TAILERRA: Aprendiendo a emprender legislativamente

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/08

Aprendiendo a Emprender legislativamente
Ekainaren 21, asteazkena
 

Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak tailer hau antolatu du, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzaren laguntzaz, ekainaren 21ean egitekoa dena, asteazkenaz, 16:30etik aurrera, Donostiako Fakultatearen Batzar Aretoan.

Tailerraren aztergaia izango da nola artikulatu legegintza proposamen bat gizarte zibilaren behar bizi batetik abiatuta, adibidetzat harturik duela gutxiko bi ekimen, bi lege proposamenekin lotuak: bata, sexu orientazioak, identitateak edo generoa eta sexu ezaugarriak adierazteak eragiten duten diskriminazioaren aurkakoa; bestea, lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen, transgenero eta intersexualen gizarte berdintasunaren aldekoa.

  • i) Alde batetik, joan den maiatzaren 4an Diputatuen Kongresuan aurkeztutako lege proposamena, LGTBI Berdintasun Legea izenez ezaguna, Estatuko LGTBI Elkarteen Federazioaren (FELGTB) lanaren emaitza izan dena.
  • ii) Bestetik, ekainaren 8an Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamena, gai berari buruzkoa, Nafarroako LGTBI elkarte mugimenduak ondua eta Nafarroako Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin adostua.

Ekimen horien protagonistek erabili dituzten estrategien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzeko (herritarrek bizitza publikoan parte hartzeko duten eskubidea gauzatzeko bide alternatiboen bi adibide), honako hauek parte hartuko dute:

  • - Charo Alises, abokatua eta doktorea komunikazio zientzietan. Malagako Abokatuen Elkargoko Giza Eskubideen Batzordeko burua eta elkargo horretako Gorroto Delituen Biktimen Doako Arreta Juridikoko Zerbitzuaren koordinatzailea. Malagako Ojalá elkarteko arduraduna, FELGTBren koordinazio taldeko kidea eta Estatuko federazio horretako legelarien taldeko kidea.
  • - Xabier Sanchez, Nafarroako Kattalingorri taldeko kidea .

Tailerrak praktika eta prestakuntza uztartuko ditu, gaur-gaurko esperientzia zehatz horietatik abiatuta, eta uste dugu interesgarria izango dela, Zuzenbideko eta Kriminologiako graduetako ikasle eta irakasleentzat ez ezik, baita campuseko gainerako kideentzat ere.  Gainera, zabalik dago ere herritarrentzat eta gure inguruko elkarteetako ordezkarientzat, interesatuta egon daitezkeenak jakiteko zer bide alternatibo dauden politikan eta legegintzan parte hartzeko, eraginkorrak eta eraldatzaileak izango diren bideak, justizia sozialaren mesederako.

Gogoan izan dezagun duela 40 urte bakarrik egin zela lehenengo LGTBI manifestazioa Espainiako estatuan; zehazki, 1977ko ekainaren 26an, Bartzelonako Ramblatan. 5.000 lagun inguru bildu ziren, ez bakarrik LGTBI kolektiboko kideak, baita gazte, libertario, sindikalista eta pertsona solidario asko ere, bat egin zutenak Kataluniako Front d'Alliberament Gai (FAGC) erakundeak jendaurrean antolatu zuen lehen elkarretaratze handiarekin. Polizia gogor oldartu zitzaien manifestariei.

Bi urte geroago, lehenengo manifestazioa egin zen Euskal Herrian, Bilbon zehazki, non kontsigna ugari oihukatu baitziren Gizarte Arriskutasunaren Legearen, LGTBI kolektiboaren lan arloko diskriminazioaren eta moral matxistaren aurka, eta sexualitatearen erabilera pertsonal askerako eskubidearen alde. Minutu bateko isilunea egin zen, hildako eta errepresaliatutako kolektiboko kideen alde, eta aipamen berezia egin zitzaion Vicente Vadillori (Francis), egun batzuk lehenago (1979ko ekainaren 10ean) Errenterian kalekoz jantzitako polizia batek tiroz hila. Aldarrikapen ekitaldiak amaitzean, poliziak sarekada handi bat egin zuen Bilbon, eta 138 pertsona atxilotu zituzten.

Tailer honen egokitasuna bi elementutan oinarritzen da: alde batetik, lege ekimen berriek gizartean duten inpaktua eta proposamenak egiteak berak dakarren berrikuntza aztertzea; bestetik, gizarte eta lege aurrerapenaz hitz egiten dugunean, gai honen inguruko memoria historikoak duen garrantzia nabarmentzea.

  • Aprendiendo a Emprender legislativamente

Ekainaren 21, asteazkena
Ordua: 16:30-19:30
Zuzenbide Fakultateko Clara Campoamor Batzar Aretoa
Zuzenbide Fakultatea
Manuel Lardizabal 2
20018 – Donostia

OHARRA- Tailerrean parte hartzea librea eta doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte. Beraz, komeni da aurretik jakinaraztea ekitaldian parte hartuko den, mezu elektroniko bat bidalita helbide honetara (izen-abizenak adierazita): bea.lucas@ehu.eus

Norbaitek tailerrean parte hartu nahiko balu Donostiara hurbildu gabe, bideokonferentziaz egin ahal izango du, Bizkaiko eta Arabako campusetan, asmo horren berri ematen badu aldez aurretik:
- Leioako Zuzenbide Fakultateko Justo Garate Aretoa.
- Gasteizko Elurretako Ikasgelategiko Bideokonferentzia Aretoa.

Proposición de Ley contra la discriminación por orientación sexual, identidad o expresión de género y características sexuales, y de igualdad social de lesbianas, gais, bisexuales, transexuales, transgénero e intersexuales (122/000097). Boletín Oficial de las Cortes Generales. , nº 122-1, de 12 de mayo de 2017. Congreso de Las Diputadas y Diputados. XII Legislatura. Serie B:Proposiciones de Ley  http://www.congreso.es/public_oficiales/L12/CONG/BOCG/B/BOCG-12-B-122-1.PDF
  Foru Lege proposamena, Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI) berdintasun sozialari eta Nafarroako Foru Komunitatean sexu-joerarengatik edo genero-identitate edo -adierazpenarengatik diskriminatzearen aurkako politika publikoei buruzkoa. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordeak onetsitako irizpena.
Nafarroako Parlamentuko. Aldizkari Ofiziala. IX. legegintzaldia Iruña, 2017ko ekainaren 5a 82. ZK http://www.parlamentodenavarra.es/sites/default/files/boletines/A2017082.pdf