Dekanoaren agurra

Zuzenbide Fakultateko irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen klaustroko ordezkari naizen heinean, ongietorria eman nahi dizut ikastegira.

Fakultatean goi mailako unibertsitate ikasketak egiteko aukera ematen dugu eta ospe handia dugu Zuzenbide eta Kriminologia arloetan. Gure eskaintza akademikoa erabatekoa eta gaur egungoa da, eta guztiz egokituta dago Europako Unibertsitate Eremura. Ikasleak lanbide juridikoetan aritzeko benetan eta eraginkortasunez prestatzen ditugu. Irakasteko metodologiak, irakaskuntza teoriko sendo bat ez ezik, prestakuntza praktikoa ere barne hartzen du, unibertsitate guneetan, bulego profesionaletan, enpresetan eta erakunde publikoetan. Horren guztiaren ondorioz, goi mailako prestakuntza hartzen dute ikasleek; gogor lan egin eta ikasi behar dute, baina arrakasta tasa profesionala ere handia dute. Irakaskuntza eskaintzaren egitura osatzeko, hainbat hitzarmen ditugu Espainiako eta atzerriko unibertsitateekin. Horiei esker, ikasleek ikasketen zati bat Europako eta Amerikako unibertsitateetan egin dezakete, ikasle trukeko programen bidez.

Bai Donostian bai Leioan, Zuzenbide Fakultateko instalazio eta baliabide multzoak kalitate handiko irakaskuntza bermatzen du. Irakaskuntza talde txikitan egiten da eta metodologia berritu batean oinarrituta, mintegiak eta ikasgelako praktikak funtsezkoak izanik metodologia horretan. Halaber, ikastegian informatika eta multimedia instalazioak daude, ezinbestekoak informazio iturri guztietarako sarbide zuzena ematen duen irakaskuntza eguneratua eskaintzeko.

Dekano naizen aldetik, poz handia ematen dit Zuzenbide Fakultateko ordezkari izateak, lan ahalmen handia eta zerbitzu publiko izateko bokazio garbia baititu. Irakasleek esperientzia handia eta bermatutako ospe akademikoa dute. Bestalde, administrazio eta zerbitzuetako langileek ikasleei kalitatezko arreta eskaintzeko konpromisoa hartua dute.

Gune honetan aurkituko duzun informazioa Fakultateak eskaintzen duenaren zati txiki bat baino ez da.  Informazio gehiago nahi izanez gero, ez izan zalantzarik eta zatoz gu ezagutzera. Ikastegiak beti ditu ateak zabalik bai unibertsitateko kideentzat bai gizartearentzat oro har.