Unibertsitatera sartzeko ebaluazioa 2021

COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriak

Agiri honetan labur jaso ditugu zenbait neurri, 2021. urtean unibertsitatera sartzeko probetan bete beharrekoak, SARS-CoV-2ak eragindako infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko. Guztia bat etorrita agiri hau idazteko unean osasun agintariek emandako aholkuekin. Neurri orokor hauek ikasleek zein irakasleek bete beharrekoak dira. Premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, banan banaka zehaztuko dira neurriak.

1. Prebentzioko neurri orokorrak. Geletara sartzeko eta gelan egon bitarterako.

  • Bete egin behar dira proba egiteko unean indarrean dauden arau eta gomendio orokorrak (maskarak erabiltzea, eskuak garbitzea, segurtasun tartea gordetzea...). Bete egin behar dira, era berean, epaimahaiko buruak, idazkariak edo gainontzeko kideek emandako jarraibideak.

  • Une oro saihestu beharko dira pertsonak korridoreetan, sarrerako ateetan eta abarretan pilatzea.

  • Maskara jantzita izan behar dute proban parte hartzen duten guztiek: ikasleek, irakasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek, garbiketakoek. Eta jarrita izan beharko dute azterketa egingo den eraikinera sartzera doazen unetik bertatik. Bakoitzak bere maskara kirurgikoa izan behar du. Epaimahaikideek eta laguntzaileek FFP2 maskarak erabiliko dituzte, gutxieneko segurtasun-distantzia ezin badute gorde.

  • Eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dira gelan sartu aurretik, horretarako jarritakoak erabiliz.

  • Bakoitzak bere materiala erabili beharko du (boligrafoak, erregelak, kalkulagailuak…).

  • Azterketa egingo den eraikinera/zentrora hauek baino ezin izango dira sartu: proban matrikulatuta dauden ikasleak, ikasleen laguntzaileak (laguntza behar duten ikasleen kasuan), irakasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta epaimahaikideak. Hauetatik aparte ikastegi bakoitzeko langileak ere sartu ahal izango dira.

  • Aurrez aurreko probetara doazen lagun guztiek (ikasleek, epaimahaietako kideek eta laguntzaileek) etxetik irten baino lehen beren burua aztertu beharko dute, sintoma hauetakoren bat daukaten ikusteko: >37º-ko sukarra, eztul sikua, samako mina, arnasa hartzeko arazoak, usaimen eta dastamen falta. Halakorik izanez gero, ez da probatara joan behar, eta horren berri emango dio ikastetxeko arduradunari (ikasleen kasuan) edo epaimahaiko buruari (epaimahaiko kideen eta laguntzaileen kasuan).

  • Ezin izango dira probara sartu: COVID-19rekin bateragarria den sintomaren bat daukatenak; gaixotasuna diagnostikatuta daukatenak; isolamendu aldia bukatu gabe daukatenak; etxean berrogeialdia bete behar dutenak COVID-19aren sintomaren bat edo gaixotasuna diagnostikatua daukan norbaitekin egon izanagatik.

  • Ikasleren batek sintomaren bat baldin badauka, aparteko gela batera eramango da: gela aldez aurretik egongo da prestatuta, behar bezala aireztatua egon behar da eta poltsadun eta pedaldun paperontzia izan behar du. Ikasleak maskara kirurgikoa eraman beharko du (epaimahaiak maskarak izango ditu horrelako egoeretarako). Familia jakitun jarriko da. Sintoma larririk badauka, adibidez, arnas estua, 112ra deituko da.

  • Pertsona kalteberak. Probatan parte hartu behar duen norbait COVID-19arekiko kaltebera bada (hipertentsio arteriala, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, biriketako gaixotasun kronikoak, tratamendu aktiboan dagoen minbizia, immunodepresioa eta abar) azterketara joan ahal izango da, baldin eta egoera klinikoa kontrolatua badauka eta azterketara joatea ahalbidetzen badio; horrelakoetan, beti ere, zorrotz gorde beharko ditu babes neurriak. Horren berri eman beharko da proba egin aurretik. Ikasleen kasuan, ikastetxearen bidez emango da horren berri. Banan-banan aztertuko dira kasuak eta, egoki denean, babes neurri zorrotzagoak ezarriko dira.

  • Aniztasun funtzionala edo hezkuntzarako laguntza premia bereziak behar dituzten ikasleen kasuan, egokitzapenik, laguntzailerik edo laguntza teknikorik behar badute, beharrezko diren prebentzio neurriak ezarriko dira.

