2020-2021 ikasturterako UPV/EHU-ko zentroen funtzionamendurako neurriak

2020ko urriaren 8an eguneratua. Aldaketak gorriz zehazten dira.

Sarrera

Dokumentu honetan aipatzen diren neurri guztiak pandemiaren bilakaeraren eta osasun agintarien jarraibideen mende daude.

Unibertsitateko kide guztiek (ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta AZPko langileak) neurriak hartu beharko dituzte COVID-19a zabaltzeko arriskuei aurre egin eta arrisku horiekiko esposizioa bera saihesteko. Gainera, aintzat hartuko dituzte ere osasun agintariek COVID-19a prebenitzeko ezarri dituzten prebentzio, segurtasun, osasun eta higiene neurriak. 

Arreta eta zuhurtzia betebehar hauek aintzat hartuko dira dokumentu honetan jasotako neurrien interpretazioan eta aplikazioan. 

1. Harremanak mugatzea

Oro har, gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde behar da pertsonen artean, ikastegiaren instalazio guztietan.

UPV/EHUren ikastegi eta unitate guztiak saiatuko dira, ahal den neurrian, koordinazio bilerak eta irakaskuntzakoak ez diren beste jarduerak modu telematikoan egiten.

2. Prebentzio neurri pertsonalak

COVID-19ari eta beste arnas infekzioei aurre egiteko hartu behar diren prebentzio neurri nagusiak dira:

  1. Garbitu eskuak sarri, xeheki, gutxienez 40 segundoz, urez eta xaboiez edo, bestela, gel hidroalkoholikoarekin. Eskuko zikinkeria ikusten denean, gel hidroalkoholikoa ez da nahikoa, eta ura eta xaboia erabili behar dira.
  2. Arnas higienea:
    1. Eztul eta doministiku egitean, estali sudurra eta ahoa mukizapi batekin; ondoren, bota mukizapia zaborrontzi batera (tapa eta pedalduna, ahal izanez gero).

    2. Mukizapirik ezean, estali ahoa eta sudurra ukondoaren barrualdearekin, eskuak ez kutsatzeko.

    3. Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa eskuekin, eskuek transmisioa errazten dutelako.

      .
  3. Ikastegira sartuko diren pertsona guztiek maskara erabiliko dute nahitaez, sudurra eta ahoa ondo estalita, haren areto eta instalazio guztietan, osasun agintarien eta indarrean dagoen araudiaren gomendioei jarraiki.  Ikasleei, irakasle-ikertzaileei eta AZPko langileei gomendatzen zaie maskara higienikoa erabiltzea, berrerabilgarria ahal izanez gero.

    Gomendio hau ez da bete behar izango kasu hauetan:  
    1. Arnas hartzeko zailtasunen bat duten pertsonak, maskara erabiltzeak larriagotu egin dezakeenean arazoa.

    2. Behar bezala arrazoitutako osasun zioengatik maskara erabiltzea kontraindikatuta duten pertsonak.

    3. Desgaitasun bat edo mendekotasuna duten pertsonak, behar izanez gero maskara kendu ezin dutenak.

    4. Jokabide nahasmenduengatik maskara erabili ezin duten pertsonak.

    5. Beren ezaugarriengatik, maskara erabiltzea bideragarria ez den jarduerak.

Lehenengo lau kasuetan, dagokion agiri medikoa aurkeztu beharko da. Langileen kasuan, txosten mediko hori Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuari bidaliko zaio (medikua@ehu.eus), eta ikasleen kasuan, berriz, ikasleen helbidera (ikasle-zuzendaritza@ehu.eus). Behin txostenak aztertuta, pertsona horientzako neurri egokiak hartuko dira, eta jakinaraziko zaizkio bai ikastegi/atal/eraikineko COVID-19 arduradunari, bai saileko zuzendariari (Irakasle-ikertzaileen kasuan) edo hierarkian haren gainetik dagoen pertsonari (AZPko langileen kasuan) edo ikastegiko ikasleen dekanordeari (ikasleen kasuan).

