Graduetarako sarbidea, proba jakin baten bitartez

Proba espezifikoa duten graduetarako sarbidea

412/2014 Errege Dekretuko 10. artikuluan zehaztutakoaren babesean, "Itzulpengintza eta Interpretazioa" eta "Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak"  graduetan sartzeko, ikasleek zenbait baldintza bete eta sarrerako proba bereziak egin beharko dituzte.

Proba horiek gainditzeak ez dakar graduetan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, ikasleek izena emateko, ikasleak hautatzeko eta ikasleak onartzeko prozedura orokorrak bete beharko dira.

Proba gainditu arren ikasleak matrikularik egiten ez badu, hurrengo urtean matrikula egin nahi izanez gero berriro egin beharko du proba. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute EHUn.

Graduari, izena emateko prozedurari edo probei buruzko informazio gehiago gura baduzu, joan ikastegiko idazkaritzara edo web gunera.

Hizkuntza-betekizuna duten graduetarako sarbidea

Ezinbestekoa da euskararen B2 maila egiaztatzea Medikuntzako Graduan (Euskara) onartua izateko, onarpen-eskaera egiteko epean (ekainaren 15etik uztailaren 21era)

Bestalde, Gasteizko Hezkuntza eta Kirola Fakultateak, Bilboko Hezkuntza Fakultateak eta Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak B2 mailako euskararen ezagutza ziurtatzearen eskakizuna ikasturte bat atzeratzea erabaki dute, Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetan onartua izateko.

Beraz, 2020-2021 ikasturterako ez da beharrezkoa izango.