IKERBASQUEk emakume ikertzaileen lana aitortu eta bistaratu du

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/08

Maribel Arriortua, Aitziber López Cortajarena eta Maia García Vergniory emakume ikertzaileek aintzatespen bana jaso dute gaur

beraien ikerketa-karreragatik.

Euskadiko emakume ikertzaileak bistaratzea da golardoaren helburua, belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.

Bilbon, 2019ko maiatzaren 6an – Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburu eta Ikerbasqueko presidentea izan da, gaur goizean Euskadin ikerketan diharduten hiru emakumeri aintzatespenak emateko antolatutako ekitaldiko buru. María Isabel Arriortua, Aitziber Lopez-Cortajarena eta Maia García Vegniory izan dira omendutako ikertzaileak. Ekitaldian, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa eta Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen ordezkariak bildu dira.

Ikerbasquek emakume ikertzaileen aitorpenez eratutako aintzatespen hauen lehenengo edizioan, hiru emakume saritu ditu karrera zientifikoko fase desberdinetan: ibilbide zientifikoa, ikerketa esparru batean izandako lidergoa eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena.

Ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena María Isabel Arriortuarentzat (1950) izan da. UPV/EHUko Kristalografia eta Mineralogiako katedraduna da 1992az geroztik, eta bertan prestaturiko lehenengo emakume irakasle titularra izan zen, baita UPV/EHUn katedra lortu zuten lehen emakumeetako bat. IMaCris/MaKrisI ikerketa-taldea sortu zuen eta aitzindaria izan da ingurumen nahiz energiaren esparruan aplika daitezkeen sistema multifuntzionalei buruzko ikerketan. 2010ean, Euskadiko Ikerketa Saria jaso zuen Zientzia eta Teknologia modalitatean, eta 2012an, Zientzien, Arteen eta Letren Euskal Akademiako (Jakiunde) kide oso izendatu zuten.

Aitziber López-Cortajarena (1974) proteinen ingeniaritzaren arloan lortutako lidergoagatik aitortu dute. UPV/EHUn Biokimikan doktoratu ondoren, zazpi urte egin zituen Estatu Batuetako Yale Unibertsitatean, proteinen diseinu, egitura eta funtzioei buruzko zereginetan. 2011n Europara itzultzea erabaki eta ikerketa-taldea sortu zuen Madrilgo IMDEA-Nanozientzian, nanoegitura biofuntzionalen sorkuntzarako proteinak diseinatzeko asmoz. 2016an, Ikerbasque Research Professor bezala sartu zen CIC biomaGUNE zentroan Nanoteknologia Biomolekularreko taldea zuzentzeko, ERC-Consolidator Grant deritzon ikerketa arloko laguntza garrantzitsua jaso duelarik.

Azkenik, Maia Garcia Vergniory (1978) material topologikoen esparruan egin duen ekarpen nabarmenagatik aitortu dute. Materia kondentsatuaren fisikan doktoratu zen UPV/EHUn. Ondoren, Max Planck Institute of Microstructure Physics zentroan lan egin eta doktorego ondoko egonaldia egin zuen Estatu Batuetako Lawrence Berkeley National Laboratory delakoan. Egun, DIPCi atxikitako Ikerbasqueko Ikertzaile gisa lantzen ari da material topologikoei buruzko ikerketa-jarduna. 2017an L'Oreal-Unesco for Women in Science saria jaso zuen eta 2018an QUO 2018 zientzia-selekzioko kide izan zen.

Aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko 300 emakume ikertzaileren baino gehiagoren ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin du, Fundazioko Batzorde Zientifikoak baliozkotu duelarik.

2018an, Emakundek proposatutako metodologiari jarraiki, Ikerbasquek gizon eta emakumeen arteko berdintasun plana garatu zuen. Prozesu horren emaitza gisa, eta berdintasuneranzko bidean aurrera egiteko asmoz, 7 ekintza proposatu ziren; horien artean, emakume ikertzaileen aitorpena.

Neurri hauen bitartez, Ikerbasquek goitik behera gainditu nahi ditu, emakume ikertzaile asko karrera zientifikoei uko egitera bultzatu eta beste hainbat kasutan gizonen aldean ezkutuan utzi ohi dituzten genero-estereotipoak. Ondorioz, emakume ikertzaile distiratsuen karrerak bistaratu eta zientziari egindako ekarpena aitortzea da ekintza honen helburu nagusia, ondorengo belaunaldien eredu bihur daitezen.

IKERBASQUEri BURUZ

IKERBASQUE Eusko Jaurlaritzak ikerketa zientifikoaren alde egindako apustuaren eta autonomia-erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik gauzatutako aliantzaren emaitza da. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUE ren jardunaren ardatz nagusia.

Informazio gehiago:

Ainhoa Madariaga
Ikerbasque
Maria Diaz Haroko, 3-6, 48013 Bilbo
T: 944052660
madariaga@ikerbasque.net