euskaraespañol

UPV/EHUk berritu egin dute Eusko Jaurlaritzarekin bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko konpromisoa legealdi honetarako

2018-2020 aldirako planak aurreikusten du Unibertsitateetan biktima hezitzaileen "Adi-adian" modulua sartzea sustatzea eta duela gutxiko iraganari buruzko hausnarketa kritikoa eta Memoriaren Eguna ospatzeko programak bultzatzea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/05

Irudia
Lehendakaria eta unibertsitateetako errektoreak

Iñigo Urkullu lehendakariarekin elkartu dira urriaren 4an Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka, Deustuko Unibertsitateko errektore Jose María Guibert eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa 2018-2020 aldian, ETAren indarkeriaren amaieraren testuinguruan, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan partekatuko dituzten konpromisoen oinarriak finkatzeko. Bileraren ondoren komunikabideen aurrera agertu dira ondorioak aurkezteko.

2017-2020 aldirako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berriaren 12. ekimenean lau lankidetza estrategiko ezartzen dira bizikidetzaren eta giza eskubideen kultura sustatzeko. 

Horien artean, eta azken urteotako esperientzia kontuan hartuta, unibertsitateekin lankidetzan jardutea nabarmentzen da. Ekimen horren helburua da bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan estrategikoak diren instituzioen arteko egiturazko lankidetzaren erreferentziak sendotzea.

Unibertsitatearen esparruan, berriz, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren helburua da aurreko legealdian Euskadiko hiru unibertsitateekin sortutako lankidetza-esparrua eguneratzea estrategia partekatua garatzen jarraitzeko. Horrela, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren eta hiru unibertsitateen artean adostutako lanerako konpromisoaren ardatza izango da unibertsitateetan giza eskubideetarako eta bizikidetzarako heziketarekin lotutako jarduerak bultzatu eta dinamizatzea 2018an, 2019an eta 2020an. 

Helburu horrekin, unibertsitate bakoitzak urteko jarduera-plana egingo du, eta honako jarduera-lerroak garatu ahal izango ditu bertan:

  • "Adi-adian" programa unibertsitateetan sartzea, biktima hezitzaileen aurrez aurreko edo grabatutako lekukotasunen bidez.
  • Duela gutxi gertatutakoaren memoriari buruz modu kritikoan hausnarketa egiteko programa, tresna gisa Las huellas perdidas dokumental-sorta edo "Ahotsak" programako dokumentalak erabilita.
  • Unibertsitatearen esparruan Memoriaren Eguna ospatzeko egin daitezkeen ekimenak garatzea.
  • Euskadiko unibertsitateetako campusetan Memoria Plaza erakusketa jartzeko aukera.

Unibertsitate bakoitzak bere gain hartu du urtean jarduera horietako batzuk sustatzeko konpromisoa, eta horretarako guneak, baliabide tekniko edo materialak jarriko ditu eta campus bakoitzean jarduera-ardatz horien arduradunak izendatuko ditu.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, kontu-sail bat esleituko du urtero aurrekontuan unibertsitateetako campusetan jarduera horiek garatzen laguntzeko. Bestalde, laguntza teknikoa ere eskainiko du ekimen horiek gauzatzeko, eta esparru honetan esperientzia duten gizarte-erakundeen laguntza ere antolatuko du.
Eusko Jaurlaritzak eta hiru unibertsitateek lanerako plan hau koordinatuko duen eta horren jarraipena egingo duen batzorde bat eratuko dute jarduera horiek kudeatzeko, eta batzorde hori Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak koordinatuko du. 

Gainera, eta konpromiso partekatu horren baitan, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eta Gogorak unibertsitate bakoitzeko sail espezifikoen, zentroen, institutuen edo katedren laguntzaz txostenak, azterlanak edo ikerketa espezifikoak egitea bideratu ahal izango dute.

Hiru unibertsitateek eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu duten konpromiso honek bi helburu ditu. Lehenik eta behin, giza eskubideak sustatzeko eta aldezteko lana unibertsitateekin partekatzea. Bigarrenez, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan inplikazio pertsonala eta erantzukizun soziala sustatuko duten programak eta ekimenak bultzatzea unibertsitatearen esparru estrategikoan. 

Aurrekariak

2013ko ekainaren 19an 2013-2016 aldirako Bake eta Bizikidetza Planaren Proposamena aurkeztu zien lehendakariak hiru unibertsitateetako errektoreei. Planeko aurreikuspenetako batean, 11. ekimenean, proposatzen zen bakea sendotzeko eta gizartea elkartzeko prozesuari ekarpen partekatua egitea eta, horretarako, bizikidetzako erronka edo arazoetakoren bati heltzeko proiektu bat lantzea urtean.

2014ko urtarrilaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, UPV/EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen arteko Oinarrizko Hitzarmena izenpetu zuten 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planari euskal unibertsitateek egin diezaioketen ekarpen partekatua diseinatu, garatu eta gauzatzeko.

Hitzarmen haren emaitza gisa hiru unibertsitateek, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak koordinatuta, proiektu partekatu bat garatu zuten urtero:

  • 2014an espetxe-politikari buruzko txosten bat egin zuten, eta dekalogo bat prestatu zuten giza eskubideekin lotuta;
  • 2015ean unibertsitatearen esparruko bakegintzarako eta bizikidetzarako heziketari heldu zioten "Ahotsak" proiektuaren bidez, zinema erabiltzen duena baliabide pedagogiko moduan.
  • 2016n herritarren bizikidetza eraikitzen parte hartzeko erremintak prestatu zituzten, Las huellas perdidas dokumental-sortan oinarrituta.

2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planaren kanpoko ebaluazio-txosteneko zazpigarren gomendio espezifikoa izan zen jarraitzea unibertsitateek Eusko Jaurlaritzaren bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko politiketan parte hartzea bultzatzen, eta parte-hartze hori areagotzen.

Bestalde, Euskadiko terrorismoaz eta giza eskubideen urraketaz unibertsitarioek zer dakiten eta zer arrazoibide duten aztertzeko Eusko Jaurlaritzak eskatuta egin zen eta joan den irailaren 1ean aurkeztu zen azterlanaren ondorioetan azpimarratzen da garrantzizkoa dela benetan aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzaren eta hiru unibertsitateen artean egindako lanei jarraipena ematea.