  • Prebentzio neurriei buruzko kartelak jarriko dira azterketak egingo diren lekuetan eta baita edukierei buruzkoak ere.

  • Probak egin aurretik, azterketen egoitzen kokapenaren eta azterketetara sartzeko jarraitu beharreko ibilbidearen berri emango da.

  • Eraikinen barruan eta inguruetan antolatzaileak egongo dira sarrerak antolatzeko, jarraibideak emateko eta ikasleen arteko distantzia gordetzen dela, maskarak jarrita dituztela eta gela erabiltzen dutela zaintzeko.

  • Aldez aurretik jakinaraziko da kotxez zein bidetatik sartu behar den.

  • Ahal den heinean, hobe da ikasleak oinez joatea probak egingo diren lekuetara: banan-banan eta elkarren arteko distantzia gordeta. Gomendagarria da oso goiz ez joatea azterketa lekura, denbora luzez itxaroten egon behar ez izateko eta arriskuak saihesteko.

2. Neurri zehatzak probak egiten diren bitarterako (epaimahaientzat).

  • Sarbideak, irteerak eta pertsonen zirkulazioa probak egiten diren eraikinean ezarritakoaren arabera antolatu beharko dira.

  • Aglomeraziorik ez izateko, sarrera eta irteera mailakatzea gomendatzen da, bai eraikinerako bai azterketa geletarako. Ikasleak izen-abizenaren arabera deituko dira, ordu tarteka banatuta.

  • Bide independenteak jarriko dira eraikinen sarrera eta irteerarako eta eraikinen barruko zirkulaziorako, betiere eraikinen ezaugarriek horretarako aukera ematen badute.

  • Azterketa egingo den lokalak aireztapen mekanikoko sistemarik ez duenean, epaimahaiak kontuan hartu ahal izango du proba egiten den bitartean leiho irisgarriak irekitzea, aireztapen gurutzatua erraztuz, betiere horrek ez badakar enbarazurik kanpoko faktoreengatik, hala nola zarata, zuzeneko eguzki-argiaren eragina edo beste faktore klimatologiko batzuk. Azken kasu honetan, gela mota horietako gutxieneko aireztapena 10 minutukoa izango da 20tik behin, lehioak itxita.

  • Ahal dela, eskailerak erabiliko dira. Igogailua beharra daukatenek baino ez dute erabiliko. Laguntza behar dutenen kasuan, laguntzaileak ere erabili ahal izango du igogailua.

  • Guztiei gogoraraziko zaie eskuak gelekin edo soluzio hidroalkoholikoekin garbitu behar dituztela eraikinera sartu aurretik.

  • Azterketak banatzean eta jasotzean, ahal dela ez da ezer ukitu behar.

  • Epaimahaikideek segurtasun tartea mantenduta erantzungo dituzte zalantzak; beraz, galderak eta argibideak ozenki egin beharko dira.

  • Zentro berean epaimahai bat baino gehiago egonez gero, ahal den heinean, epaimahai bakoitza eraikineko aparteko leku batean egongo da.

3. Neurri zehatzak probak egiten diren bitarterako (ikasleentzat).

  • Sartu-irtenak, ikastegian zein gelan, modu ordenatuan egin behar dira: ez da pilaketarik egon behar eta segurtasun tartea gorde behar da.

  • Gelara sartu aurretik, prest eduki behar da behar den guztia (matrikularen gordekina, NANa, boligrafoak, kalkulagailua, etab.) eta eskuak gela edo soluzio hidroalkoholikoarekin garbitu behar dira.

  • Ikasle bakoitzak leku bat izango du esleituta gelan: ezin izango da lekuz aldatu proba osoan, epaimahaiak bestelakorik adierazi ezean. Motxila eserlekuaren azpian utzi behar da.

  • Bakoitzak bere materiala erabili behar du, beste inori utzi barik edo inorenak hartu barik (boligrafoak, erregelak, kalkulagailuak…); beraz, ikasle bakoitzak proba egiteko behar duen guztia eraman behar du. Ikasleak bere boligrafoa eraman behar du. Boligraforik ez badu, baina, bat emango zaio. Ez du itzuli beharko.

  • Gainerako ikasleei enbarazurik ez egiteko, zalantzak azterketako lehen 10 minutuetan galdetzea gomendatzen da.

  • Ikasleak proba amaitzean joan ahal izango dira, inoiz ez azterketaren iraupenaren erdia igaro baino lehen. Ezin izango dira zentroaren/eraikinaren barruan geratu.