Maskara erabiltzeko betebeharra betetzen ez duten kideak ikusiz gero, unibertsitateko kideek ikastegi/atal/eraikineko COVID-19 arduradunari jakinaraziko diote.

  1. Ez da gomendatzen eskularruak erabiltzea leku eta jarduera guztietan, baina bai garbiketa lanetan.

Higiene pertsonaleko neurri horiek betetzen ez badira, dagozkion diziplina neurriak hartuko dira.

3. Kasuen kudeaketa

UPV/EHUk izendatuko du COVID-19 arduradun bat, eta unibertsitatearen ikastegi/sekzio/eraikin bakoitzak ere bere COVID-19 arduraduna izango du. 

    1. Jarduketa protokoloa
       
      1. Zer egin kasu susmagarri edo baieztatu baten aurrean
         

        SARS-CoV-2 birusak eragindako kasu susmagarritzat honako hau hartzen da: edozein pertsona, bat-batean agertutako arnas infekzio akutuko koadro klinikoa duena, edozein izanik larritasuna, sintomen artean dituena, besteak beste, sukarra, eztula edo aire faltaren sentsazioa. Beste sintoma atipiko batzuk SARS-CoV-2 birusak eragindako kasu susmagarritzat ere hartzen dira: hala nola odinofagia (irensteko zailtasunak), anosmia (usaimen galera), ageusia (dastamen galera), giharretako mina, beherakoak, bularraldeko mina edo zefaleak, etab.

        Kasu baieztatutzat hartzen da edozein pertsona (sintomatikoa edo asintomatikoa), PCR bidez (edo beste edozein teknika molekular erabilita) eginiko infekzio diagnostikoa edo mediku baimendu batek eginiko infekzio diagnostiko serologikoa duena. 

        Ezin izango dira ikastegira edo unibertsitate instalazioetara sartu COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonak, gaixotasuna diagnostikatuta izanik isolamendu aldia amaitu ez dutenak edo etxeko koarentenan daudenak kontaktu estua edukitzeagatik COVID-19 diagnostikoa edo sintomak zituen pertsona batekin, ezta proba diagnostikoen emaitzaren zain daudenak ere. 

        Sintometako bat duen unibertsitateko edozein kide etxean geldituko da (ez da joango lantoki, ikastegi edo ikerketa zentrora) eta bere osasun zentrora deituko du berehala. Gainera, bere egoeraren berri emango dio bere sailaren zuzendaritzari, irakasle-ikertzailea izanez gero, Zerbitzu buruari, AZPko langilea izanez gero, edo bere ikastegiko Dekanotza/Zuzendaritzari, ikaslea izanez gero. Kasu guztietan, egoeraren berri emango zaie ere ikastegi/sekzio/eraikineko COVID-19 arduradunei. Sintomak dituzten pertsonek lagundu egingo dute unibertsitate barruan egon daitezkeen kontaktu estuak eta infekzio iturri posibleak bilatzen. 

        Ikasle batek ikastegian COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak garatzen baditu, isolamendu gelara joango da (ondo aireztatutako gela, poltsadun eta pedaldun zaborrontzi bat gutxienez edukiko duena, maskara eta erabili eta botatzeko mukizapiak jasotzeko), eta maskara kirurgiko bat jantziko du. Ondoan izango duen pertsonak ere maskara kirurgikoa jantziko du. Edozein arrazoirengatik sintomak dituen pertsonak maskara jantzi ezin badu, ondoan duen pertsonak balbularik gabeko FFP2 maskara erabiliko du.

        Sintomak dituen pertsonak lehen arretako osasun zentrora deituko du.

        Sintomak dituen pertsona irakasle-ikertzailea edo AZPko langilea bada, unibertsitatearen lan arriskuen protokoloak beteko dira. Telefonoz deituko du bere osasun zentrora edo Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzura.

