euskaraespañol

EHUalumni: 5.500 pertsona baino gehiago gara

Hasi da Mentori programaren 2019ko edizioa, 35 Jakintza arloko bikotek hartuko dute parte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/12

Irudia

EHUalumnik UPV/EHUko ikasgeletan trebatutako 5.500 pertsona baino gehiago biltzen ditu jada bere sarean, eta esperientziak zein jakintzak trukatzen dituzte bertan. Duela hiru urte jarri zen abian ekimen hau, ikasle garaian hala unibertsitatearekin nola ikaskideekin eta esperientzia lagunekin sortutako loturak sustatzeko eta mantentzeko. Unibertsitate harremanak ikasgeletatik harago zabaltzeko, EHUalumnik programa batzuk jarri ditu abian; horien artean, Mentoring eta Cicerone izenekoak, bere estrategiaren ardatz direnak.

Hala, Mentoring programak UPV/EHUn titulua eskuratu berri duten pertsonak gidariekin jartzen ditu harremanetan, azken horiengandik, lan orientazioa ez ezik, informazioa eta aholkuak ere jaso ditzaten. Aurten, 2019an, 35 bikotek hartzen dute parte –hots, 2018ko edizioan baino hamar gehiagok– eta jakintza arlo guztietakoak dira (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Artea eta Giza Zientziak, eta Gizarte eta Lege Zientziak).

Programaren hirugarren edizioa gidari eta gidatuentzako prestakuntza saio batekin hasi da. Sei hilabetez, jakintzak, trebetasunak eta esperientziak partekatuko dituzte, Zaira Vicente gidariak eta Janire Malda gidatuak 2017ko esperientzia pilotuan egin zuten bezala. Geroztik, orotara 29 bikotek hartu dute parte.

Cicerone programaren kasuan, EHUalumni sarea bost kontinenteetan dago zabalduta, eta horren bidez tituludunek dauden herrialdeari, eremu geografikoari edo erakundeari buruzko esperientziaren berri ematen dute. Kanpo sare hori Japonian, Ekuatore Ginean, Alemanian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Australian dago, besteak beste.

EHUalumnin izena emanda dauden pertsonak, programa horietan ez ezik, sarearen Trebakuntza Eskolan ere sar daitezke. Horren bidez, gaitasun orokorrak eguneratzeko xedea duten berariazko ikastaro eta tailerrak antolatzen dira, hobeto laneratzen edo enpleguan hobetzen laguntzeko. 

Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Txelo Ruizek proiektuaren balioa nabarmendu du. “EHUalumnik hiru urte bete ditu eta milaka batzuk dira jada ekimenarekin bat egin duten gure unibertsitateko tituludunak. UPV/EHUn ikasle izandako pertsonek afektibitate loturak dituzte elkarrekiko zein ikasketak egindako unibertsitatearekiko, eta hori bizitza pertsonalean eta profesionalean aprobetxatu ahal eta behar dugun kapitala da: tituludun orok oso jakintza, esperientzia, harreman eta helburu baliotsuak ditu, eta gure unibertsitateko beste kide batzuekin parteka ditzake horiek. ehualumnik harreman horiek errazteko tresna izan nahi du, jakintza eta esperientzia kapital handi hori elkarren onerako aprobetxatu ahal izateko. Lan handia egin da hiru urte hauetan, bai, baina badakigu lan asko daukagula aurrean, eta ilusio handia ere bai”.

EHUalumniko kide dira, bere presidente Iñigo Lamarcarekin batera, Belén Frau, Gaizka Garitano, Almudena Cacho, Iraia Iturregi, Nélida Zaitegi, Iñaki López, Ostaiska Egia, Mikel Urdangarin, Fernando Baptista, Aitor Gorosabel, Xabi Bastida, Iñaki Zoilo, Maider Llaguno… Eta guztiak elkarrekin konektatuta daude, 

webaren bidez eta 

Facebook

Twitter eta 

Instagram sare sozialen bidez.