PIE convocatoria

Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuen (HBP) deialdia 2013-2015 aldirako

UPV/EHUko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak, deialdi honen bitartez, irakasleek hezkuntza berritzeko ekimenak sustatu nahi ditu; ekimenek garatu behar dute, funtsean, IKD ereduaren barruan (Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa / Aprendizaje Dinámico y Cooperativo).

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna antolatzen duten printzipioen Legeak erregulatzen du, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren laguntza eta diru-laguntzen erregimenak (VI. Titulua).

1. Deialdiaren norainokoa

1.1- Deialdi honetara aurkezten diren proiektu guztien helburuak izan behar du Unibertsitatean hezkuntza berritzen laguntzea. Horretarako, esku-hartze proposamen berritzaile bat egin beharra dago. Hezkuntza berritzea ideia bat martxan jartzea dela uste da, IKD-ren ikuspuntutik irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak hobetzeko eta errazteko, batetik; eta prozesu horien gaineko jakintza sistematiko eta hausnartua sortzeko, bestetik.

1.2- Hezkuntza berrikuntzarako proiektuen deialdi honetarako nahitaez betebeharrekoak:

  • a) proiektuaren oinarri ikasleekin batera abian jarriko diren proposamen berritzaileak izan behar dira, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak zuzenean bultzatuko dituztenak.
  • b) Titulazio bereko edo desberdineko maila, modulu edo gai bera lantzen duten irakasle taldeak izan behar dira, eta proiektuaren koordinatzailea UPV/EHUko irakaslea izan behar da.

1.3- Bereziki kontuan hartuko dira honako hauek dituzten proiektuak:

  • baldin eta Docentiaz programan, edozein deialditan, eta ebaluatua izan denean, parte hartu duten irakasleez osatuta badaude.
  • baldin eta berrikuntza gauzatuko den ikastegiko Kalitate Batzordearen babesa badute; ulertuko baita erakundeak berak bultzatutako proiektutzat hartzen direla eta EHUNDU programan eta UPV/EHUren 2012-2017 bitarteko Plan Estrategikoak graduetarako zehaztutako garapen politikekin bat datozela.
  • baldin eta irakasle berrien (unibertsitatean lanean bost urte baino gutxiago daramatzaten irakasleak), ikasleen, kanpoko profesionalen edota beste unibertsitateko irakasleen parte-hartzea badute.

1.4- Deialdi honetan, ondokoak dira bultzatuko diren gaiak eta horietako bakoitzean lehentasuna izango duten lerroak:

Gaiak Lehentasuna duten lerroak
Ikasleekin ikasteko metodologia aktiboak (kasuzko metodologia, problemetan oinarritutako ikas-kuntza, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza…) erabiltzea helburu duten proiektuak.
  • Maila/modulu arteko eta disziplinarteko ekintzak erabilita ikasleentzako metodologia aktiboak diseinatu, ezarri, bultzatu eta zabaltzen dituzten lan taldeak (koordinatzailea HELAZek metodologia aktiboen arloan akreditatutako irakasle bat izango da).
  • Metodologia aktiboetarako balidatutako materialaren erabilera bultzatu, ezarri eta ebaluatzen duten lan taldeak (adib.: irakasgaia) (koordinatzailea HELAZek metodologia aktiboen arloan akreditatutako irakasle bat izango da).
Zeharkako gaitasunekin lotutako gaiak (komunikazioa, generoa, etika, adimen emozionala, talde lana, ekiletza, jasangarritasuna...) bultzatzen dituzten proiektuak.
  • Irakasle talde aktiboak -oharra ikusi- gradukoak, maila/modulukoak) edo epe laburrean lanean hasitako direnak, baldin eta lankidetzan arituta zeharkako gaitasunak diseinatu, garatu eta ebaluatuko badituzte.
Graduko ikasketetan ikasleek beren kasa ikastea sustatzen duten proiektuak.
  • Ikaskuntza aktibo eta autonomoa diseinatu, garatu eta ebaluatzen saiatzen diren irakasgai bateko edo irakasgai batzuetako irakasle taldeak. (Rol jokoak, simulazioak, ikerketan oinarritutako ikaskuntza Inquiry based learning,…)
Graduetan curriculuma modu berritzailean garatzea erraztuko duten proiektuak.
  • Ikastera bideratutako tutoretza lana diseinatu eta garatuko duten lan taldeak.
  • Gradu amaierako lana, ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak.... diseinatu, praktikan ipini eta ebaluatuko duten lan taldeak.

Oharra: Lan talde aktibotzat hartuko da zeharkako gaitasunetan lanean hasita egonik Irakasle taldeak koordinatzeko prestakuntza/ Formación para la coordinación de equipos docentes programari jarraituz akredituta koordinatzaile baten zuzendaritzapean lan egiten duena.

