatutakoak bezalako metodologia berritzaileen bitartez (Kasuaren Metodoa, Problemetan edo Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza eta Ikaskuntza Kooperatiboa) eta metodologia berriak erabilita: Indagazioan/araketan edo Ikerketan Oinarritutako Ikaskuntzak (Inquiry Based Learning-IBL edo Research Based Learning-RBL, hurrenez hurren).

Kontua da puntualki eta bakartuta egiten den irakaskuntza berrikuntza gainditzea, eta berrikuntza estrategiko bat sortzea, helburu zehatz eta adostuak izango dituena eta iraunkorra izango dena, ekintzei nahiz erabili beharreko baliabideei dagokienez, koordinatua eta denboran mailakatua, epe ertain eta luzera ikasleen ikaskuntza hobekuntza ebaluatzeko modua emango duena.  

Ikastegien Kalitate Batzordeek –edo, hala badagokio, Titulazio Batzordeek– zeregin garrantzitsua dute testuinguru honetan titulu bakoitzari ezartzen zaizkion helburuak definitzeko orduan. Helburu horiek hainbat mailatan bete ahal izango dira, deialdian parte hartuko duten proiektuetan planteatutako aplikazio eremuaren eta inplikazio motaren arabera. Elementu horien arabera, hainbat prototipo aurkezten dira, orientazio modura, proposamenen aukerak mugatzeko helbururik gabe; aitzitik, laguntza modura planteatzen dira praktikan jarduteko modu zehatz gisa (1. taula).

1. taula. Proiektuen aplikazio eremuen eta inplikazio moten prototipo orientagarriak

1. prototipoa: EREIN

Proiektu hauen helburua da curriculumean txertatzea Garapen Iraunkorrerako Helburu (GIH) batekin edo gehiagorekin lotutako gaiak, lehenengo ikasturteetako irakasgaietan ondo definitutako helburuekin. Irakaskuntza metodologiak berritzaileak izango dira eta zeharkako gaitasun bat edo gehiago garatuko dituzte.

Proiektuak oinarrizkoak edo sarrerakoak izango dira, eta curriculum ibilbide baten abiapuntua izan daitezke. Proposamen inedito eta original baten garapena izan daiteke, edo jada existitzen diren beste batzuen txertaketan oinarritu (oinarrizko on-line ikastaroak), irakasgaiaren irakaskuntza taldeak egokitua eta kudeatua (aldez aurreko prestakuntza izango du horretarako). Lehentasuna izango dute irakasgaiaren irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek (beraz, haren irakaskuntza gidan agertuko dira).

2. prototipoa: ERNATU

Proiektu hauen helburua da GIH bat edo gehiago txertatzea aldaketa metodologiko berritzaileen bidez ikaskuntza testuinguru konplexuagoetan, zeharkako gaitasun bat edo gehiago garatzeko.

Kontua da IKD i3 orientazioa inplementatzea gutxienez irakasgai baten kredituen % 30ean, adibidez IBL edo RBL metodologia aplikatuz, garapen iraunkorrarekin lotutako erronka baten inguruan. Lehentasuna izango dute irakasgaiaren edo irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek (beraz, haren/haien irakaskuntza gidan agertuko dira).

3. prototipoa: LORATU

Proiektu hauen helburua da ikerketari lotutako gaitasun konplexuen garapena finkatzea, denboran mailakatutako ibilbide ezaguterraz baten bidez, GIHekin erlazionatutako erronken inguruan.  

Kasu honetan, irakaskuntza taldeek IKD i3 berrikuntza bat planteatuko dute, irakasgaien sekuentzia batean, eta gutxienez hiru i3 ikaskuntza egoera sartuko dituzte tituluan zehar. Lehentasuna izango dute irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek (beraz, dagozkion irakaskuntza gidetan agertuko dira).

Taldeek egoera aztertuko dute aurretik eta curriculum ibilbidea definituko dute. Mota honetako proiektu bakar bat finantzatuko da titulu bakoitzeko. Taldean, tituluaren koordinatzaileak parte hartuko du; bestela, ikastegiaren Kalitate Batzordearen edo Titulazio Batzordearen konpromisoa izango du proposamenaren garapenean laguntzeko.

