euskaraespañol

Juan Carlos Miguel de Bustos

Amazon, Google eta Facebook: kulturaren jabe berriak?

Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Publizitateko katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/20

Juan Carlos Miguel de Bustos
Juan Carlos Miguel de Bustos. Argazkia: Mikel Mtz, de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Hedabideen sektorea iraultza batean murgilduta dago eragile berrien sendotzea dela eta, adibidez, streaming plataformena (Netflix edo Spotify kasu), kontsumitzaileentzako negozio eredu erakargarriak osatzen baitituzte.

Hala, ohiko industrian nagusi izan diren hedabide konpainia handiek lehia egoera berrian aritzeko eta horri egokitzeko estrategiak aplikatzen ari dira. Horren adibide da, esaterako, Disneyk berriki sortu duen Disney+ plataforma.

 

GAFAMen hazteko modua

Ikus-entzunezko sektorean badago aisialdia, entretenimendua eta informazioa menderatzeko gudu berezi bat, eta talde teknologiko handiak (Internet menderatzen duten enpresak) gero eta gertuago daude komunikazioaren eta kulturaren negoziotik.

GAFAM izenez ezagutzen zaie –Googlek (Alphabet), Amazonek, Facebookek, Applek eta Microsoftek osatzen dituzten talde teknologikoak–, eta erritmo bizian hazten ari dira. Negozioak hazkunde bektore estrategikoetara bideratzen dituzte lotutako sozietateak garatzeko.

GAFAMak gure bizitza pertsonaletan eta profesionaletan sartu dira. Bakoitza dagokion merkatuko lider da (bilatzaileak, online denda, sare sozialak eta informatikako eta telefoniako hardwarea eta softwarea). Dena den, haien zabalkuntza arloak Interneti konektatuta dauden gure bizitzetako edozer eremutara iristen dira.

Laguntzaile birtualak, etxetresna elektrikoak, auto adimendunak eta bizi konstanteak monitorizatzeko aplikazioak datu masiboen iturri amaiezinak dira, hau da, enpresa horien DNArena. Horrek barnean hartzen ditu kultura eta sormen industriak.

 

Kultura zein albisteak

Gero eta handiagoa da GAFAMen presentzia hedabideetan. Musikaren, liburuen, bideoaren eta albisteen sektoreetatik hasi ziren. Gaur egun, bideo jokoen sektorean eta kirol eskubideen lehian ere jarduten dute.

Applek abiarazi zuen negozio ereduaren eraldaketa 2001ean, iTunes kaleratu eta abestiak banaka erosteko aukera eman zuenean. Gauza bera gertatu zen filmen eta telesailen kapituluen salmentarekin.

Handik urte batzuetara, streaming plataformek, Spotifyk eta Netflixek kasu, beste iraultza bat ekarri zuten. Horrekin bat egiten saiatu dira GAFAMak hainbat plataformen bitartez (Google Play Music, YouTube, Amazon Prime Music, Amazon Prime Video edo Facebooken LipSync).

Argitaletxeen sektoreari dagokionez, Google Booksen helburua izan zen liburutegi birtual handiena bihurtzea, baina industriek eta egileek aurka egin zioten. Amazonek, ordea, Kindle gailuaren bidez bideratu zuen liburu digitalen salmenta.

Gaur egun, GAFAMak informazioa zabaltzen zentratu dira.

- Zuzenean, albisteak eransteko zerbitzuen bidez jarduten dute, esaterako Google News, Facebook News edota Apple News.
- Zeharka, jarduera nagusiak erabiltzen dituzte. Googleko bilaketen portzentaje nabarmen baten emaitzak albisteak dira. Halaber, Facebook bidez erabiltzaileek argitaratutako albisteak iruzkintzen eta zuzentzen dira.

Hala, GAFAMak informazioaren bitartekari berriak dira. Jarduera horrek lotura estua du fake newsen arazoarekin eta informazioa kontsumitzeko modu berriekin.