1.4- Deialdian hauek ez dira sartzen: irakasgaiak Goi Hezkuntzarako Europar Eremuko irizpideetara egokitzeko proposamenak eta ikasturte osorako ECTS irakasgaiak koordinatzeko esperientziak.

1.5- Ez dira onartuko eskatzaileek lehenago landu dituzten eta aurreko deialdietan laguntzak jaso dituzten gaiei buruzko proiektuak, salbu argi eta garbi azaltzen bada gairen alderdi berriak sustatzea dela asmoa.

2. Eskariak

2.1- Proiektuek UPV/EHUko irakasle taldeen esku egon behar dute. Kide bat taldeko koordinatzailea izango da, eta baita deialdiko eskatzailea ere; halaber, koordinatzaileak SAE/HELAZekin lotura izango du.

2.2- Proiektuek bi ikasturte iraungo dituzte, 2013-15 aldikoak, hain zuzen.

2.3- Indarrean dagoen HBP batean (2012/2014 deialdia) lanean ari diren irakasleek ezin dute deialdian parte hartu.

2.4- Irakasle batek ezin du deialdi bereko HBP proiektu batean baino gehiagotan parte hartu.

2.5- Eskaerak aurkezteko epea amaituko da Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzako iragarki taulan, Campusetako Errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula) eta deialdi hau argitaratzen den egunetik hasi eta hilabete batera; deialdia sinatzen den egunean argitaratuko da.

2.6- Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hamar egun naturalera, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak osatuta eta osatu gabeko eskaeren zerrenda argitaratuko du bere iragarki taulan eta Campusetako Errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula). Eskaera horiei falta zaizkien datuak ere zehatz-mehatz adieraziko dira, eskaerak osatzeko. Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte dokumentazioa osatzeko, zerrenda argitaratutako egunetik kontatzen hasita. Akatsak konpontzen ez dituenak uko egingo dio eskaerari.

2.7- Jarduera honetarako diru-laguntza jasoz gero, ezin da helburu berdinarekin beste erakunderen batek emandako diru-laguntzarik jaso.

2.8- Proiektuek gehienez 10 orrialde eta eskariaren ereduan (1. eranskinean) (docx , 213,21 KB) agertzen diren atalak izango dituzte..

2.9- Eskaerak zuzendu behar zaizkio Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuko (SAE/HELAZ) zuzendariari eta dagokien epean aurkeztu behar dira UPV/EHUko edozein erregistro ofizialetan, eta baita azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako edozein lekutan ere. Halaber, dokumentazio guztiaren kopia elektroniko bat bidaliko da ondorengo helbidera: sae-helaz@ehu.es

3. Publizitatea

Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezkeenek informazioa behar bezala jasotzea bermatuko da; horretarako, prozedura hauek erabiliko dira, gutxienez:

3.1- Deialdia Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzako iragarki taulan argitaratuko da.

3.2- Deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusetako Errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula) argitaratuko da.

3.3- Deialdia SAE/HELAZen web orriaren bidez zabalduko da (https://www.ehu.eus/sae-helaz ).

4. Ebaluazioa eta erabakia

4.1- Laguntzak emateko erabakia Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak hartuko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabetera, gehienez.

4.2- Ebaluazio Batzorde bat osatuko da, hezkuntza berrikuntzan ospe handia duten UPV/EHUz kanpoko irakasleekin. Batzorde horren helburua da txosten bat egitea, laguntzak esleitzen dituen batzordeak kontutan har dezan.

4.3- Proiektuak prozedura honi jarraiki balioetsiko dira:

  • a) 1.2 atalean azaldutako derrigorrezko baldintzak bete behar dira. Baldintza horien balioespen positiboa ezinbestekoa da irizpideen araberako balioespen fasera pasatzeko.
  • b) Puntuatzeko irizpideak:
    • Proiektuaren planteamendua eta edukia 1.4 atalean jarritako lehentasunezko gaiekin bat etortzea (gehienez 40 puntu).
    • Berritzailea izatea (gehienez 20 puntu): originala izatea, ikasleen ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoan eragina izatea (IKD), jarduera eremurako egokia eta bideragarria izatea.
    • Erakundeak berak bultzatutako proiektutzat hartutakoak (gehienez 15 puntu): ikastegiko kalitate batzordeak babestutako proiektua, eta, beraz, graduen garapenerako lehentasunezko lerro berritzailea.
    • Docentiaz programan parte hartu duten irakasleak (deialdiak: I, II, III y IV). (gehienez 10 puntu).
    • Proiektua aurkeztu duen taldearen ezaugarriak (gehienez 10 puntu): irakasle talde aktiboak (ikastegiak aitortuak) edo ondoko ezaugarriak dituzten lan taldeak: diziplinartekotasuna, hizkuntzak, generoa… eta irakaskuntza berrikuntzan lehendik esperientzia izandakoak).
    • Beste alderdi nabarmen batzuk (gehienez 5 puntu).