  • Azterketa amaitzean, ikasleak eskua altxatuko du amaitu duela adierazteko, eta bere lekuan jesarrita geratuko da irakasleak irteteko baimena eman arte.

  • Ikasleak mahai gainean utziko du azterketa; amaitu duten ikasleak banan-banan aterako dira maskara jarrita.

  • Azterketa bakoitzaren ondoren, adierazitako lekutik irten beharko du gelatik. Hurrengo ordu-tartean beste azterketarik ez badauka, eraikinetik/zentrotik irten beharko da. Jarraian beste azterketa bat daukatenean baino ezin izango da barruan geratu.

  • Atsedenaldian, aire zabaleko eremuetara edo berariaz horretarako prestatutako lekuetara sartu ahal izango da, betiere segurtasun tartea gordeta.

  • Ezin da zentro/eraikinen barruan jan, salbu eta mediku-ziurtagiri bidez epaimahaiari aldez aurretik egiaztatutako osasun-arrazoiengatik ez bada.

4. Babes neurriak epaimahaiko kideentzat eta zuzentzaileentzat.

  • Epaimahaiko kideen eta zuzentzaileen babesa ahalik eta ondoen bermatzeko, honako irizpideak zehaztu ditugu:

    • Gelan egon behar diren guztiei maskara kirurgiko edota FFP2 nahiko emango zaio 3 egunetarako.

    • Gela bakoitzean gel hidroalkoholikoa egongo da eskuak aldian-aldian garbitzeko. Gomendagarria da eskuak gelarekin garbitzea beste norbaitek erabilitako paperak ukitu ondoren.

    • Azterketak zuzentzean, zorrotz gordeko dira neurriak: maskara jarrita izan behar da eta eskuak sarri garbitu behar dira.

  • Gelan dagoen inork gaixotasunaren sintomarik izanez gero, epaimahaiburuari emango dio horren berri; maskara jarri eta gelatik irten beharko du eta berehala telefonoz deituko du osasun zentrora, eta, egoki denean, hala dagokion laneko arriskuen prebentzio zerbitzura. Bere tokia utziko du osasun arloko profesional batek egoera aztertu arte. Pertsona hori larri dagoela edo arnasa hartzeko zailtasuna duela ikusiz gero, 112 telefonora deitu behar da.

  • Epaimahaiak, azterketak zuzentzeko orduan eskuak maiz garbituko ditu, ura eta xaboia edo soluzio hidroalkoholikoa erabiliz, aurpegia uneoro eskuekin ukitzea saihestuz.

5. Gelak garbitzea eta aireztatzea.

  • Garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunek ezarritako protokoloaren arabera egingo dituzte beren lanak. Zehazki, jarduera hauek egingo dira:

    • Egunero, gutxieneko zeregin hauek egin beharko dira: ikasgelak, komunak eta gainerako espazioak aireztatzea, garbitzea eta desinfektatzea eraikin bakoitzean.

    • Goizeko lehenengo proba hasi ondoren, egunero, gutxieneko hauek: komunak garbitzea eta desinfektatzea.

    • Probako egunetan, proben arteko atsedenaldietan, gutxieneko hauek:

      • Gelak aireztatzea

      • Heldulekuak eta abar garbitzea eta desinfektatzea. Gainera, eguerdiko atsedenaldian, mahaien gainazalak ere garbitu eta desinfektatuko dira.

    • Atsedenaldia amaitzean, gutxieneko hauek: komunak garbitzea eta desinfektatzea.

    • Eguna amaitzean, gutxieneko hauek:

      • Aireztatzea, garbitzea eta desinfektatzea gelak, korridoreak, hall-ak, pasabideak…

      • Komunak garbitzea eta desinfektatzea.

      • Aireztatzea, garbitzea eta desinfektatzea probetan aritu direnek eraikinean erabilitako gainerako guneak.

    • Komunetan egiaztatu behar da, uneoro, ez dela falta xaboirik, eskuak sikatzeko paperik edo komuneko paperik.  

  • Garbiketa neurriak epaimahaien erabilerarako prestatutako geletan ere bete beharko dira.

  • Ahal dela, azterketa egin bitartean ateak irekita izan behar dira gela aireztatzeko.

  • Guneen aireztapena zentroen funtzionamendu neurrien dokumentuaren arabera egingo da, eta ahal den guztietan, ateak eta leihoak irekita mantenduko dira azterketa geletan.

  • Poltsadun eta pedaldun paperontzia egon behar da musuzapiak edo erabilera bakarreko materialak botatzeko (maskarak, eta abar). Paperontzi horiek maiz garbitu behar dira, eta, gutxien dela, egunean behin.