 

Online bideo jokoen sektorea

Berriki GAFAMak bideo jokoetara zuzendu dira, gazte helduak erakartzen baitituzte eta ekonomikoki sektore hori zinemarenaren eta telebistarenaren baliokidea baita.

Facebook eta Microsoft gailendu dira batez ere alor horretan. Jokoak Facebookeko erabiltzaile esperientziaren parte dira, 800 milioi jokalari potentzialekin. Sare sozial horrek edukia sortzeko aukera ematen die Instant Gamesen bidez.

Amazonek lortu du merkatu horretan lider izatea Twitch erostean 2014an. Gainerakoek kuota irabaztea dute helburu hainbat plataformen bidez, hala nola Stream Project eta Stadia (Google), Project xCloud (Microsoft) edota Gaming (Facebook). Applek ez du plataforma propiorik, baina Apple Storeko diru sarreren zatirik handiena bideo jokoei zor die.

 

Interneteko telebista

Zuzeneko edukiei dagokienez, GAFAMak kirol ekitaldi handietan interesatu dira, ikus-entzule asko biltzen dituztelako, plataformak indartzeko eta online kontsumoa sustatzeko. Amazon, Facebook eta YouTube dagoeneko hasi dira beisbol, futbol edo borroka libreko lehiak ematen.

GAFAMek, merkatu ardatzetan (bideoan edo musikan) lider ez diren arren, tamaina handikoak izanik eta industria askotara iristen direnez, merkatuotan sar daitezke, liderren negozio ereduak kopiatu, eta plataforma zein eredu berriak eskaini ditzakete.

Bere presentzia oztopo da komunikazio talde tradizionalen garapenean. Horiek hazkunde eta hedapen estrategiak indartu dituzte, GAFAMekin lehiatzeko (2018an, Disney-k 21st Century Fox eskuratu zuen, eta AT&T-k Time Warner). Baina, GAFAMen hazkuntza potentziala are handiagoa da: infinitura arte haz daitezke, datu kopuru handia sortzen duten jardueren barnean betiere.

 

Inperio mugarik gabea?

GAFAMak mundu digitaleko berrikuntzaren heroi eta ordezkari izatetik bilau izatera igaro dira. Eta tratu horixe ematen zaie:

- Zelatatzen dituzte. Esaterako, algoritmoen etikaren arazoa dela eta.
- Eta isunak jartzen dizkiete. Esaterako, datuen tratamendua dela eta.
- Ordaintzen ez dituzten zergak ordaintzera behartzen dituzte.
- Beren enpresa jarduerak banantzea proposatzen da.
- Fake newsen eta burbuila iragazkiaren aurka egin behar dute.

GAFAMen arazo bereizgarria, batik bat, Googlen eta Facebooken kasuan, negozio ereduan datza. Publizitatean oinarrituta dago, eta datuak lortu behar dituzte, iragarleei saltzeko.

GAFAMak urrunegi joan dira. Tristan Harris Googleren langile ohiak gogora dakar Edward O. Wilson biologo estatubatuarra. Horren hitzetan, gure emozioak paleolitokoak dira, erakundeak Erdi Arokoak, eta teknologia zerutiarra.

Balekotzat eman dugu teknologiako enpresa handiak izatea berrikuntzaz arduratzen direnak jarduera guztietan, komunikazioa, kultura eta entretenimendua barne. Berrikuntza horren lehen helburua enpreson interesentzako baliagarria izatea da.

Horren ordez, aukera bakarra da berrikuntza orok gogoeta izatea oinarrian, ez soilik ekonomikoan eta lehian izan dezakeen inpaktuari buruz, baizik baita gizartean zein banakoan izan dezakeen eraginari buruz ere.

Estrategia aldaketa horrekin soilik lortu ahalko dugu komunikazioa, entretenimendua eta albisteak enpresa gutxi batzuen esku ez geratzea. Izan ere, estatuen kontrol ahalmenetik kanpo geratzeko asmoa izan dezakete. Horren adibide dira Facebook eta bere moneta.

The Conversation