Sistema Informatiko Aurreratuak Unibertsitate Masterra

Helburuak

Helburu nagusia da ezagutza informatiko aurreratuak eskaintzea ikasleari ondoren aipatzen diren lau arloetan, bai eta arlo horiei lotutako ikerketarako trebetasunak ere. Arloak hauek dira: Sistema Adimendunak, Interakzio Naturaleko Ereduak, Sistema Banatuak eta Web Sistemak.

Ezagutza horiek gaitasuna emango diote ikasleari, batetik, masterrean azalduko diren tekniken bitartez ebatzi beharreko arazoak ulertu eta identifikatzeko; bestetik, teknikak ebaluatzeko, horien artean aukeratu eta aukeratuak aplikatzeko; eta, azkenik, berrikuntza erronka nagusien ikuspegi globala izateko aipatu diren arloetan.

Helburu nagusi horrek zeharkako zenbait helburu ditu osagarri, ikerketa lan bati ekiteko beharrezkoak diren trebetasunak garatzeko aukera ematen dutenak; hala nola, dokumentu zientifikoak bilatu eta prestatzea, dokumentu zientifikoen aurkezpena eta kritika egitea, eta metodo zientifikoa aplikatzea.

Ikasleak hori guztia aplikatuko du aurrera eramango dituen ikerlan laburretan, doktorego tesia egitean sortzen diren erronka nagusien ikuspegi globala lortzeko modu horretara.

Gaitasunak

  • Adimen artifizialeko tekniken bidez ebatzi beharreko arazoak ulertu eta identifikatzea. Arazo horiek ebazteko teknika egokienak ebaluatu, aukeratu eta aplikatzea.
  • Dokumentuak modu formal, metodiko eta kritikoan bilatu eta aztertzea, baliabide teknologikoak erabilita, eta informazio iturriak hautatzean kritikoa izatea eta iturri horiek egiaztatzea.
  • Ikasleak berak egindako lan zientifikoak idatzi eta horien aurkezpena egitea, baita taldean egindako lanak nahiz beste batzuek egindakoak ere.
  • Ikerlan laburrak eramatea aurrera arlo mugatuetan eta masterreko programan zehaztutako ikerketa ildoei zuzenduak, doktorego tesia egitean sortzen diren erronka nagusien ikuspegi globala lortzeko modu horretara.
  • Ikerlanetan metodo zientifikoa aplikatzea, bai norberaren ikuspegitik nork bere ekimenez eta kuriositate zientifikoz bai taldearen ikuspegitik talde lanaren teknikak ezagututa.
  • Konputazio sistema banatuen oinarriak, modeloak eta egiturak ulertzea, aplikazioak horietan nola instalatzen diren jakitea, eta etekina aztertzeko metodoak aplikatzea.
  • Pertsonen arteko elkarrizketa naturalera hurbilduko diren sistema informatikoekin komunikatzeko metodoak diseinatu, aztertu, hautatu. gomendatu eta egokitzea.
  • Weberako aplikazioak garatzeko oinarriak eta teknologiak ulertzea, eta berrikuntza erronka nagusien ikuspegi globala izatea arlo horretan.