4.4- Esleipen Batzordea hauek osatuko dute: a) Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak, b) Ikerketa errektoreordeak edo haren eskuordeak c) SAE/HELAZeko zuzendariak. Batzorde honek erabakiko du zein proiektuk jasoko duten laguntza eta laguntza hori zenbatekoa izango den.

4.5- Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzeko kontutan hartuko dira eskatutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta dagoen aurrekontu zuzkidura.

4.6- Erabakiaren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hilabete bateko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek dioten moduan. Halaber, erabaki horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, erabakia argitaratu eta bi hilabetera, gehienez.

5. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa

5.1.- Deialdi honetarako aurrekontu osoa 2014ko Programa Kontratuan ezartzen den zenbatekoan oinarrituta zehaztuko da.

5.2- Deialdi honen bitartez ez da azpiegitura (material inbentariagarria) finantzatuko; azpiegitura eskari horiek beste bide batzuetatik egin behar dira. Proiektuan laguntzeko langile eskariak ere (elkarlanerako diru-laguntzak, aholkularitza teknikoa, e.a.) ez dira onartuko.

5.3- Jasotako diru-laguntza honako hauek ordaintzeko izango dira: material suntsikorra, proiektua gauzatzeko prestakuntza berezia, material bibliografikoa, RED-Un edo antzekoetan bazkide-kuota, HBPko emaitzen aurkezpena unibertsitate irakaskuntzarekin zerikusia duten biltzar eta ekitaldietan (beste diru-laguntzarik ez badute, betiere), eta emaitzen argitalpena.

5.4- HBPren gastuak zehaztapen hauen arabera gestionatu behar dira:

  • 5.4.1 Fakturek bat etorri behar dute UPV/EHUko kontularitza arauekin.
  • 5.4.2 Material suntsikorra Unibertsitatearen enpresa esleipendunetan bakarrik erosi daiteke.
  • 5.4.3 Bidaiak enpresa esleipendunan kontratatu behar dira.
  • 5.4.4 Bibliografiarako diru-laguntza behar duten proiektuek eskarian premia hori daukatela adierazi behar dute, baita arlo horretan ze gastu egingo duten ere. Baldintza hori betetzen ez duten proiektuetan ez da bibliografiako fakturarik onartuko. Edozein modutan, bibliografia 2014an erosi behar da nahitaez, eta fakturak 2014ko martxoa eta azaroa bitartean bidali behar dira.

5.5- Fakturetan koordinatzailearen onespenak agertu behar du. Koordinatzaileak, fakturak behin sinatuta, SAE/HELAZen entregatu behar ditu (Beatriz Ferrererentzat direla adierazita), dagokien urte naturalean (2014koak martxotik abendura eta 2015ekoak urtarriletik uztaila amaierara).

6. Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak

Laguntza emateko aintzat hartu ziren baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako dirua bueltatu egin behar zaie EHUko Zerbitzu Nagusiei.

7. Onartutako proiektuen segimendua, ziurtapena eta hedapena

7.1- Onartutako proiektu bakoitzari SAE/HELAZeko taldeko kide bat egokituko zaio, proiektua errazago garatu ahal izateko.

7.2- HBPko koordinatzaileak zaindu behar du taldeak behar bezala egiten duela lan. Horren harian, taldekideen bajak idatziz eskatu behar zaizkio SAE/HELAZeko zuzendariari eta justifikatuta egon behar dute. Eskari horien gaineko erabakia hartu eta ziurtagiria eman SAE/HELAZek egingo ditu.

7.3- Proiektua bukatutakoan, hau da, 2015eko abendua amaitu baino lehen, txosten bat aurkeztu behar da, 2.eranskinean agertzen den amaierako ereduari (docx , 213,58 KB) jarraituz eta gehienez 10 orrialde izanez.

7.4- Ziurtagiria: SAE/HELAZek azken txostena baloratu ostean, programaren baldintzak betetzen dituzten UPV/EHUko irakasleak diren taldekideek ziurtagiri bana jasoko dute, HBPetan parte hartu dutela egiaztatzeko.

7.5 Emaitzak hedatzea: Azken txostena entregatu ondoren SAE/HELAZek unibertsitate komunitatearentzat interesgarriak izango diren proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera aztertuko du. SAE/HELAZek berak zabaltzeko bidea hautatuko du.

8. Azken xedapena

Interesatuek deialdiaren, deialdiko oinarrien eta deialditik eratorritako administrazio egintzen aurka egin dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen legean ezarritako epean eta moduan.

Leioan, 2013ko urriaren 14an.

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea, Amaya Zárraga Castro.