UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen plana, ebaluazio probak egokitu eta modu ez-presentzialean egiteko

Kontuan izanda errektorearen erabakia eta Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak apirilaren 8ko erabakiaren bidez emandako jarraibideak, covid-19aren pandemiak sortutako salbuespen egoerak iraun bitartean UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntzari eta ebaluazioari buruzkoak, Zuzenbideko Fakultateak plan hau zehaztu du fakultatean ematen diren irakasgaien ebaluazioa modu ez-presentzialean egiteko beharrezko diren aldaketa eta egokitzapenak egiteko.

Zuzenbide Fakultateko Dekanotza Taldeak adierazi nahi du plan hau aurrera eramateko ezinbestekoa dela sailen, koordinazio taldeen eta irakasle guztien lankidetza. Horrela, bada, ebaluazioa egokitzea proposatzen dizuegu irizpide hauei jarraikiz:

I.- BALDINTZA OROKORRAK

1.1.- Egokitu egin behar da irakasgaiak ebaluatzeko sistema, kontuan izanda, betiere, koherentzia egon behar dela egungo egoerako irakaskuntzaren eta ebaluazioaren artean. Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen jarraibideetan, hain zuzen ere, hau dago jasota: “Egokitzapen horien guztien xedea ikasleek irakasgaia gainditu ahal izatea izango da, salbuespen egoera honen ondorioz sortutako irakaskuntza baldintzetan”.

1.2.- Kontuan izan behar da ere premia berezidun ikasleak ditugula, eta horrelakoetan banan banako konponbidea bilatu behar dela.

  • Ikasleetako batzuk izan ditzaketen beharrizan bereziei erantzun ahal izateko, UPV/EHUko Desgaitasuna duten Pertsonak Artatzeko Zerbitzuak Jarraibide batzuk argitaratu ditu. Horretaz gain, kontutan hartu behar dugu baita ere froga finala ez-presentziala egiteko behar dituzten baliabideak erabiltzeko zailtasunak edo ezintasuna duten ikasleak egon daitezkela.

  • Froga ez-presentziala egiteko une berean ezin izan duela eGelan edo BBC-n sartzerik izan inplikatutako irakasleei jakinarazi egin beharko dio posta elektronikoz, eta hau ezinezkoa balitz Dekanotzako idazkaritzara telefonoz deitu (gai honetarako, jarri harremanetan Donostian Marisa Vazquezerekin (943018092) eta Leioan Cristina Gonzalezekin (946013154). Eta Dekanotzako Idazkaritzatik inplikatutako irakasleei jakinaraziko diegu haiekin harremanetan jartzeko eta proba-mota egoera partikularraren arabera erabakitzeko.

II.- EBALUAZIOA EGOKITZEKO PROZEDURA

2.1.- Ebaluazio sisteman egindako egokitzapenen ondorioz ez da, berez, aldaketarik egin behar irakaskuntzako gidetan, baina Addenda moduan erantsiko dira. Aldaketak sailak onartu behar ditu eta ikastegiari jakinarazi behar zaizkio (Idazkari Akademikoari (anaisabel.perez@ehu.eus))

2.2.- Garrantzitsua da, oso, ikasleei aldaketen berri (1. Lauhilabeteko edo 2. Lauhilabeteko irakasgaietakoak) ematea apirilaren 30a baino lehen eGelaren bidez.

2.3.- Sailak gainbegiratuko du egokitzapena eta beharrezko neurriak hartuko ditu irakaskuntza talde guztiak ebaluatuko direla bermatzeko.

III.- EBALUAZIO MOTA

Errektoretzaren gomendioa da ebaluazio jarraitua erabiltzea nagusiki. Hala ere, kontuan izan behar dugu gomendio horren babesean ezin ditugula lanak aurkezteko zereginean ikasleak lanez gainezka izan ikasturtea amaitu arte. Neurriz jokatu behar dugu. Eta egela edo bbc-ren bidez egin beharreko ebaluazio ez-presentziala diseinatzerakoan arazoak sortuko zaizkigunez, batez ere teknikoak, gomendioa da ahal den heinean kalifikazioaren % 100a ebaluazio ez-presentzialerako erabiliko diren zereginen artean banatzea (aurkeztutako lanak).

Edozelan ere, ez ahaztu ezin dela baztertu azken ebaluazio ez-presentziala egiterik, jarraikako ebaluaketatik kanpo gelditzen denaren edozein ikaslearen kasuan. Hori guztia kontuan hartuta, egoera hauek izan ditzakegu:

3.1.- Bigarren lauhileko irakasgaiak (ohiko eta ezohiko deialdiak)

3.1.1.- Etengabeko ebaluazioa daukaten irakasgaiak

Irakasgaiak etengabeko ebaluazioa badauka eta ebaluazio mota horren bidez notaren % 100 ebaluatzen bada, ez da egokitzapenik egin behar.

