Unibertsitate Espezializazioa: Itzulpengintza eta Teknologia

Titulu mota
Graduondokoa: Unibertsitateko Espezialista
Kreditu kopurua
30.0
Prezioa
1 500,00 euro

Aurkezpena

Hizkuntza: EUSKARA

Informazio eta komunikazio gizartean  itzulpengintzako teknologiak erabiltzea eta menderatzea ezinbestekoa da gaur egungo itzulpen-jarduera profesionalean. Teknologia berriek bultzatuta, azken hamarkadan Euskal Herrian enpresa eta erakunde asko sortu dira hizkuntzen industrien alorrean dauden erronka berriei erantzuteko. Hori dela eta, hizkuntzen tratamenduarekin lotuta dauden produktuak kudeatu eta dokumentu eleanitzak era egokian prozesatzeko gai izango diren itzultzaileak prestatu behar dira.

Itzulpengintzako ikasketen diseinu kurrikularrean hutsune handia dago itzulpengintzako teknologien irakaskuntzari dagokionez. Halere, Informazio eta Komunikazio Teknologiek garrantzi estrategikoa dute garapen ekonomikarako zein hizkuntzaren garapenerako. Hori dela eta, itzulpengintza eta teknologia berriak uztartzeak lan merkatuan dauden beharrei erantzuten die. Horregatik, graduondoko hau erabat praktikoa da eskaintzen dituen moduluei esker, eta  bi alderdiak menderatzen dituzten profesionalak prestatzera zuzenduta dago.

Zergatik ikasi

  • Egungo komunikazio gizarteak planteatzen duen egoerari erantzuten dio berezko titulu honek.
  • Euskaratik eta euskararako itzulpengintzan dauden tresna berritzaileenak ezagutzera ematen ditu.
  • Itzulpengintza eta Interpretazioko graduatuen eta itzultzaile profesionalen espezializazio beharrak ere asetzen ditu.
  • Ikastaroa on line izateak aukera ematen die ikasleei erabateko autonomiaz lan egiteko eta denbora beren neurrira egokitzeko.

Sarrera profila

Itzulpengintza eta Interpretrazioko  graduatu berrien artean espediente akademikoa izango da gehien baloratuko den atala, bai eta teknologiekin izandako eskarmentua.

Halaber, profesionalen artean esperientzia baloratuko da gehien, baina beste osagarri batzuk ere kontuan hartuko dira, bereziki teknologiekin izandako eskarmentua eta itzulpengintzan izandako prestakuntza.

Irteera profesionalak

  • Plantilako itzultzailea enpresetan zein erakundeetan
  • Itzultzaile autonomoa
  • Argitaletxeetako eta hedabideetako itzultzailea edo zuzentzailea
  • Itzulpen-proiektuetako kudeatzailea
  • Ikus-entzunezko produktuak itzuli-egokitu eta azpidaztea
  • Informatikako produktuen eta webguneen lokalizatzailea

Praktikak

Ikasleek aukera izango dute kanpoko praktikak egiteko itzulpen-enpresa hauetan:

  • Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia
  • Mara-Mara Taldea
  • IDisc Information Technologies, (Bartzelona)