UPV/EHUk gradu bikoitz bat eskaintzen du perfil juridiko-ekonomikodun profesionalak prestatzeko

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2013-2014 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza ezartzea onartu du, perfil juridiko-ekonomikodun etorkizuneko profesionalen prestakuntza ahalbidetuko duen aukera akademiko berri bat. Gradu bikoitz hau, UPV/EHUren eskaintzako lehena, gradu biko ikasketa planetako ikasgaiek osatuko dute, hau da, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko eta Zuzenbideko graduko ikasgaiek. Berau gainditzen duten ikaslek bi graduetako titulu ofizialak eskuratuko dituzte aldi berean.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko klaseak Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, Sarrikon, emango dira. Ikaskuntzaren sama 390 kreditukoa izango da (graduek 240 kreditu dituzte) eta bertan sartuko dira gradu bietako oinarrizko eta derrigorrezko ikasgaiak. Era berean, prestakuntza osatzeko, ikasleek gradu bukaerako lan bi (bat diziplina bakoitzeko) eta derrigorrezko kanpoko praktikak egin beharko dituzte.

Gradu bikoitz honen zuzendaritza akademikoa Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko eta Zuzenbide Fakultateko ordezkariekin osatutako batzorde baten esku egongo da. 2013-2014 ikasturterako 60 plaza eskainiko dira gradu bikoitz honetan eta ikasleak onartzeko prozedura gainerako graduetan jarraitzen den prozesu bera izango da.

Amaya Zarraga Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak adierazi duenez, "honako hau da gure unibertsitateak sortu duen lehen gradu bikoitza. Enpresa munduak duen beharrizan berezienetako bat betetzen du: prestakuntza juridiko ona duten enpresa kudeatzaileak. Gradu bikoitza oso ondo ahokatuko da egungo testuinguru ekonomikoan eta ziur nago harrera bikaina izango duela bere lehen ediziotik, datorren ikasturtean".