4. prototipoa: UZTATU

Proiektu hauen helburua da GIH baten edo gehiagoren curriculum txertaketa erabatekoa eta zeharkako gaitasun baten edo gehiagoren garapen maila handi bat berrestea, gradu edo masterraren azken etapan.

Irakaskuntza taldeek sustatuko dituzte Praktika Kurrikular (PK), Gradu Amaierako Lanak (GRAL) edo Master Amaierako Lanak (MAL), proiektuaren xede diren GIHei lotutako erronkei orientatuak, eta irtenbideak proposatuko dizkiete era uni-, multi- edo trans-diziplinarrean, RBL/IBL ikuspegiaz.      Zenbat irakasle izango dituen taldeak, hainbat GRAL/MAL/PK barne hartuko dituzte gutxienez. Eginiko GRALak eta MALak UPV/EHUren Ikasleen Batzarrean aurkeztuko dira.

* Berdintasunari, garapenerako lankidetzari edo ingurumen kudeaketari lotutako on-line ikastaroak dira, orain arte curriculumetik kanpo eskaini direnak eta irakasgai jakin baten barruan moldatu daitezkeenak.

IKD i3 Laborategia berrikuntza proiektuen ikuspegia UPV/EHUn berria denez, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak deialdiaren berri emango du hiru campusetan egingo diren hitzaldi laburren bidez, helburuak eta ildo nagusiak azaltzeko. Hitzaldietara gonbidatuko ditu deialdian parte hartu nahi duten lagun guztiak, baita tituluen koordinatzaileak eta ikastegietako kalitate arduradunak ere. Halaber, komunikazio kanal bat zabalduko da kontsultak eta zalantzak argitzeko.

4. IKD i3 berrikuntza taldeek eta haien proposamenek bete beharreko baldintzak

Talde guztiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Taldeetan arituko dira gutxienez proiektuei lotutako irakasgaien irakasleen bi heren. Beste kolektibo batzuetako kideek ere parte hartu ahal izango dute (ikasleak, AZPko langileak, kanpoko profesionalak, beste unibertsitate batzuetako edo hezkuntza maila batzuetako irakasleak, etab.).

  • Taldearen koordinatzaileak irakasle kontratatua izan beharko du, unibertsitatearekiko lotura bermatzeko proiektuaren iraupena baino txikiagoa izango ez den denboraz. Gainera, pertsona hori DOCENTIAZ programan parte hartutakoa izango da, 60 puntuko edo hortik gorako ebaluazioa lortuta.

  • Ahal bada, taldeen osaera parekidea izango da gizon-emakume kopuruei dagokienez. Hori ezinezkoa denean, baldintza ez betetzeko arrazoia azaldu beharko da.

  • Pertsona batek ezin izango du deialdiaren eskaera batean baino gehiagotan parte hartu.

Kontuan izango da eskaerak deialdiaren prototiporen batekin bat datozen, nahiz eta beste era bateko proposamenak ere baloratuko diren, egoki justifikatuz gero. Proposamenek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

  • Deialdian parte hartu nahi duten proiektu guztiek ekarpen bat egin behar diote gure unibertsitatearen hezkuntza berrikuntzari, helburua izanik eragin positibo eta ebaluagarri batzuk izatea ikasleen ikaskuntzan. Zehazki, GIH baten edo gehiagoren curriculum txertaketa proposatuko dute, zeharkako gaitasun konplexuen garapena ahalbidetuko duten metodologia berritzaileen bidez.

  • Deialdira aurkeztutako proposamenek honako hauek aurkeztuko dituzte: berrikuntza xedearen definizioa eta haren aplikazio eremua, exekuzio plan bat, eta inplementazioaren emaitzak bildu eta aztertzeko mekanismoaren deskribapena.

