Abian da Kimika Bizirik egitasmoaren edizio berri bat

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/10

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak bigarren hezkuntzako eta batxilergoko 400 ikasle hartuko ditu dibulgaziorako ekimen honetan

Urtarrilaren 8tik 21era bitartean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak (ZTF-FCT) Química en Acción/Kimika Bizirik egitasmoaren edizio berri bat burutuko du eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxetatik etorritako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko 400 ikasle hartuko ditu bere laborategietan. Egitasmo honen koordinatzaileak José Luis Ayastuy, Eneritz Anakabe, Sonia Arrasate eta Olatz Zuloaga irakasleak dira.

Ekimenak Kimika eta Ingeniaritza Kimikoa uztartzen ditu, unibertsitate aurreko ikasleen artean bi gai horien gaineko interesa indartzeko. Programan parte hartuko duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz izango dituzte saioak, goizez eta arratsaldez. Aurten, ikasleen erdiak batxilergoko lehen eta bigarren mailakoak dira eta beste erdiak, berriz, DBHko laugarren mailakoak.

Ikasleek Kimikako lau praktika egingo dituzte laborategian. alde batetik, bost zentimoko kobrezko piezak "urrezko txanpon" bihurtuko dituzte prozesu elektrokimiko baten bidez (zinkez estaltzen dira eta zilar kolorea hartzen dute; ondoren, berotzean, zinka letoi bihurtzen da eta urre kolorea hartzen dute). Gainera, detektibe kimikoaren jardueran, zortzi konposatu ezezagun identifikatu beharko dituzte zenbait propietate kimiko eta fisiko neurtuta, hala nola, pHa, eroankortasuna edo lumineszentzia. Hain zuzen ere, ondorengo konposatuak identifikatu beharko dituzte: ur destilatua, itsasoko ura, tonika, kola edaria, tea, ozpina, lixiba eta gaseosa.

Era berean, 6-10 nylonaren sintesia egingo dute, polimerizazio bidez, bi erreaktiboak nahastuta. Eta, azkenik, analgesiko komertzial baten osagai aktiboa identifikatuko dute. Horretarako, ikasleek geruza fineko kromatografia erabiliko dute analgesiko baten benetako osagaiak identifikatzeko eta ondorengo agente aktiboen presentzia baieztatu edo ezeztatuko dute: parazetamola, ibuprofenoa, azido azetilsalizilikoa eta kafeina.

Gainera, Química en Acción/Kimika Bizirik egitasmoan parte hartuko duten ikasleek hainbat esperimentuetan ere parte hartuko dute eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko (ZTF-FCT) irakasleen erakustaldiak ere ikusteko aukera izango dute.

Química en Acción/Kimika Bizirik programa 2006az geroztik gauzatzen da urtero eta bere helburua da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleak zientzian murgiltzea, hain zuzen ere, kimikan eta ingeniaritza kimikoan.

Deialdi honetan parte hartuko duten ikastetxeak:

CPEIPS SAN JOSE HLBHIP, CPEIPS STA. MARÍA HLBHIP, CPEIPS PADRE ANDRÉS ARTXANDAPE IKASTOLA. A. FIGUERA, IES ANAITASUNA BHI, ARANGOYA, IES ARTAZA TOMO BHI, AROZENA, BIHOTZ GAZTEA IKASTOLA, CALASANCIO, COLEGIO AYALDE, COLEGIO NUESTRA SEÑORA DE LAS MERCEDES, COLEGIO VIZCAYA, IES CRUCES BHI, IES GERNIKA BHI, IES ZALLA BHI, ITXAROPENA IKASTOLA, KANTAURI IKASTOLA, KARMENGO AMA IKASTETXEA, COLEGIO LA SALLE, IES MUSKIZ BHI, PADRE RAIMUNDO, COLEGIO PRESENTACIÓN DE MARÍA, SAN FIDEL IKASTOLA, SAN JO´SE, SAN VIATOR, ST GEORGE, URDANETA, ZUBIZAHARRA IKASTOLA.