Unibertsitate Espezializazioa: Herri Administrazioa

Titulu mota
Graduondokoa: Unibertsitateko Espezialista
Kreditu kopurua
32.0
Prezioa
2 400,00 euro

Aurkezpena

Hizkuntza: GAZTELANIA

Espainia, gure inguruko gainerako herrialdeak bezala, aldaketa politiko sakonak ari da jasaten etengabe, eta horien ondorioz administrazio, kudeaketa eta politika publikoen arloan espezializatutako langileen beharra gero eta handiagoa da.

Graduondoko honen helburua da profesionalak eta ikertzaileak prestatzea, gobernu, administrazio eta politika publikoen esparruetan jarduteko. Horretarako, prestakuntza aurreratua eskaintzen zaie administrazio publikoetan interes berezia duten gradudunei; hala, hainbat profil profesional aurkezten dira, eta lana eraginkortasunez egiteko ikasleek eskuratu beharreko gaitasun orokorrak eta espezifikoak lantzen dira. Hortaz, gobernu eta administrazio publikoari lotutako lanbideetan aritzeko beharrezkoak diren metodoak, teknikak eta trebetasunak ikasiko dituzte ikasleek, eta programa osatzen duten gaiei buruzko ikerketa tekniken hastapenak erakutsiko zaizkie.

Amaitzean, ikasleek sektore publiko modernoa antolatzeko eta funtzionatzeko moduari buruzko ezagutza sakona eskuratuko dute.

Zergatik ikasi

  • Diziplinarteko izaera du.
  • Irakasleen profila (unibertsitarioak, lanean diren funtzionarioak eta profesional liberalak).
  • Oposaketetarako egokia.
  • Eduki teorikoak eta praktikoak ditu.

Sartzeko profila

Titulu hau jarraian aipatutako arloetan ibilbide profesionala egiteko interesa duten gradudunei eskaintzen zaie:

  • Sektore publikoa
  • Hirugarren sektoreko erakundeak
  • Aholkularitzako eta laguntza teknikoko erakundeak
  • Sektore pribatua
  • Unibertsitateak
  • Nazioarteko erakundeak

Irteera profesionalak

Titulu honek ekonomia publikoari eta zuzenbide publikoari buruzko prestakuntza aurreratua eskaintzen die edozein hautaketa prozesuri aurre egiteko prestakuntza espezifikoa eskatzen duten gradudunei. Prozesu horiek arlo hauetan eman daitezke: administrazio publikoak, enpresa publikoak, sektore publikoarentzat lan egiten duten enpresa pribatuak, gobernuz kanpoko erakundeak, alderdi politikoak, erakunde politikoak, aholkularitzak, ikerketa institutuak, irakaskuntza erakundeak, analisi kabineteak/unitateak, etab. Modu osagarrian, prestakuntza aukera ezin hobea da beren promozio profesionalari begira eguneratzeko beharra duten sektore publiko edo pribatuko langileentzat.