Unibertsitateen berezko tituluetara zuzenduriko graduondoko ikasketei buruzko unibertsitatearteko komenio

(UPV/Euskal Herriko Unibertsitateak sinatua, Gobernu-Batzarraren 91/10/1eko akordioz)

Unibertsitatearen Erreformarako Legeak, bere 28.3. artikuluan, bide ematen die unibertsitateei estatu osoan balioa duten diploma eta tituluez gainera, "beste diploma eta titulu batzuk eskuratzeko ikasketak" eskain ditzaten, beren autonomiaz baliaturik. Bestelako diploma eta tituluok lortu, eman eta homologatzeari dagokion guztia aipatutako artikuluaren 2. atalean azaltzen da, Unibertsitateen Berezko Titulu eta Diplomak izenaren pean, eta hor biltzen dira beroriek emateko baldintza nagusiak. Bestalde, urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuak, unibertsitate mailako 3. zikloko ikasketak eta graduatuondoko beste ikasketa batzuk arautzen dituenak, bere 17. artikuluan berriz ere azpimarratzen du unibertsitateek graduatuondoko ikasketak emateko eta beroriek gainditzen dituztenei titulu edo diplomak emateko daukaten gaitasuna.

Graduatuondoko eta espezializaziorako ikasketak, eurenez, oso egokiak dira unibertsitatearen berezko ikasketak ezartzeko, eta, beroriek gaindituz gero, unibertsitatearen Berezko Titulu batez bere akreditatuak izateko. Graduatuondoko eta espezializazioko ikasketek, hala edukiz nola metodologiaz, malgutasun handia izan behar dute, beren gizarte-inguruneari egokitu behar zaizkio bereziki, eta erantzun azkarra eman behar diete ingurune horretan sortuz doazen premia eta eskaerei. Ezaugarri horiek guztiak unibertsitate bakoitzak hartu beharko ditu kontutan bere ingurune zehatzaren arabera.

Azken bost urteotan Espainiako unibertsitateek argi asko frogatu dute egokitze horretarako gai direla, milatik gorako graduatuondoko edo espezializazio-ikasketak eskeini baitituzte, unibertsitateen Berezko Tituluez akreditatuak.

Unibertsitate bakoitzaren Berezko Tituluak lortzera bideratutako graduatuondoko eta espezializazio ikasketekin izandako esperientziak gomendagarri egiten du homogeneotasun irizpideak ezartzea Berezko Titulu horien motak eta baldintzak zehazterakoan; komenigarri ikusten da, era berean, titulu horiek akreditatzen dituzten irakaspenen kalitatea eta unibertsitate-maila guztion artean defendatu eta segurtatzea.

Hori dela eta, Espainiako unibertsitateek Unibertsitateen Kontseiluarekin lankidetzan gaia aurretik aztertu ondoren, Unibertsitatearteko Hitzarmenerako testu hau eratu da, berori izenpetzen duten unibertsitateek, euren Gobernu-Batzarraren erabaki instituzionalaz, onartu dutena, eta euren berezko arautegiaren beste zati baten gisara bereganatu.

Komenio hau sinatzen duten unibertsitateek adierazten dute zaindu egingo dutela euren Berezko Tituluak lortzeko graduondoko edo espezializazio-ikastaroen kalitatea, eta Berezko Titulu horien mota eta baldintzak bateratuko dituztela, ondoko klausula hauen arabera egin ere.

KLAUSULAK

LEHENA: Hauxe da hitzarmen honen gaia: Unibertsitatearen Berezko Titulu batekin akreditatzen diren graduatuondoko edo espezializaziorako ikasketak, eta, bereziki, Berezko Titulu horiek zehaztu, lortu eta emateari dagokiona. Hitzarmen hau berori izenpetzen duten unibertsitate guztietan aplikatuko da.

BIGARRENA: Berezko Tituluak unibertsitateko errektoreak emango ditu, eta unibertsitate bakoitzak jarriko duen Berezko Tituluen Erregistroan jasoko dira. Erregistro hori zentralizaturik egongo da, eta gobernuak unibertsitate-tituluetarako ezarritakoaren baldintza berberak beteko ditu hala identifikazioari nola zaintze, ziurtatze eta publikotasunari dagokionean; hori guztia azaroaren 6ko 1496/1987 Errege Dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz.

HIRUGARRENA: Berezko Tituluen artean, graduatuondoko ikastaldirik luzeena eta mailarik altuena dituena "Unibertsitate-Magister" edo "Unibertsitate-Masterra" deituko da, eta unibertsitateek bi izen horietako edozein erabili ahal izango dute, euren komenentziaren arabera. Edozelan ere, izen batak zein besteak Berezko Titulu mota berbera adieraziko dute.

LAUGARRENA: "Unibertsitate-Magister" edo "Unibertsitate-Master" titulua graduatuondoko prestakuntza-ziklo unibertsitario bati dagokio, eta lizentziaturaren osteko prestakuntza-maila kualitatibo bat eskeintzen du. Halako titulu bat eskuratzeko ikasketek 50 kreditu bilduko dituzte, gutxienik, eta eskolaldiak ikasturte bat iraungo du gutxienera; gutxieneko hori ezertan ere galerazi barik, ikasketa horiek diseinatzerakoan bi ikasturteko epea hartuko da abiapuntu.

