Fernando Plazaola dekano jaunaren agurra

Ongi etorri UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko web orrira. Bertan, irakaskuntza-eskaintzari buruzko informazioa (tituluak, masterrak eta titulazio propioak), ikerketari buruzkoa eta zerbitzuei dagokiona aurkituko dituzu. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan esperientzia handia duen zentroa da Fakultatea. Izan ere, 2018/2019 ikasturte honetan 50 urte betetzen ditu.

Zientzia eta Teknologia Fakultatean, gure ikasleei maila zientifiko-teknikoei dagokien ondo zuzenduriko eta kalitatezko 9 gradu-titulazio eta gradu bikoitz bat eskaintzen dizkiegu. Hain zuzen ere, Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Fisika, Geologia, Matematika, Kimika, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Kimikoa eta Fisika eta Ingeniaritza Elektronikako Gradu Bikoitza. Halaber, oso berriki, nazioarteko 3 titulazio bikoitz ezarri ditugu: Ingeniaritza Elektronikoa (Limogeseko Unibertsitatearekin), Kimika (Estrasburgoko Unibertsitatearekin) eta Matematika (Paueko eta L'Adour-eko Herrien Unibertsitatearekin). Fakultatetik ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzen dugu. Egun, elkartrukeko 150 baino hitzarmen gehiago sinatu ditugu Europako, Latinoamerikako, Ipar Amerikako eta Asiako unibertsitateekin.

Graduondoko eskaintzak, goi-mailako ekoizpen zientifikoan oinarriturik, aukera ematen die gure ikasleei azken teknologiekin eta aurrerapen zientifikoekin harremanetan jartzeko. Eremu honetan ere, eskaintzen den irakaskuntza zabala da, 14 master ofizialekin, horietako 3 unibertsitate artekoak eta bi Erasmus Mundus, gure nazioarteko bokazioa indartzen dutenak. Horrez gain, gure Fakultateak berezko 5 titulu eskaintzen ditu.

Irakaskuntza eta ikerkuntzarako guztizko dedikazioari esker, ezagutza esparru anitzeko eta kualifikazio handiko irakaslegoa daukagu Fakultatean. Aipatu beharra dago gure irakasle ia guztiek euren jardueraren zati handi bat oinarrizko ikerketan edo ikerketa aplikatuan ematen dutela, parte hartzen dutelarik bai eskualdeko, zein estatuko nahiz nazioarteko ikerketa proiektuetan. Hori dela eta, ikerketa da Fakultatea definitzen duen ezaugarri garrantzitsu bat. Ikerketa-kalitatearen berme sendoa nazioarteko aldizkarietan argitaratzen den artikulu kopurua da, eta halaber, sari pertsonal eta kolektiboak. Zientzia eta Teknologia Fakultatea, produktibitate zientifikoaren eta ikerketaren bidezko diru-sarrerei dagokienez, UPV/EHUko lehen posizioetan dago. Horrek, kalitatezko ikerketa zientifikoaren ikuspegitik, Euskal Autonomia Erkidegoko erreferentzia-zentro bilakatzen du Fakultatea.

Fakultateko langileen aipatu kualifikazioak, aukera ematen die gure ikasleei formakuntzara zuzendutako unibertsitate hezkuntza bikaina jasotzeko. Horrez gain, Gradu Amaierako Lanak ikerketa-arlo desberdinetako puntako ikerketa-taldeetan egiteko posibilitateak, gure graduatuak lan merkatura sartzea errazten du. Zentzu horretan, karrerako azken ikasturtean praktikak enpresetan burutzea zentroaren politikaren helburuetako bat da.

Zientzia eta Teknologia Fakultateak, sortuz gero, eginiko bidea bermatuta geratzen da honako sari hauengatik: 2006ko abenduan Eusko Jaurlaritzaren Zilarrezko Q saria, etengabeko hobekuntzako irizpideak aplikatzeagatik Fakultatearen kudeaketa ereduan; 2016ko Zilarrezko A saria, Kudeaketa Aurreratuaren Euskal saria, Euskalit Fundazioak burututako kudeaketa-sistemaren kanpoko ebaluazioa gainditu ondoren, eta AUDIT Programaren jarraibideak beteta, 2017ko urtarrilean UNIBASQ-ek emandakoa, Fakultatearen Barne-Kalitatearen Berme Sistema zigilatua ezarri izanagatik.

Zuen bidaia gure webgunean barrena atsegina eta emankorra izan dadin espero dut.

Fernando Plazaola
Dekanoa