euskaraespañol

UPV/EHUk Honoris Causa doktore izendatu ditu Albert Fert fisikaria eta Manuel Yáñez kimikaria

Fert Nobel saridunak adierazi duenez, "zientzialarien lanaren alderdirik gozagarriena da ideia hutsak bihurtzea jende askori erabilgarri izango zaizkion berrikuntza teknologiko"

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/27

Irudia
Pedro Iriondo, Manuel Yáñez, Nekane Balluerka, Albert Fert, Julián González eta Jesús Ugalde

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Albert Fert, Fisikako Nobel sariduna, eta Manuel Yáñez, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Kimika Fisikoko katedraduna Honoris Causa doktore izendatzeko ekitaldia egin du gaur, urriak 27 (ostirala), Donostiako Miramar Jauregian. UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka izan da ekitaldiko burua, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte ere bertan izan da.

Ferten izendapena Materialen Fisika Sailak sustatu du, eta Yáñezena, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Sailak. Albert Fert irakaslearen izendapena, Julián González EPV/EHUko katedraduna aitabitxi izan duena, aparteko ikerketa lana kudeaketa zientifikoko lan berdingabearekin uztartzeko erakutsi duen gaitasunagatik proposatua izan da. Eta Manuel Yáñezen izendapena, Jesus Ugalde UPV/EHUko katedraduna aitabitxi izan duena, egin duen ibilbide akademiko eta ikerketa ibilbide bikainagatik proposatu dute.

Errektoreak Honoris Causa doktore izendatzeko akta sinatu ondoren, Albert Fert eta Manuel Yáñez irakasleek, ohiturari jarraituz, zuhaitz bana landatu dute Gipuzkoako Campuseko Honoris Causa doktoreen gunean. Oraingoan, Fertek pinu bat aukeratu du eta Yáñezek, haritz bat. Gero, errektoreak titulua eta erramu birreta eman dizkie Miramar Jauregian ospatutako ekitaldi nagusian.

Bere mintzaldian UPV/EHUko errektoreak ezagutzaren balio sakona nabarmendu du: "Teknologia berrietan eskuratutako ezagutza ezartzea baliotsua da gizartearentzat, baita ezagutza horrek gizadiaren ondare kulturala zabaltzea ere. Hala ere, edozein ezagutza berriren benetako ekarpena da mundua ulertzen laguntzea. Unibertsoa ulertzen laguntzen digu. Eta gizadia bera ulertzen laguntzen digu, geure burua ulertzen laguntzen digu".

Albert Fert

Julián González katedraduna izan da Albert Ferten laudatioa egin duena. "Erreferentziazko zientzialari bat da nanoelektronikaren eta nanomagnetismoaren egungo garapenari dagokionez", nabarmendu du, baita "Nobel Saria irabazten duen pertsona batek bikaintasuna" lortu duela azpimarratu ere.

Hain zuzen ere, Suediako Zientzia Akademiak Fisikako Nobel Saria eman zien 2007an Albert Fert eta Peter Grünberg irakasleei, magnetoerresistentzia erraldoiaren efektua (GMR) aurkitzeagatik. Aurkikuntza hori benetako iraultza izan zen, ez bakarrik zientifikoa, baita gizarte mailakoa ere, horren harira sortu baitziren biltegiratze digitalerako egungo gailuak (DVD, CD-ROM…), zinta sistemak bigarren maila batean utzita (kaseteak, bideo zintak eta abar). Gonzálezek UPV/EHUn bere arloko zientzialarien erreferentzia izatea ere azpimarratu zuen. Erreferentzia da honengatik: "Nazioarteko zientzia komunitateko kide garrantzitsuenetako bat da, primeran jakin duena Fisikaren aurrerabidearen eta hedapenaren lider izaten, eta bereziki, nanomagnetismoarena".

Bere hitzaldian, Albert Fertek hau nabarmendu du zientzialarien eginbeharraz: "Niretzat alderdirik gozagarriena jakintzaren munduan bide berriak irekitzea da, ideia hutsak eraldatzea eta benetako gertakari esperimental bilakatzea, eta are gehiago, jende askori erabilgarri izango zaizkion benetako aplikazio eta berrikuntza teknologiko. Baina, bestalde, ikertzaileok asko maite dugu zientziaren edertasuna eta gure lanaren atsegina beste pertsona batzuekin partekatzea, zientzialariak izan ala ez". Eta horregatik, bere mintzaldian sakonago azaldu nahi izan du "zerk txunditzen nauen nire fisikari lanaz, zein den pixkanaka-pixkanaka, eta ezustekotik ezustekora, abstrakzio huts direnak mundu guztiak erabiliko dituen gailu, ordenagailu eta telefono bilakatzen dituzten esplorazioek ematen didaten atsegina".

Manuel Yáñez

Manuel Yáñezen laudatioa Jesus Ugalde katedradunak egin du eta, honen esanetan, "inolako zalantzarik gabe, nazioartean aitortza eta ospe handiena duen espainiar kimikari teoriko konputazionala". "Gutxik bezala asmatu du mundu molekular azpimikroskopikoko istorio liluragarriak irakurtzen eta kontatzen. Egitura molekularra lotura kimikoen arabera deskribatzearekin erlazioa duten istorioak, eta hortik eratorritako erreaktibitatea aurreikustearekin erlazioa dutenak", jarraitu du Ugaldek. Bere ekarpenen artean hauek azpimarratu ditu Ugaldek: lotura kimiko berrien ezaugarritzea; esaterako, berilio loturak, dagoeneko lotura kimiko berrien multzoan sartu direnak, eta planeta sistema molekularren existentzia berretsi izana, non ioia base kimiko baten inguruan ari den orbitatzen, satelite bat bere planetaren inguruan bezalaxe.