BOSGARRENA: Arau orokor gisa, "Unibertsitate-Magister" edo "Unibertsitate-Master" titulua lortzeko, bigarren zikloko titulazio unibertsitarioa eskatuko da. Salbuespen modura, "Unibertsitate-Magister" edo "Unibertsitate-Master" jakin baten gaien espezifikotasuna kontuan hartuz, eta aintzat izanda, halaber, lehen zikloko titulua duten zenbait unibertsitariren graduatuondoko prestakuntzarekin master horrek izan dezakeen lotura, unibertsitateak lehen zikloko tituludun horiei ere eman ahal izango die titulua.

SEIGARRENA: "Unibertsitate-Magister" edo "Unibertsitate-Master" tituluaz gain, unibertsitate batek graduatuondoko edo espezializaziorako beste Berezko Titulu batzuk ere ezarri ahal izango ditu, interesatuari aldez aurretik unibertsitateko titulazio bat izatea eskatuko diotenak. Hala berean, unibertsitateak kasuan kasuko espezialitatearekin lotura handia duten profesionalak ere onartu ahal izango ditu ikasketa horietan, baldin eta pertsona horiek zortzigarren klausulako betekizunak betetzen badituzte. Izaera hertsirik gabe, eta aipamen orokor gisa, "Unibertsitate-Berezilaria" edo "Unibertsitate-Aditua" izenak proposatzen dira titulu hauetarako.

ZAZPIGARRENA: Unibertsitateek ez du inongo Berezko Titulurik emango 20 kreditu baino gutxiago biltzen dituzten ikasketetarako. Horrek, dena dela, ez du galeraziko unibertsitateko ikastegi eta sailek bestelako ikastaro eta mintegien ziurtagiriak egitea, unibertsitateko titulu berezirik eratu barik, eta hortik sor zitezkeen nahaste guztiak saihestuz.

ZORTZIGARRENA: Seigarren klausulan aipatutako ikasketa eta Berezko Tituluak egiten hasten diren eta aurretik unibertsitate-titulurik ez zuten profesionalek, azaroaren 6ko 1496/1987 Errege Dekretuaren 7.1. artikuluari jarraiki, unibertsitatean ikasteko legeak eskatzen dituen baldintzak bete beharko dituzte; ildo horretatik, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea edo Bigarren Mailako Lanbide-Heziketa gainditurik dutela forgatu beharko dute agiri bidez, edo, osterantzean, 25 urtetik gorakoen bidetik sartu beharko dira, unibertsitateak horretarako ezartzen dituen proba edo irizpide zehatzen bitartez.

BEDERATZIGARRENA: Atzerriko titulu baten jabe izanda, unibertsitateen Berezko Tituluak lortzeko ikasketak egin gura dituzten pertsonek ez dute beren titulua homologatu behar izango, urtarrilaren 16ko 86/1987 Errege Dekretuaren 16.1. artikuluak ezarritakoaren arabera. Nahikoa izango dute unibertsitateko errektorearen baimena, aurkeztutako titulu atzerritarraren korrespondentzia egiaztatu ondoren emango dena.

HAMARGARRENA: Berezko Titulu bat lortzeko, ikasleak gaindituta izan beharko ditu, dagokion ebaluazio-prozesuaren bidez, titulu hori lortzeko ikasketa eta ikas-iharduera guztiak; eskolara joatea ez da inolaz ere nahikoa izango titulua eskuratzeko. Titulu bakoitzak bere ikasketa-programa osatzen duten irakaspenen deskribapena eroango du erantsita, programa horretako gai, kreditu eta iharduerak ondo zehaztuta; era berean, eranski horretan ikaslearen aurreko titulazioa azalduko da, edota titulu hori lortzeko bete izan behar dituen baldintzak.

HAMAIKAGARRENA: Doktoregoak eta graduatuondoko ikasketek helburu eta definizio akademiko desberdinak dituztenez gero, unibertsitateek ondo bereziko dituzte doktorego-programari dagozkion ikasketak eta Berezko Tituluetakoak, hartara heziketa-eremu biok nahas ez daitezen eta bakoitzaren helburu berarizkoak bete daitezen.

HAMABIGARRENA: Berezko Tituluen ikas-programetako gai edo irakasgaiak baliokidetzeari dagokionez, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuko I. eranskinean aurrikusitakoa hartuko da kontutan, alegia, gai edo irakasgai horiek unibertsitateko gai edo irakasgai ofizialtzat hartzen dituenean.

HAMAHIRUGARRENA: Unibertsitateek esperientzien trukaketa bultzatuko dute, eta ahalegindu ere egingo dira guztiek antzeko politika eramaten Berezko Tituluak lortzeko graduatuondoko edo espezialitateko ikasketetan. Tituluen helburuak pareko edo bateratsu datozenean, dagozkien unibertsitateak titulu horiek koordinatzen saiatuko dira, eta unibertsitate horien guztien Berezko Titulu bihurtzeko posibilitatea aztertuko dute, bai eta, bere garaian, unibertsitateko titulutzat onar dadila eskatzea ere, azaroaren 6ko 1496/1987 Errege Dekretuaren 8.1. artikuluari jarraiki. Era berean, atzerriko unibertsitateek emandako titulu analogoak elkarri aitortzeko ahaleginak ere egingo dira, urtarrilaren 16ko 86/7987 Errege Dekretuaren 3. artikularekin bat etorriz.

HAMALAUGARRENA: Hitzarmena izenpetzen duten unibertsitateen ordezkariez eta Unibertsitateen Kontseiluko kideez osatutako batzorde batek jarraipena egingo dio hitzarmenaren garapenbideari, zelan doan betetzen aztertzeko eta aurreko klausulan aurrikusi diren koordinazio-neurriak eta politika amankomunerako bideak aurrera bultzatzeko.