        Kasu baieztatua diren ikasleek beren osasun zentroaren jarraibideak beteko dituzte, etxean geldituko dira eta beren egoeraren jarraipena egingo zaie, koadro klinikoa amaitu eta 3 egun igaro arte, eta gutxienez 10 egunez sintomak agertu diren egunetik kontatzen hasita. Ikaslea ezin izango da ikastegira itzuli lehen arretako medikuaren baimenik gabe.

        Langileen kasuan, lehen arretako medikuak emandako alta beharko dute ohiko lan zereginetara itzultzeko.

        Ikastegiko langileen esposizioaren balorazioa egingo da kasu bakoitzaren arriskuaren ebaluazio espezifikoaren arabera, aintzat harturik lan arriskuen prebentziorako zerbitzuek SARS-CoV-2 birusarekiko esposizioari aurre egiteko ezarri duten prozedura. Hala, kontaktu arriskutsuak zehaztean, baloratu egingo dira prebentzio neurriak ondo bete izana eta babes elementuen erabilera (distantzia fisikoa gordetzea eta maskarak erabiltzea). 

        Osasun Publikoko Zerbitzuak eta Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuak erabakiko dute ikastegiko langileak (irakasle-ikertzaileak eta AZPko langileak) kasu baieztatuaren kontaktu estutzat hartu behar diren, kontuan izanik prebentzio neurrien egokitasuna eta jarraipena, eta eginiko jarduerak. 

        Osasun agintariek kontaktu estuen jarraipen aktiboa egingo dute, eta pertsona hauek etxean geldituko dira koarentenan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren COVID-19 Zaintza Epidemiologikoko protokoloak ezarri moduan. PCR probei dagokienez, Osasun Publikoko agintarien protokoloetan agindutakoak egingo dira.

        Kontaktuak aztertu eta estutzat hartutakoei koarentena neurriak ezarri ondoren, jarduera akademikoek ohiko moduan jarraituko dute, arreta neurriak zorroztuz eta zaintza pasibo bat eginez.

        Nolanahi ere, kontuan izanik irakasgai bakoitzeko ikasle kopuruen arteko alde handiak, irakasgaien tipologia (teorikoak, praktikoak, mintegiak, laborategiko lana, etab.) eta haietako batzuen berezitasunak eta baldintzak, ikastegi bakoitzak planteamendu hori egokitu ahal izango du, unibertsitatearen protokoloak ezarritako jarraibideen barnean, eta zorrotzago jokatu ahal izango du, egoki irizten badio osasun prebentzioaren ikuspegitik.

        Isolatuta egongo den ikasleak irakaslaguntza jasoko du, aintzat harturik beti irakasgai bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak. Ikastegia arduratuko da bakartuta dagoen ikasleak eta koarentenan dauden kontaktu estuek matrikulatuta dauden irakasgaietan irakaslaguntza jasotzen dutela.

        COVID-19 kasu susmagarri edo baieztatu diren ikasleak kanpoko praktika akademikoak egiten ari badira, unibertsitateak edo ikastegiak gertatutakoaren berri emango dio praktika egin den edo egiten ari den enpresa, administrazio, erakunde edo instituzioari.

      2. Zer egin kasu bat baino gehiago agertzen denean


        Agerralditzat hartuko da lotura epidemiologikoa duten infekzio aktiboko 3 kasu edo gehiago daudenean.

        COVID-19 kasuak egoera askotarikoetan ager daitezke unibertsitate ikastegietan. Lotura bat dagoenean kasuen artean, agerralditzat har daiteke.

        3 agertoki kontsidera daitezke:
         
        1. Agerraldi kontrolatuak edo kasu esporadikoak. Kutsatze kateak ondo zehaztuta daudenean.
           

          Egoera hau gerta daiteke talde bakar batean edo, aldi berean, independenteak diren talde batean baino gehiagotan. Kontrol espezifiko bat egingo da talde bakoitzean, ohiko kontrol neurriak hartuta: kasuak isolatzea eta talde edo ikasgela independente bakoitzaren kontaktuen identifikazioa eta koarentena.