  • Proiektu guztiak bat etorriko dira SoTL orientazioarekin; hau da, ikerketan eta esperimentazio kontrastatuan oinarritutako irakaskuntza garatuko dute, abiapuntu harturik bibliografia zientifikoak arlo horri egiten dizkion ekarpenak, ebidentzia enpirikoa sortuz, emaitzak sistematizatuz eta emaitza horiek ingurune akademikoetan zabalduz (aztergai den diziplina/tematikaren irakaskuntzaren arloan garrantzitsuak diren batzar eta jardunaldi zientifikoak, edo parekoen berrikusketa irizpide duten aldizkari garrantzitsuetan argitaratzea). 

5. Eskaerak izapidetzea

Proiektuek UPV/EHUko irakasleen sostengua izango dute. Taldeko kide batek bere gain hartuko ditu taldearen koordinazio lanak, eta arduradun eta solaskide gisa arituko da Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuarekiko harremanetan.

Eskaera 1. ERANSKINeko ereduaren bidez egingo da eta eskatzen diren datu guztiak eman beharko dira. Inprimakia deialdiaren webgunean eskura daiteke. Eskaera bete eta bidali ondoren, bidali izana egiaztatzen duen mezu elektroniko bat jasoko da. Eskatzaileek beren zalantzak kontsultatu edo galderak egin ahal izango dituzte (sae-helaz@ehu.eus)

Eskaerak aurkezteko, 30 egun natural izango dira, deialdia Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzaren web orrian eta campus errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratzen den egunetik kontatzen hasita (bat etorriko dira argitalpen data eta deialdiaren sinadura data).

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun natural igarota, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak eskaeren zerrenda argitaratuko du (ondo betetako eskaerak eta datuak faltan dituztenak) bere web orrian eta campus errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula). Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte, zerrenda argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, dokumentazioa osatzeko. Epe horretan falta den dokumentazioa aurkezten ez duten eskaerak bertan behera geldituko dira.

6. Ebaluazio prozesua eta ebazpena

Lehiaketan onartutako proposamenak sailkatu eta ebaluatu egingo dira (zeregin horretarako sortuko diren batzordeak arduratuko dira horretaz). Titulu bati lotutako proposamen bat baino gehiago badago, dagozkion Kalitate Batzordeak eta Titulazio Batzordeak kontsultatu ahal izango dira proposamenaren egokitasunaz, eta alde guztiak bildu ahal izango dira, bategiteak eta sinergiak bilatzeko taldeen artean eta, ahal bada, tituluari lotutako IKD i3 berrikuntza talde bakar bat eratzeko.

Ebaluazio Batzordeak balorazio txosten bat egingo du, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak kontuan hartuko duena laguntzak jasoko dituzten proiektuak hautatzeko orduan, baita laguntzen kopuruak zehaztean ere.  

Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzean, aintzat hartuko dira 1-5 irizpideetan (2. taula) lortutako balorazioak, erabilgarri dagoen aurrekontua eta proiektuaren egokitasuna tituluen eta ikastegien beharren arabera. Gainera, ahaleginak egingo dira IKD i3 proiektuak UPV/EHUren ikastegi eta tituluen artean banatzeko.

2. taula: IKD i3 proposamenak baloratzeko irizpideak
Irizpidea Deskribapena Puntuak gehien jota
1 Proiektuaren justifikazioa, helburuak: aintzat hartzen d(it)uen GIH(ak), garatzen d(it)uen zeharkako gaitasuna(k), irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan egingo dituen hobekuntzak.  20
2 Proiektuaren irismena: irakasgaiak, modulu/diziplinak, tituluak (taldeak bere gain har ditzakeen irakaskuntza taldeak) eta proiektuan birdiseinatuko diren curriculumaren ECTS kredituen kopurua. 10
3 Proiektua garatzeko proposamena: metodologiaren egokitasuna jadanik argitaratutako ebidentzian oinarrituta (literaturaren erreferentziak eman beharko dira), proposatutako ekintzek helburuekin duten koherentzia (deskribapena erantsiz), eta exekuzio plana, ekintzen eta arduradunen kronogramarekin. 30
4 Proiektuaren inplementazioaren ebaluazioa diseinatzea: proiektuaren emaitzak ebaluatzeko aukeratu diren adierazleen egokitasuna, informazioa biltzeko mekanismoa eta emaitzak aztertzeko prozedurak. 25
5 Taldearen ezaugarriak: aldez aurreko prestakuntza edo esperientzia, bakarkakoa edo taldekakoa, GIH garapenean, hezkuntza berrikuntzan eta gaitasunetan, eta tituluan edo ikastegian duten ordezkaritza-maila. 15

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak erabakiko du zer proposamen lagundu, eta gehienez hiru hilabete izango du erabakia jakinarazteko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.

Erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Era berean, aipatu erabakiaren kontra, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, jakinarazpen egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

7. Proiektuen garapena eta jarraipena

Diruz lagundutako proiektu bakoitzak aholkulari bat izango du, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak izendatua, proiektua garatzen laguntzeko eginkizuna izango duena. Kalitate Batzordeei eta Titulazio Batzordeei, beren ikastegi eta tituluetan garatzen ari diren IKD i3 proiektuen berri emango zaie puntualki.

Proiektuaren fase bakoitza amaitzean, mugarri edo emaitza bat aurkeztuko zaie aholkulariari eta dagokion Kalitate edo Titulazio Batzordeari.

Proiektuek hainbat fase izango dituzte:

  • Curriculum txertaketako ekintzak diseinatu eta planifikatzeko fasea. Fase amaieran, IKD i3 irakaskuntza gidak idatziko dira; proiektuen lehenengo mugarria izango dira (1M).

  • Inplementazio fasea. Diseinuak praktikan jarriko dira eta jarraipen txosten bat egingo da ebidentziak bilduta. Txosten hori aholkulariari aurkeztuko zaio. Bigarren mugarria izango da (2M).

  • Inplementazioaren emaitzak aztertzeko fasea. Hirugarren mugarria izango da (3M) eta aholkulariari eta Kalitate edo Titulazio Batzordeari aurkeztuko zaio.

  • Hedapen fasea. Emaitza positiboak izan dituzten proiektuek laguntza jasoko dute beren hedapenerako: barnean (titulua, ikastegia eta UPV/EHU) eta kanpoan (gaiarekin eta hezkuntzarekin lotura duten batzarrak eta argitalpen zientifikoak).

Proiektuen iraupena haien ezaugarrien araberakoa izango da: 18 hilabetekoa gutxienez (epe horretan 1., 2. eta 3. faseak garatuko dira gutxienez) eta 24 hilabetekoa gehienez (hedapen fasea barne).

Hasieratik titulu batean ibilbide bat zehaztuta duten proiektuak (3. prototipoa, LORATU) denboran luzatu ahal izango dira, hedapen osoa lortu arte, nahiz eta emaitzak aztertzeko fase bakoitzaren amaieran ebaluatuko diren, ekintza berriak inplementatu ondoren.

1. irudia: IKD i3 proiektuen faseak: Diseinua, inplementazioa, emaitzen bilketa eta azterketa, eta hedapena

8. Publizitatea

3. atalean aipatutako hitzaldiez gainera (horien bidez informazioa emango zaie ikastegiei, IKD irakaskuntza talde egituratuei eta garapenerako lankidetza, berdintasunari bultzada edo hezkuntza berrikuntzako proiektuak garatu dituzten pertsonei), honako bide hauek ere erabiliko dira deialdiaren zabalkunde egokia egiteko:

9. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa baldintzak

IKD i3 proiektuen deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira helburu berbera duen beste edozein laguntzarekin.

Urteko aurrekontua zehazteko orduan, kontuan hartuko da Programa Kontratuari urte horretan esleitu zaion kopurua.

Dirulaguntza eskaera behar bezala justifikatuko da urte natural bakoitzerako planifikatutako ekintzen kostuaren arabera. 1., 2. y 4. prototipoetako proiektuek ez dute 1.500 €-tik gorako laguntzarik jasoko, eta 3. prototipokoek ez dute 3. 000 €-tik gorako laguntzarik jasoko.

Dirulaguntzarekin ordainduko dira material suntsikorrak, proiekturako prestakuntza espezifikoa, ikasleekin eginiko jarduerak eta egitasmoak, software lizentziak, proiektua koordinatzeko bileren gastuak, emaitzen aurkezpena batzarretan eta beste dirulaguntzarik ez duten unibertsitate irakaskuntzari lotutako ekitaldietan, eta emaitzen argitalpena. Ezin izango da inola ere dirulaguntza erabili beste unibertsitate batzuetako lagunen dietak ordaintzeko, nahiz eta taldeko kideak izan (beren unibertsitateen laguntza izan beharko dute).

