Graduondoko ikasketak

Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra

Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrak doktoregorako sarbidea eskaintzen du, eta gizarte- eta zuzenbide-zientzien ikerketara orientatuta dago. Bere helburu nagusia ikerketa feministen eta genero-ikerketen arloko diziplina arteko prestakuntza espezializatua eskaintzea da. Diziplinartekotasunaren eta hainbat diziplina eta gaietako profesionalen lankidetzaren aldeko apustua da, beraz.

Azkeneko hamarkadetan ekarpen garrantzitsuak egin dira Ikerketa Feministetan, Genero Ikerketetan eta Emakumeen Ikerketetan. Erabat finkatutako arlo zientifiko horretan, ikerketa ugari egin dira herrialdean, estatuan eta nazioartean. Ikerketa horiek ia diziplina eta ezagutza-arlo guztiak hartzen dituzte, eta Gizarte Zientziek presentzia nabarmena dute.  

Teoria eta Kritika Feministatik eginiko ekarpen zientifikoa erabat saihestezina da gaur egun, nola teoriko-metodologikoki, hala enpirikoki. Izan ere, ekarpenek ez dute ezagutzaren areagotze eta kalitatean soilik eragiten. Garrantzi handiko gizarte-arazoen konponketan sakontzen dute: diskriminazioa eta gizarte-desberdintasunak. 

Alde horretatik, EHUren egoera oso positiboa da, espezialista eta ikertzaile ugari dituelako, eta horietako askok master honetan irakasle gisa parte hartzen dutelako. Espezialista horiek banakako eta taldekako ekimen zientifiko ugari garatu dituzte hogei urteotan: graduko eta graduondoko irakaskuntza espezifikoak edo eduki espezializatudunak; doktorego-tesien lantze eta zuzendaritza; banakako eta taldekako lanen edizioa eta argitalpena; ikastaro, mintegi eta jardunaldi zientifikoen antolaketa; gizon eta emakumeen arteko berdintasun-aukeren gaineko hainbat plan eta jarduera...

Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterraz gain, EHUren graduondoko ikasketa feministen eskaintza zabala da: Gizon eta Emakumeen Berdintasuneko Master Profesionala (Izenburu propioa); bereziki Berdintasuneko Agenteen prestakuntzara zuzenduta dago eta Gipuzkoako Campuseko Zuzenbide Fakultatean ematen da. Era berean, gairekin lotutako irakasgai eta eduki zehatzak ematen dira beste master- eta doktorego-programa batzuetan.

Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra gure unibertsitatean bildutako esperientzian oinarritzen da, eta bere antolakuntza jauzi kualitatibo bat da, EHUn garrantzi sozial, politiko eta zientifiko-akademiko handiko gai baten gaineko diziplina arteko prestakuntza ofizial, zabal eta koherente bat eskaintzen den lehenengo aldia delako; betiere, ikerketara orientatuta.

Kontuan hartu behar da, baita ere, masterrean EHUko hamaika unibertsitate-sail eta bost ikastegitako berrogei irakaslek parte hartzen dutela, eta bertan, sail horien genero-ikerketen gaineko irakaskuntza eta ikerketa nagusiak jasotzen direla. Horri esker, orain arte garatutako lan guztia bildu eta komunitate akademikoari eta gizarteari eman ahal zaio.