        2. Agerraldi konplexuak edo kutsatze komunitario esporadikoa. Ezin direnean kutsatze kateak erraz identifikatu edo adarrak agertzen direnean, kasu generazio bat baino gehiagorekin.

          Egoera honetan, kasuak detektatzen dira talde edo ikasgela bat baino gehiagotan, nolabaiteko kutsatze mailarekin talde desberdinen artean, birusa ikastegian sartzeko modua gorabehera. Kasuen arteko harremana aztertu eta neurri gehiago hartzearen egokitasuna baloratuko da: hala nola koarentenan egon behar duen taldea handitzea, ikasgelak edo lerroak ixtea.

        3. Kontrolatu gabeko kutsatze komunitarioa. Kontrolik gabeko kutsatzea gertatu denean ikastegian, kasu kopuru handi batekin.

          Osasun Publikoko Zerbitzuak arrisku ebaluazio bat egingo du, kutsatzeak non gertatzen ari diren aztertzeko, eta neurriak mailakatzeko beharra baloratuko du; besteak beste, aldi baterako ixtea arlo bat edo ikastegi osoa. 

        Agerraldi hauek kontrolatzeko neurriak proportzionalak izango dira aurretik aipatu den agerraldi motari dagokion arrisku mailarekiko.

        Baldin eta egoerak ikasle kopuru handi bati erasaten badio (edo unibertsitateko beste kideei), ikastegi bati edo unibertsitateari orokorki eragingo dioten erabakiak batera hartuko dituzte unibertsitatearen arduradunek, ikastegiarenek, UPV/EHUko COVID-19 arduradunak eta osasun eta unibertsitate politikez arduratzen diren agintariek.

      3. Zer egin kasu baieztatuen kontaktu estuekin


        Kontaktu estutzat hartzen dira kasu baieztatuarekin harreman estua (1,5 metro baino gutxiago, 15 minutu baino gehiago, babes neurririk gabe) izan duten pertsona guztiak (senideak, bizikideak eta langileak), harreman hori izanik sintomak agertu baino 48 ordu lehenagotik (edo diagnostikoa baino 48 ordu lehenagotik, asintomatikoen kasuan) kasua isolatua izan den unera arte.

        UPV/EHUko langileen edo ikasleen artean kasuren bat baieztatzen bada, kontaktu estuak bilatzen eta beharrezko informazio guztia emanez lagunduko da, osasun arduradunekin lankidetzan beti. Kontaktu horien zaintzat aktiboa egingo da.

        Osasun agintariek kontaktu estuen jarraipen aktiboa egingo dute, eta pertsona hauek etxean geldituko dira koarentenan, Osasun Sailaren COVID-19 Zaintza Epidemiologikoko protokoloak ezarri moduan. PCR probei dagokienez, Osasun Publikoko agintarien protokoloetan agindutakoak egingo dira.

        Kasu baieztatu baten kontaktu estuak diren unibertsitateko kideak etxean egingo dute koarentena, Osasun Sailaren COVID-19 Zaintza Epidemiologikoko protokoloak ezarri moduan.  Gainera, beren egoeraren berri emango diote beren sailaren zuzendaritzari, irakasle-ikertzailea izanez gero, Zerbitzu buruari, AZPko langileen kasuan, edo Dekanotza/Ikastegi Zuzendaritzari, ikasleak izanez gero. Kasu guztietan, egoeraren berri emango zaie ere ikastegi/sekzio/eraikineko COVID-19 arduradunei.

        Kasuren bat izanez gero kontaktuen arakatze lanak azkartu eta errazteko, komeni da ikastegiek informazio hau edukitzea, ondo antolatua eta erraz eskuratzeko moduan:
         
        • Ikasturte/talde bakoitzeko ikasleen zerrenda.
        • Ikasgela, tailer eta laborategi bakoitzeko ikasleen zerrenda, non esertzen diren zehazki, egiten dituzten jardueren arriskua (kontaktu edo hurbiltasun handia duten tailerrak edo praktikak), haien telefono mugikorrak (premiaz jardun behar izanez gero) eta kasu bat gertatuz gero kontaktu estuak identifikatzen lagundu dezakeen beste edozein informazio.
           
