PROTEOMIKA

Aurkezpena

Proteomikak proteomak aztertzen ditu. Genoma batek adierazten dituen proteinen multzoa da proteoma. Genomak aztertzeak prozesu biologikoei buruzko informazio asko ekarri du, baina ez nahikoa, eta begi bistakoa da proteomari buruzko azterketa espezifikoak egin beharra dagoela. Proteoma oso elementu dinamikoa da, zelula baten edo konpartimentu azpizelular baten egoeraren edo baldintzen arabera aldatzen baita. Genoma batek, zelulen egoeraren arabera, hainbat proteina mota adieraz ditzake, eta, aldi berean, proteinak berak ere modu batera edo bestera alda daitezke, nolako eskakizuna egiten zaion; alegia, genoma batetik proteoma mota bat baino gehiago lor daitezke.

Azkenaldian, proteomaren ikerketak asko aurreratu dira; izan ere, gero eta genoma gehiagoren sekuentziazio osoak lortu dira, giza genomarena barne. Gainera, tresna bioinformatiko bizkorrak sortu dira, eta, haiei esker, informazio zabala azter daiteke denbora laburrean. Halaber, teknologia ere asko aurreratu da, batik bat masen espektrometriari dagokionez, eta, horrenbestez, askoz ere informazio gehiago eta hobea lortzen da analisi esperimentaletan.

UPV/EHUko Proteomika Unitatea, Bizkaiko Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean kokatua, ikerkuntzari laguntzeko zerbitzu orokor bat da, eta UPV/EHUko ikerketa taldeei eta, oro har, komunitate zientifiko osoari laguntza ematea du helburu. UPV/EHUko Proteomika Unitateak laguntza esperimental zein intelektual osoa eman nahi die erabiltzaileei, ekipamendurik aurreratuenaren eta langile kualifikatuen bidez.