Manuel Yáñez Honoris Causa doktore berriak bere hitzaldian oinarrizko zientziaren balioa aldarrikatu zuen. "Oso teknifikatua dagoen munduan bizi gara, non praktikotasuna den jainkosa handiena. Hala izanda, politikariek erabateko begirunea erakusten diote beti, eta, horrenbestez, zientzia aplikatua eta hura besterik ez dute bultzatzen. Baina ez gaitezen engaina, oinarrizko zientziarik gabe ez dago aplikatzeko moduko zientziarik". Eta adibide hau eman zuen: "1960. urtean lehenengo laserraren sortzaileei norbaitek galdetu izan balie haien aurkikuntzaren baliagarritasunaz, ziur nagoela hauxe esango zuketela: "Erakusten du argiaren igorpen estimulatua posible dela". Alabaina, ez ziren gai izango laserrek zientziaren, medikuntzaren, teknologiaren, komunikazioen edo merkataritzaren askotariko arloetan gaur egun dituzten aplikazio praktiko guztien milaren bat ere aurreikusteko". "Horregatik guztiagatik, gaur egun gure herrialdean zientzian (eta bereziki oinarrizko zientzian) egiten diren inbertsioek jasandako murrizketa drastikoa ikusita, Pedro Miguel Etxenikeren jakinduriara jo beharko dut berriz ere, eta politikarien aurrean argi eta garbi errepikatu hark Zientzia Akademian esandakoa: "Nazioen aberastasuna geroz eta gehiago izango da oinarrizko ezagutzen araberakoa", erantsi zuen, emaitza moduan.

Ibilbide profesionalak

Albert Fert (Carcassone, Frantzia, 1938), Peter Grünberg-ekin batera Fisikako Nobel Saria irabazi zuten 2007an. Parisko École Normale Supérieuren egin zituen gradu ikasketak eta doktoregoa Parisko Unibertsitatean, 1970ean, eta azken horretako Fisika irakaslea izan zen 1976tik aurrera. Gaur egun, CNRS erakundearen eta Thales Group enpresaren baterako laborategiko zuzendari zientifikoa da, Paris-Sud Unibertsitateko irakasle emeritua eta Frantziako Zientzia Akademiako kidea. Fert irakasleak fisika kondentsatuaren arloan egin ditu bere ikerketa esperimentalak eta teorikoak (solidoen ezaugarri elektroniko eta magnetikoak, espintronika). Magneto-erresistentzia erraldoiaren aurkitzaileetako bat izan zen 1988. urtean; disko gogorretan aplikatzeagatik aski ezaguna den fenomeno bat, haien biltegiratze gaitasuna nabarmen areagotzen duena. Aurkikuntza horrek beste ikerketa ildo garrantzitsu baten garapena ekarri zuen, espintronika, zeina elektroien espina baliatzen duen elektronika mota berri gisa definitu izan den. Fert irakasleak eta bere taldeak ekarpen handiak egin dizkiote espintronikaren garapenari, bereziki espin garraioaren (Valet-Fert modeloa) teoriari buruzko lanen eta honakoekin loturiko esperimentuen bidez: espinen mendeko tunelizazioa, mikrouhin sorkuntza espin transferentzia bidez, Spin Hall efektua, espin garraioa karbonoan oinarrituriko eroaleetan. Irakaslearen lanik berrienak isolatzaile topologikoekin (Alderantzizko Edelstein Efektuaren aurkikuntza) eta skyrmion deiturikoekin daude lotuta (bera izan zen skyrmionen arloan aitzindari, interfazeetan geraturiko espin kiralen interakzioei buruz eginiko iragarpenengatik).

Manuel Yáñez (Lugo, 1948) Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Kimika Saileko katedraduna da. Kimikan lizentziatu zen Santiagoko Unibertsitatean, 1970ean, Karrera Amaierako Sari Nazionala jasota. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin zuen doktoregoa eta Aparteko Saria jaso zuen 1973an. Gero, doktorego ondokoa egin zuen J.A. Pople-rekin Carnegie-Mellon Unibertsitatean, 1974tik 1976ra. Ikerketako hainbat sari irabazi ditu; besteak beste, FUAM saria 1993an, Kimika Fisikoko RSEQren saria 2001ean, eta Francés Betancourt-Perronet saria, 2003an. 2015. urtetik RACko urgazlea da. RSEQren Anales de Química aldizkariko editore izan zen. Gaur egun, Computational and Theoretical Chemistry aldizkariko editore da. Kimika Teoriko eta Konputazionaleko unibertsitate arteko doktoregoaren sustatzaile izen zen Kalitatezko Aipamenarekin, baita bederatzi herrialdetako 13 unibertsitateren (horietariko bat, UPV/EHU) eta akademiaren sektoretik kanpoko beste hainbat enpresaren parte hartzea duen Theoretical Chemistry and Computational Modelling (TCCM) Europako Masterraren eta Doktoregoaren sustatzaile ere. Guztira 470 artikulu zientifiko baino gehiago eta liburuetako hainbat kapitulu idatzi ditu. Espainiako ordezkaria da World Association of Theoretical and Computational Chemists elkartean eta European Division of Computational Chemistry delakoan, zeinetan lehendakariorde ere izan zen. Hainbat kongresu eta lantegi antolatu ditu, eta irakasle bisitari izan da Europako, Ameriketako eta Australiako unibertsitateetan.