        Kasu susmagarrien eta baieztatuen nortasuna eta datuak isilpean gordeko dira beti.
         
      4. Zer egin noizbehinkako kontaktuekin

        Kasu susmagarriekiko noizbehinkako kontaktuek edo zeharkakoek (beste pertsona batzuen bidez) ez dute prozedura berezirik, segurtasun distantzia eta babes indibidualeko arauak bete dituztenean bereziki. Gomendatzen da oinarrizko prebentzio neurriak zorroztea eta zaintza pasibo bat egitea, sintomen agerpena kontrolatzeko..
         
      5. Fakultateek, eskolek eta institutuek egin beharrekoa
         

        Ikastegi eta institutuetako dekanoak eta zuzendariak, Ikerketaren arloko errektoreordea, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea eta campuseko errektoreordeak arduratuko dira gomendio guztiak betetzen direla gainbegiratzeaz, eta ondoko atal batean aipatzen diren zaintza batzordeak osatuko dituzte. Sailetako zuzendarien eta zerbitzu buruen laguntza izango dute, haietako bakoitzak bere jardun eremuari dagokion erantzukizunarekin (ikastegiak, administrazio unitateak, ikasgelak, bibliotekak, laborategiak, mintegiak eta beste zerbitzu batzuk), baita unibertsitateko kide guztien laguntza ere (irakasle-ikertzaileak, AZPko langileak eta ikasleak).

        Kasurik agertuz gero, dokumentu honetako jarraibideak aplikatuko dira, baita aurrerago ezar litezkeenak ere gai zehatzen garapenari lotuta.
         
      6. Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusia


        Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian, kontuan izanik haren ezaugarriak eta UPV/EHUko hainbat ikastegitako ikasleen presentzia, neurri bereziak hartuko dira kasurik agertuz gero. Zorroztu egingo da prebentzio neurrien aplikazioa gainbegiratzeko lana, baita zaintza epidemiologikoa ere, infekzioaren etapa goiztiarretan kasuak identifikatzeko.

        Kasu bat agertzean, dokumentu honetan jasotako jarraibideak aplikatuko dira. Kasuen bizikideak kontaktu estutzat hartuko dira.

      7. Etxe partekatuetan eta beste unibertsitate egoitza batzuetan bizi diren ikasleak

        Egoera honetan dauden ikasleek kasu posibleen berri emango diote beren ikastetxeko COVID-19 arduradunari, ezarritako sistemaren bidez, eta kontaktu estuen bilaketan lagunduko dute. Eskura dagoen informazio epidemiologikoaren arabera, zabaldu egingo da kasuen bilaketa, zaintza eta jarraipena bizikideak ikasten ari diren ikastegietara.
         
      8. Garbiketa eta desinfekzioa


        COVID-19koak izan daitezkeen sintomak dituzten pertsonak unibertsitate espazioren batean egon badira, espazio hori aireztatu egingo da, eta ikastegi/atal/eraikineko COVID-19 arduradunak espazio hori esleituta duen garbitasun zerbitzuaren arduradunarekin jarriko da harremanetan, lantoki/ikasgela/laborategia desinfektatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan, garbitasun enpresak ezarritako protokoloaren arabera.

        Ikastegi bakoitzak garbitzeko, desinfektatzeko eta aireztatzeko bere protokoloa izango du, eraikinaren ezaugarrien eta erabileraren arabera.

