Fakultatearen aurkezpena

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatea Leioako Campusean dago kokatuta. Gaur egun, Graduko 9 titulu eta Gradu Bikoitz 1 eskaintzen ditu, eta horiek, 35 ezagutza-arlo zientifiko-tekniko hartzen dituzte barne. Irakaskuntza-eskaintzak natura zientzietako bost adar klasikoak ditu ardatz: Biologia, Fisika, Geologia, Matematika eta Kimika. Horrez gain, ezagutza zientifikoa eta garapen teknologikoa osatzeko, beste lau titulu eskaintzen ditu: Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Ingeniaritza Elektronikoa eta Ingeniaritza Kimikoa. Bestalde, zentroak, gaur egun, Graduondoko Programa Ofizialetan aurkitzen diren 13 Master eskaintzen ditu, eta 6 Titulu Berezi.

 

Eskaintza hori Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat da; hain zuzen ere gure gizartearen erronka nagusietan eginkizun garrantzitsu bat betetzeko gai diren  profesionalen prestakuntzan: teknologia berrien garapena, garapen iraunkorra, ingurumenaren kontserbazioa, etab.

 

Fakultateak Gradu eta Graduondoko 3000 ikasle inguru ditu, eta baita 18 sailetan eta 2 sail-ataletan banatutako goi-mailako giza taldea osatzen duten 400 irakasle eta 300 ikertzaile inguru ere, ezagutza-arlo zientifiko-tekniko gehienak estaltzen direlarik. Bertan, Euskal Herriko I+G+b-rako baliabide multzo handienak biltzen dira, eta produkzio zientifikoko zati handi bat sortzen da bertan. Urtero lortutako ikerkuntza-proiektu kantitate altuak, defendatutako 100 tesi baino gehiagok eta Fakultateak urtero ekoizten dituen argitalpen zientifikoen kopuru handiak zentroaren ikerketa-jarduera bizia islatzen dute.

 

Zientzia eta Teknologia Fakultateak (ZTF) Kalitatearen printzipioetara egokitu ditu ikastegiaren balioak eta kultura antolatzailea. EFQM Bikaintasun Eredua erreferentziatzat hartuta, Zilarrezko Q saria eskuratu zuen 2006ko abenduan. 2016an, Zientzia eta Teknologia Fakultateak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren Zilarrezko A jaso zuen, Euskalit Fundazioak gure kudeaketa sistemari kanpoko ebaluazioa egin eta gero. Halaber, 2017ko urtarrilean UNIBASQ-ek eman zion, AUDIT Programaren jarraibideak beteta, Fakultatearen Barne-Kalitatearen Berme Sistema zigilatua. Ildo horretatik, azken mugarria 2018ko urriaren 30eko Unibertsitate Kontseiluaren ebazpenarekin gertatu zen. Ebazpen horren bidez, ZIentzia eta Teknologia Fakultatearen egiaztapen instituzionala aitortzen da.