Etengabeko ebaluazioa ez bada notaren % 100 eta azken proba egitea zehaztu bazen, aukera hauek daude:

  • Ehunekoak berriz banatzea etengabeko ebaluazioa osatzen duten lan guztien artean eta horrela notaren % 100 lortzea.
  • Azken probaren ordez lan ez-presentzial bat (aurkeztu beharreko lan bat) diseinatzea.
  • Proba ez-presentziala diseinatzea, azterketen egutegi ofizialean zehaztutako egun eta orduan egin beharrekoa.

3.1.2.- Azken ebaluazioa

Irakasgaiak etengabeko ebaluazio sistema izan arren (azken notaren % 100 izan edo gutxiago), ikasleak eskubidea dauka azken ebaluazioa eskatzeko, eta, beraz, proba ez-presentziala diseinatu behar da, azterketen egutegi ofizialean zehaztutako egun eta orduan egin beharrekoa. Ez ahaztu proba honek izango dituen ezaugarriak lehen aipatutako Addendan jasota egon beharko direla. Hortaz, proba ez-presentzialaren bidezko azken ebaluazioa etengabeko ebaluazioaren osagarri izan daiteke edo aukera bakarra hala eskatzen duten ikasleen kasuan.

Adibide gisa froga ez-presentziala diseinatzeko irakasleak, besteak beste, honako hau erabaki dezake: azterketa mota aldatzea (adibidez, azterketa luzeago bat non zeregin konplexuagoak aurkezten diren, halla nola ikasitakoa berariazko adibideetan aplikatzea, kasu praktikoak ebaztea edo test-proba egitea) edo aurretik planifikatutako azterketaren ordez ahozko proba bat egitea, hau bidegarria eta praktikoa izldeaan daiteke, ebaluatu beharreko taldearen tamainaren arabera.

3.2.- Lehenengo lauhileko irakasgaiak (ezohiko deialdia)

Irakasgaia hauen kasuan ere ezin izango da egin azterketa presentzialik; beraz, lehenengo lau hilabeteko irakasgai guztietarako ebaluazio ez-presentziala egin behar da, bigarren lauhileko irakasgaiekin egingo den bezala eta baldintza berei jarraituz.

3.3.- GRALaren defentsa

COVID-19aren epidemiari eusteko neurrien eraginpeko gradu amaierako lanen defentsa egiteari buruz UPV/EHUko Graduko Batzordeak 2020ko martxoaren 13an hartutako erabakiak dio: “Aukera ematea neurri bereziak ezarrita dauden bitartean gradu amaierako lanak bideokonferentzia bidez edo online-ko beste bitarteko batzuen bidez defendatzeko, betiere, bitarteko horrek aukera ematen badu ikaslea eta gradu amaierako lanerako epaimahaia harremanetan egotea. Neurri hau apartekoa da eta COVID-19 koronabirusaren epidemiaren inguruko neurriek dirauten bitartean ezarriko da”.

Hori guztia kontuan hartuta, GRALa gordailuan uzteko eta defendatzeko zehaztuta dauden datak, ohiko deialdikoak eta ez-ohiko deialdikoak, mantentzen dira, bai Zuzenbideko Graduan, bai Kriminologiako Graduan.

Lanak gordailuan uzteko prozedura orain arteko bera izango da. Defentsari dagokionez, bideokonferentziaz egingo da, Blacboard Collaborate tresna erabilita. Lanak gordailuan uzteko epea behin bukatuta, ikasleei eta GRALeko epaimahaietan dauden irakasleei defentsaren eguna jakinaraziko zaie, bai eta tresna hori erabiltzeko jarraibideak ere.

Adierazitako hori guztiori Zuzenbide Fakultateko graduetako GRALei ezarriko zaie, hau da: Zuzenbideko Gradukoei eta Kriminologiakoei. Beraz, Bizkaian ematen den EAZko eta Zuzenbideko Gradu bikoitza Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen (Sarriko) menpekoa denez, gradu bikoitz horretako GRALei buruzko epeak eta prozedurak Ekonomia eta Enpresa Fakultateak zehaztuko ditu.

3.4. Ebaluazioaren berrikuspena

Irakasle bakoitzak ikusiko du zein den berrikuspena era ez-presentzialean egiteko modu egokiena. Posta elektronikoz, telefonoz edo, agian BBC saioa irekiz egin daiteke berriskupena.

IV.- EGUTEGIA

4.1.- Modu ez-presentzialean egingo diren azken ebaluazioko probak ikastegiko azterketen egutegi ofizialean zehaztutako egun eta orduan egingo dira.

4.2.- Etengabeko ebaluazioan egingo diren probak edo/eta aurkeztu beharreko lanak irakaskuntza gidan edo ikaslearen gidan zehaztutako egutegiari jarraituz egin beharko dira, eta aldaketarik eginez gero, ikasleei jakinarazi beharko zaie eGelaren bidez.