        Arreta bereziz garbituko dira erabilera komuneko lekuak eta etengabe ukitzen diren gainazal eta elementuak (ateen heldulekuak, mahaiak, altzariak, eskudelak, zoruak, telefonoak, pertxak…), desinfektatzaileak erabilita, hala nola unean berean prestatutako lixiba diluzioak (1:50) edo merkaturatzen den edozein desinfektatzaile antibiriko, baldin eta Osasun Ministerioak baimendua bada. Produktu hori erabiltzean, kontuan izango dira etiketako jarraibideak. Garbiketa bakoitzaren ondoren, modu seguruan baztertuko dira erabilitako materialak eta babes tresneria, eta eskuak garbituko dira.

        Lan arropak edo uniformeak erabiltzen badira, aldian behin garbitu eta desinfektatuko dira, ohiko moduan.

        Unibertsitate areto eta instalazioak egunean behin gutxienez garbituko dira. Erabileraren arabera, areagotu egingo da leku jakin batzuen garbiketa: adibidez, komunak, hiru aldiz gutxienez egunean; goizez eta arratsaldez erabiltzen diren ikasgelak, bi aldiz gutxienez egunean. 

        Garbiketa neurriak zabaldu egingo dira eremu komun eta pribatuetara eta langileen lanpostuetara (aldagelak, komunak, armairuak, sukaldeak eta atseden lekuak). Gainera, pertsona batek baino gehiagok erabiltzen dituzten lanpostuetan, garbitu eta desinfektatu egingo dira erabilera edo txanda bakoitza amaitzean, baita eguna amaitzean ere, arreta berezia jarriz altzarietan eta eskuaz ukitzen diren beste elementu batzuetan (batez ere pertsona batek baino gehiagok erabiltzen dituztenean).

        Pertsona guztiei eskatuko zaie garbi edukitzeko beren objektu pertsonalak (telefonoa, gailu elektronikoak…) eta besteekin partekatzen dituzten objektu eta gainazalak.

        Betiere instalazioek eta eguraldiak horretarako aukera ematen badute, leihoak zabalik egongo dira, dagozkion segurtasun neurriak hartuta. Unibertsitate instalazioak maiz aireztatuko dira, egunero, lanaldia hastean eta amaitzean; ikasgelak, aldiz, klase bakoitza amaitzean, 10-15 minutuz.

        Garbiketa produktuak erabiltzean, aireztatu egingo da garbitzen ari den gela edo aretoa, langileek edo ikasleek lurrun toxikorik ez arnasteko.

        Komeni da aire iragazkien garbiketa areagotzea eta klimatizazio sistemen aireztapen maila handitzea, airea maizago berritzeko. Ez da erabiliko barruko airea berzirkulazioan jartzeko funtzioa.

        Zaborrontziak ipiniko dira, tapa eta pedalarekin ahala izanez gero, erabili eta botatzeko mukizapiak eta beste material batzuk jasotzeko (maskarak, latexeko eskularruak, etab.). Zaborrontziak maiz garbituko dira, egunean behin gutxienez.

        Neurri hauei gehitu behar zaizkie ikastegi bat eskolarik gabeko aldi baten ondoren berrirekitzen denean aplikatzen diren ohiko garbiketa eta higiene neurriak.

        Hondakin arruntei dagokienez, betiko sistema erabiliko da, hondakinak bereizteko protokoloak aplikatuta.

        Higiene pertsonaleko material guztia (maskarak, eskularruak, etab.) errefusa da (bereizketa egin ondoren gelditzen den etxeko hondakina).

        Ikasle edo langile bati sintomak agertzen bazaizkio ikastegian, isolatu egingo da mukizapiak eta beste produktu batzuk botatzeko erabili duen zaborrontzi edo edukiontzia. Zakar poltsa atera eta beste poltsa baten barruan sartuko da; ondo itxi, eta errefusaren edukiontzira botako da.

    2. COVID-19 zaintza batzordeak
       
      1. COVID-19 zaintza batzorde bat sortuko da, unibertsitatean izan daitezkeen kasuen identifikazioan eta jarraipenean laguntzeko, eta unean-uneko egoera epidemiologikoaren arabera beharrezkoak diren prebentzio eta kontrol aholkuak eta informazioa zabaltzeko.
         
      2. Batzorde horrek lan egingo du Eusko Jaurlaritzak ezarritako kanalen barnean, elkarlan estuan kasuen eta kontaktuen jarraipenean inplikatuta dauden unibertsitate barruko eta kanpoko eragile guztiekin:  Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzua, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailak.
         
      3. Helburu hauek izango ditu:
        1. Konexio lana egitea unibertsitateko kideen eta osasun agintarien artean.

        2. COVID-19 kasuei loturiko kontaktu estuen identifikazioan, bilaketan eta jarraipenean laguntzea.

        3. Informazioa bildu, zabaldu eta trukatzeko sistema bat antolatzea unibertsitateko kideen eta estamentuen artean.

        4. Jardun protokoloak eta prebentzio gomendioak lantzea eta eguneratzea, unean-uneko egoerara egokituak beti.

        5. Unibertsitateko kideen formakuntzan laguntzea, infekzioaren prebentzio eta kontrol gaietan.

        6. Agintari akademikoei eta sanitarioei jakinaraztea kasuen agerpenak edo berehala ekitea eskatzen duten alerta egoerak.

        7. Lankidetza estua eta komunikazio egokia garatzea sisteman inplikatuta dauden erakunde, ikastegi, zerbitzu eta profesional guztiekin.

      4. UPV/EHUren Zaintza Batzordeko kideak:
        1. UPV/EHUko COVID-19 arduraduna.

        2. Irakats Plangintza eta Ikaskuntzaren Jarraipen batzordeburua.

        3. Campus arteko Segurtasun eta Osasun batzordeburua.

        4. Campusetako errektoreordeak.

        5. Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea.

        6. Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuko burua.

        7. Irakasle-ikertzaileen ordezkaritza organoek aukeratutako pertsona bat.

        8. AZPko langileen ordezkaritza organoek aukeratutako pertsona bat.

        9. Ikasleen Kontseiluaren ordezkari bat.

      5. Gainera, zaintza batzordeak sortuko dira ere ikastegi guztietan, Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian, ikerguneetan eta campusetako gainerako eraikinetan.
         
      6. Batzorde horiek kide hauek izango dituzte:
         
        1. Dagokion ikastegiko dekanoa edo zuzendaria; Ikastetxe Nagusiko zuzendaria; Ikerketaren arloko errektoreordea edo Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea; campus bakoitzeko errektoreordea.

        2. Ikastegi/sekzio/eraikinaren COVID-19 arduraduna.

4. Langile kalteberak

  1. Beren ezaugarri pertsonal propioengatik edo egoera biologiko ezagunagatik COVID-19aren eraginpean egoteari lotutako arriskuen aurrean “bereziki sentikorrak” diren langileak harremanetan jarriko dira Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuaren osasun arloarekin, medikua@ehu.eus helbidera idatzita. Arlo horretan, patologia klinikoa, konpentsazio maila (gaixotasunaren kontrol-maila) eta lanpostuaren arrisku maila baloratuko dute, eta horren arabera, zehaztuko dute:
    • Langileak ez badu egokitzapenik edo lanpostu-aldaketarik behar, eta ohiko lan-jardueran jarrai badezake.
    • Langileak ohiko lan-jarduerarekin jarrai dezakeen, baina neurri gehigarriak hartuz (NBE egokiak).
    • Langileak ohiko lan-jarduerarekin jarrai dezakeen, baina sintomak izan ditzaketen pertsonekin kontakturik izan gabe. Ezinezkoa bada, aldi baterako ezintasunagatiko baja izapidetu behar da, bereziki sentikorra den langile gisa.
    • Langileari lanpostu aldatu behar zaion. Hori egin ezin bada, aldi baterako ezintasunagatiko baja izapidetu behar da, bereziki sentikorra den langile gisa.

Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuaren (LAPZ) osasun arloak dagokion txostena igorriko du, kasu bakoitzean aplikatu beharreko neurriekin, eta ahalik eta lasterren igorriko zaio interesdunari, zeinak aldi berean bere ikastegi/atal/eraikineko COVID-19 arduradunari eta saileko zuzendariari (irakasle-ikertzailea bada) edo hierarkian gorago dagoen pertsonari (AZPko langilea bada) jakinaraziko baitio.

Bereziki sentikorrak diren pertsonak lanera itzuli ahal izango dira, baldin eta haien egoera klinikoa kontrolpean badago eta ahalbidetzen badu, eta babes neurriak zorroztasunez beteta. Horretarako, aldez aurretik LAPZren osasun arloarekin harremanetan jarri beharko dira nahitaez (medikua@ehu.es). Bertan adieraziko diote zein txosten mediko aurkeztu behar duen. Txosten hori, ahal dela, Lehen Mailako Arretako Medikuarena edo Familia medikuarena izango da. LAPZren osasun arloak dagokion txostena igorriko du, eta aurreko paragrafoan adierazitako prozedura berberari jarraitu beharko zaio.

  1. COVID-19aren aurrean kaltebera den populazio taldeko ikasleek beren erreferentziako profesional sanitarioek emandako jarraibideak bete beharko dituzte, prebentzio neurri egokienak hartzeri dagokionez.

Horrez gain, harremanetan jarriko dira Ikasleen Zuzendaritzarekin (ikasle-zuzendaritza@ehu.eus), non beren egoera ziurtagiri mediko baten bidez egiaztatu beharko duten. Behin egoera baloratuta, hala badagokio, beren egoera jakinean aplikatu beharreko neurrien berri emango zaie.

  1. Prebentzio Zerbitzuaren osasun arloak COVID-19aren eraginari lotutako arriskuen aurrean “bereziki sentikortzat” hartutako pertsonen zerrendak berrikusiko ditu aldian behin, aintzat hartuta norberaren egoera eta laneko egoera, bai eta pandemiaren bilakaera ere.

5. Komunikazioa eta koordinazioa

Unibertsitateko kideei jakinaraziko zaizkie kasu edo agerraldiren bat sortuz gero hartuko diren neurriak, baita gomendatzen diren prebentzio, higiene eta osasun sustapenerako neurriak ere.

Ezinbestekoa da prebentzio, higiene eta osasun sustapenerako neurrietan trebatzea eta heztea, bai unibertsitatean bai etxean eta norberaren ingurunean aplikatzeko neurriak, kontzientziazioa handitzeko gaixotasuna prebenitu eta kontrolatzeko moduen inguruan, ikasleen, irakasleen eta langileen artean.

Ikastegiak oinarrizko prebentzio neurriei buruzko informazioa emango die unibertsitateko kideei, ikasturte hasieran eta egoki irizten dionean: 1,5 metroko gutxieneko distantzia pertsonen artean, esku eta arnas higienea, maskara ondo erabiltzea, gelak eta instalazioak aireztatzea, etxean gelditzea COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero edo koarentena betetzea beharrezkoa izanez gero. Egokia izan daiteke informazio hau ikasturte hasierako dokumentazioan sartzea, baita web orrian eta sare sozialetan ere.

UPV/EHUk informazioa zabalduko du iturri ofizialen aholkuei jarraituz, eta Autonomia Erkidegoak edo Osasun Ministerioak sortutako materialak erabiliko du horretarako: https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov/ciudadania.htm

Ikastegi sarreretan, alerta bisualak jartzea, eraikinera sar ez daitezen COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonak, gaixotasuna diagnostikatuta dutenak edo isolamenduan edota koarentenan egon behar dutenak (kontaktu estua edukitzeagatik sintomak zituzten pertsonekin, azken 14 egunetan gaixotasuna diagnostikatu zaienekin edo proben emaitzen zain daudenekin).

Ikastegi, ikasgela eta komun sarreretan, oinarrizko neurriei buruzko informazio kartelak jartzea (pertsonen arteko distantzia, esku eta arnas higienea, eta aretoen aireztapena).