Deialdiak ez du finantzatuko azpiegitura eskaerik (material inbentariagarria edo funts bibliografikoak). Behar horiek dituzten egitasmoek beste bide batzuk erabili beharko dituzte helburu horietarako.

10. Laguntzak jasoko dituzten taldeen konpromisoak

IKD i3 taldeek konpromisoa hartuko dute koordinazio bileretara joateko eta beren emaitzak UPV/EHUn IKD i3 proiektuak ezagutarazteko egingo diren jardunaldietan aurkezteko.

Proiektuaren koordinatzaileak lantaldearen funtzionamendu egokia bermatuko du. Hala, idatziz eskatuko zaizkio Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuari proiektuaren garapenean gerta litezkeen taldekideen altak eta bajak, eta zerbitzu hori arduratuko da eskaerak ebazteaz eta kasu bakoitzean dagokion akreditazioa gauzatzeaz. Gainera, koordinatzailea (edo haren ordez arituko den pertsona) arduratuko da jarraipena egiteaz, eta proiektuaren garapenaren berri emateaz, eskatuko zaion moduan.

Taldearen koordinatzailea arduratuko da ere kontabilitate kudeaketaz. Taldeek konpromisoa hartuko dute UPV/EHUren kontabilitate eta gastu kudeaketaren arauak betetzeko:

  • Fakturek UPV/EHUren kontabilitate arauak beteko dituzte.

  • Material suntsikorrak unibertsitatearen enpresa adjudikaziodunei erosiko zaizkie eta fakturak martxoa eta azaroa bitartean bidaliko dira.

  • Bidaiak eta alojamenduak UPV/EHUren adjudikaziodunekin kontratatuko dira nahitaez. Ez da fakturarik eta dietarik ordainduko egiaztagiririk aurkezten ez bada.

  • Faktura originalek proiektuaren koordinatzailearen OE izango dute. Behin fakturak izenpetuta, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzara bidaliko dira (dagokion pertsonari zuzenduak), fakturazioari dagokion urte naturalaren barnean eta azaroaren 30a baino lehen.  

11. Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak

Dirulaguntza emateko baldintzak bete ez direla egiaztatzen bada, jasotako kopuruak itzuli beharko zaizkio nahitaez UPV/EHUko Zerbitzu Nagusiari.

12. Proiektuen ziurtapena eta hedapena

Ziurtapena.

IKD i3 proiektuetan aritu den irakasle bakoitzari, programaren eskakizunak betez gero, parte hartu izanaren egiaztagiria emango zaio, Ebaluazio Batzordeak amaierako txostena baloratu ondoren. UPV/EHUko kide ez diren taldekideek dagokion proiektuaren koordinatzaileen akreditazioa jasoko dute.

Proiektuen emaitzen hedapena.

Behin mugarri guztiak aurkeztuta, Ebaluazio Batzordeak aztertu egingo du unibertsitateko kideentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera, egoki iritzitako baliabideen bitartez.

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak dirulaguntza jaso duen taldeari eskatu ahal izango dio prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapen saioetan parte hartzeko. Gainera, UPV/EHUk proiektuak eta haien emaitzak erabili ahal izango ditu bere ekintzetan, sentsibilizazio kanpainetan eta urteko jardueren memorian.

Azken xedapena

Deialdi hau araututa dago EAEko Ogasunaren eta Eraketa Legearen bidez, VI. tituluak jasotakoaren bidez bereziki, EAEko administrazio publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubideari dagokionez.

Deialdia eta haren Oinarriak, eta erator litezkeen administrazio ekinbide guztiak, inpugnatu egin ahal izango dira urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio Ordenari buruzko Legeak ezarritakoaren arabera.

Leioa, 2020ko urtarrilaren 24a

 

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea
Idoia Fernández Fernández

Dokumentua informazio gehigarriarekin: